Martxelo Sotes: "Umoretsu jaikitzen naiz beti"

Martxelo Sotes: "Umoretsu jaikitzen naiz beti" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxelo-sotes-quotumoretsu-jaikitzen-naiz-betiquot/@@download/image/30p52-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Martxelo Sotes: "Umoretsu jaikitzen naiz beti"
Iruinsemea. 28 urte. "Sorginen Laratza" saioko kidea, San Fermin ikastolako ikasle ohia eta historia irakaslea. 13 urte zituenetik, "Duguna" dantza taldeko partaidea. Sanferminetarako, "Riau-Riau-en, politikariak isiltzea eta ekitaldia peñen esku geratzea" nahi luke.

Arrunt laket dut: Lagunen artean ibiltzea. Parrandazalea izan arren, tarteka etxean geratzea ere gogoko dut.

Ez dut parean ikusi nahi: Umore txarra, errezeloa, marmarka eta txutxumutxuka ibiltzea.


Lasaigarria zait: Etxera iritsi, zapatilak jantzi eta sofan esertzea.

Sutan jartzen nau: Harrokeriak.


Gustura irakurri nuen: George Steer-en "Gernikako arbola". Baita Josean Sagastizabalen "Kutxidazu bidea Ixabel" ere.

Lo seko geratu nintzen irakurriz: Begirune handia diot, baina Umberto Eco-ren "El pendulo de Foucalt" ez nuen bukatu.


Bertutea: Umoretsu jaikitzen naiz, baita astelehenetan ere.

Akatsa: Despistatua, ahazkorra, ez naiz batere puntuala…


Ametsa: Oso ameslaria naiz. Independentziarekin eta bakearekin amets egiten dut.

Amesgaiztoa: Dentista. Hortz gehiegi kendu dizkidate. Txikitan ortodontziarekin asko sufritu nuen.


Barre algara eragiten dit: Antzezlan edota film on batek. Woody Allen-ek, Anjel Alkain aktoreak edota "Les Luthiers" antzerki taldeak.

Negargura ez dut urruti: Ez naiz oso sentibera. Ez da ohikoa, baina duela gutxi "Lugares comunes" filmarekin, malkoak isuri nituen.  


"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Oso gutxitan jo dute atea. Maitasun kontuetan, oso lotsatia naiz, berehala gorritzen naiz.

"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Ezezko gutxi jaso ditut.


Urrea: Nafarroan hain urri ditugun euskaltzaleei. Esaterako, hil berri diren Jimeno Juriori eta Satrustegiri.

Ikatza: Nafarroako Gobernu osoari.


Osasunak Lehen Mailari eutsiz gero… Ez dut oso gustuko futbola, baina bai, Osasuna. Beraz, bufanda jarri eta oihu batzuk botatzeko prest nago.

Miguel Sanzek hauteskundeak gehiengo osoz irabaziko balitu... Bizitzen jarraitu beharko litzateke. Hala ere, beldur naiz ez ote duen lortuko…


Non zinen iazko txupinazo egunean? Iruñean, zapia eskutan eta dar-dar batean.

Eta "Pobre de mi-n"? Ez dut batere atsegin. Triste samarra baita...


Hatzak miazkatzen ditut: Txipiroiak tintan janez. Gainera, beti zikintzen naiz.

Gogoko ez dudan jakia: Tripakiak. Ez naiz oso nafarra, zentzu horretan.


Dirua ordainduko nuke: Dirua gastatzeko da. Bidaiatzea gustuko dut, aukera askorik ez dudan arren.
Ez nioke xentimorik ere emango: Printzipioz, beharrik ez duenari.