McOnak: "Txikitatik itsasoarekin izan dugun harremana azaleratzen da gure ibilbidean"

McOnak: "Txikitatik itsasoarekin izan dugun harremana azaleratzen da gure ibilbidean" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mconak-txikitatik-itsasoarekin-izan--dugun-harremana-azaleratzen-da-gure-ibilbidean/@@download/image/mconak_02_1396520265.jpg
2014/04/07
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
McOnak: "Txikitatik itsasoarekin izan  dugun harremana azaleratzen da gure ibilbidean"
2011n jarri zuten Joseba Iturraspek eta Kemen Atxurrak McOnak taldearen
lehen hazia. Hiru urteko ibilbidean ‘McEta’ (2012) eta ‘Piraten Matxinada’ (2013)
bildumak kaleratu ondotik, bira luzea prestatzen ari dira orain.


Estilo anitz uztartzen dituzue, baina folk-rockean mugitzen zarete hobekien. Zein dira zuen eragin nagusiak?
Gure musika folk-rock zeltiar gisa definitu daitekeen arren, country, punk eta pop ukituak ere baditugu. Euskal taldeen artean Hertzainak izan da eragin nagusia, eta nazioartean, aldiz, Dropkick Murphis, Flogging Molly eta Social Distortion, besteren artean. Filosofia aldetik, folkak eragin digu bereziki, herritik herriarentzako egindako musikak, alegia.

Testuinguru honetan, bi lan argitaratu dituzue, 2012an lehendabizikoa.

McEta baliabide gutxirekin egin genuen estudioko lehen esperientzia izan zen, eta sekulako harrera izan zuen. Abestien freskotasunak soinu eta ejekuzio aldetik aurkitu daitezkeen akatsak gainditzen zituen.

2013an estudioetara itzuli zineten lehendabiziko lan luzea grabatzera...

Piraten Matxinada diskoa estudio profesional batean grabatu genuen, nahasketak Haritz Harreguyk egin zituen eta diskoa Madrilen masterizatu genuen. Abestiek zuzenak izaten jarraitzen dute, baina produkzio lan handiagoa izan dute eta ahotsak, letrak, armoniak, kolaborazioak eta diseinua bera ere, biribilagoak dira.

Diseinua aipatzen duzula, zenbaterainoko garrantzia du euskarri fisikoak zuentzat?
Disko baten abestiak entzuteaz gain ukimena eta ikusmena ere erabiltzen ditugu taldea ezagutzeko. Beraz, gure nortasuna diseinuan islatzen saiatu gara Maitane Mazmela diseinatzailearen lanaren bidez.

Eta zer da zehazki islatu nahi zenutena?

Old school estiloan oinarritu gara, eta azaleko garezurrak eta itsas motiboek kresalez bustitako taldearen errebeldia adierazten dute. Gainera, diskoa eskuartean hartu eta kartoi latza ukitzean gordintasuna nabari da, pergamino bat bailitzan. Diskoa doan deskargatzeko aukera eman dugu, baina eroslea nolabait saritu beharra dagoela uste dugu. Beraz, diseinu erakargarria egiten saiatu gara.

Hitzetan kritika sakona egiten duzue.
Musika, melodiaz aparte, gauzak kontatzeko, salatzeko eta aldatzeko sekulako baliabidea da, eta guk betidanik argi izan dugu bizi dugun errealiate sozioekonomikoa salatu eta aldatzen laguntzeko bozgorailutxoa izan behar zuela taldeak. 

Baina kritikaz gain, autokritikak ere tartea du zuenean…

Noski, gu ez gara libratzen! Esaten dugunarekin kontsekuente izaten saiatzen gara, eta entzuleen kontzientziak astintzen dihardugu. Dena den, ez gara ezeren erreferente eta eredu sentitzen.

Bestetik, gaiei dagokienez, piratez aparte marinel zaharren eta tabernako mozkorren inguruan aritzen zarete. Zenbaterainoko eragina du kostaldekoak izateak?
Txikitatik itsasoarekin izan dugun harremana azaleratzen da gure ibilbidean. Taldekide batzuk arrantzaleen semeak gara, eta harrotasunez daramagu, hortaz, Lekeitio garai batean izan zen herri arrantzalearen nostalgia eta erromantizismoa azaleratzen dute gure hitzek. Bestetik, marinelek itsasotik bueltan sekulako parrandak egiten zituzten herrian, asteko edozein egunetan. Azken finean, arrantzaleen pozean eta marinel bakartien azalean jartzen gara.

Norabidez aldatuta, aurtengo Kalera Rock jaialdiaren kanta egin zenuten. Nolakoa izan zen esperientzia?
Gu bezalako talde txiki batentzat sekulako aukera izan zen. Pozik ginen, baina erantzukizun handia genuen. Azkenean, dena ongi atera zen eta Kalera Rock jaialdiari esker jende askok ezagutu gaitu. Oroitzapen polita gordetzen dugu.

Zuzenekoetan ikusi zaituztegu azken urtean, baina, estudiora itzultzeko asmorik baduzue?
2014an kontzertuak soilik ematea aurreikusten dugu, zuzeneko indartsu bat eskaintzeko prestatzen ari gara orain.

Eta Euskal Herritik kanpo egingo duzue birarik?

Gure abestiak Sarean eskuragarri izateak atzerrian ate asko zabaldu dizkigu. Galizia, Alemania eta Madrildik eskaintzak jaso ditugu, baina, momentuz, kontzertu zehatzik ez dugu itxi ahal izan. Hala ere, gogotsu gaude, kanpoan jotzeak euskaldun harrotasuna munduan zehar zabaltzeko aukera emango baitigu.

Aurrerantzean zein da zuen erronka nagusia?

Momentuz, zuzenekoetan egurra ematea eta Euskal Herriko plazak dantzan jartzea! Kar, kar!