Mikel Ibargoien: "Emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan"

Mikel Ibargoien: "Emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-ibargoien-emakumezkoak-beti-geratu-ohi-dira-bigarren-planoan/@@download/image/mikel_ona_1415103327.jpg
2014/11/05
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB / Argazkiak: Infozazpi @kirol_leihoaMI
Mikel Ibargoien: "Emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan"
Kazetaritza ikasketak amaitu zituenetik, hiru urtez aritu da MIkel Ibargoien (Urnieta, 1989) ETBko kirol sailean lan egiten. Aurten, aldiz, irratian estreinatu da, Infozazpi irratiko 'Kirol Leihoa' saioan. Kirolari nesken erakusleiho izateko asmoz sortu dute,  eta astelehenero entzun daiteke, 14:05etatik 15:00etara, Infozazpin.


Zer moduz joan dira lehendabiziko lau saioak?

Oso ondo! Momentuz gustura gaude lorturiko emaitzekin. Euskal Herriko emakume kirolariei lekua egitea zen saioaren helburu nagusia, eta lortzen ari gara. Euskal Herrian emakume kirolari mordoa dugu, eta horietatik asko maila oso altukoak, gainera. Hortaz, merezi zuten eurentzat saio bat izatea!

Telebistan lanean aritu zara orain arte, eta irratsaio bat zuzentzen duzun lehen aldia duzu hau. Nola moldatzen zara?

Egia esan, lan ikaragarria eskatzen du mota honetako saio bat bakarrik aurrera ateratzeak. Lehenik eta behin, saioan nagusituko diren talde eta kirolariekin, kronikak eta elkarrizketak egin ahal izateko, harreman sarea osatu beharra dago.
Eta gero, noski, asteburu bakoitzean gaiak erabaki, kronikak prestatu eta elkarrizketak egin eta editatu egin behar dira, ondoren saioan entzun ahal izateko. Guztira, 15 albiste inguru egiten ditugu saio bakoitzean, eta horietatik 10-12tan kirolarien korteak doaz. Horrek esan nahi du 10-12 elkarrizketa labur egin eta editatu behar ditudala. Eta, horretaz gain zuzenean buruturiko elkarrizketa labur eta luzeak daude.

Eroso sentitzen zara euskarri honetan?
Banekien erronka handia izango zela baina askotan esan ohi den bezala, gustuko lekuan aldaparik ez. Gustura nabil eta eskerrak eman nahi dizkiet laguntzen didaten talde eta kirolari guztiei. Momentuz laguntzeko prestutasun ikaragarria erakutsi didate, eta hala izango ez balitz, saioa aurrera ateratzea ezinezkoa litzaidake.

Zein da zure saioaren egitura?

Alde batetik, asteburu bakoitzean jokatzen diren partida eta lehiaketa desberdinen kronikak egiten ditut. Kronika horietan kirolarien adierazpenak ere txertatzen ditugu. Izan ere, eurek dira benetako protagonistak eta eurei ahotsa ematea interesatzen zaigu. Bestetik, astero kirolari bat elkarrizketatzen dut sakonean.

Baina, noiz eta nola jaiotzen da 'Kirol Leihoa' programa egiteko ideia?

Orain arte kirol kazetari moduan aritu izan naiz lanean, baina, oro har, gizonezkoen gaineko albisteak landu ditut. Kasu bakan batzuetan emakumeen gaineko gaiak lantzeko aukera izan nuen eta orduan hasi nintzen konturatzen zer nolako maila eta meritua zuten. Haiei eskainitako arreta, ordea, oso txikia zela jabetu nintzen eta horrekin apurtuko zuen proiektu bat martxan jartzeko ideia otu zitzaidan. Aspalditik nuen buruan bueltaka, eta Infozazpiri proposamena luzatu nion, oso interesgarria iruditu zitzaien eta martxan jarri dugu aurten.

Nola baloratzen dituzu zuk hedabideek emakume kirolarien inguruko gaiak jorratzeko dituzten irizpideak?
Lorpen handiren bat eskuratutakoan soilik agertzen dira emakumeak hedabideetan, baina egunerekoan oso jarraipen urria egiten zaie. Duela urtebete inguru Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak azterketa bat egin zuen horren harira, eta datuak guztiz ziren argigarriak: 100 kirol albistetik 5,89k aipatzen zuten emakumeen jarduna. Gara zen tarte handiena eskaitzen zien egunkaria %11,5ekin, eta, gutxien, aldiz Marcak %2,9rekin. Egia da lagina astebetekoa bakarrik izan zela baina ez dut uste portzentaiak asko aldatuko zirenik lagina handiaga izan balitz. Orduz geroztik ere ez dut aldaketa esanguratsurik somatu.

Euskal kazetaritzak ere hutsune berdinak dituela erranen zenuke?
Pixkanaka emakumeen presentzia handitzen ari den arren, oso garapen geldoa da eta emakumezkoak beti geratu ohi dira bigarren planoan. Hots, gizonezkoak lehenesten dira beti. Horregatik, ezinbestekoa da hedabideetan haien presentzia handitzea. Modu horretan, pixkanaka gure mentalitatea aldatuko litzateke, eta neurri berean, emakume kirolariekiko interesa handitzen joango da jendearengan…

Zuenean goi-mailako emakumeen inguruko gaiak landuko dituzue bakarrik. Hasten diren ekimen eta talde berrien inguruko gaiak kanpoan geldituko dira?

Saioak 55 minutu irauten ditu eta ezinezkoa da mundu guztiarengana iristea. Gauzak horrela, albistegiaren zatian goi-mailan dabiltzan emakumeak lehenetsiko ditugu baina horrek ez du esan nahi maila profesionalean ez dabiltzan emakumeak interesatzen ez zaizkigunik.

Goi-mailakoak ez diren istorioak orduan, ez dituzue erabat baztertzen...
Emakume askok sekulako esfortzua egin behar izaten dute kirola praktikatutzeko, nahiz eta maila gorenean ez izan. Horretaz gain, badira interesatzen zaizkigun istorio interesgarri gehiago ere, eta horrekin lotuta, azalpen bereziak dituzten emakumeak ezagutzen dituen orori guri horiek helaraztea eskertuko genioke, Twitter bitartez.

Bide batez, erreza zaizu elkarrizketatuak topatzea?
Momentuz ez dut zailtasunik izan eta espero dut aurrerantzean ere berdin jarraitzea. Istorio interesgarriak dituzten emakume pila dago.

Entzuleen aldetik zein erantzun izan duzu, orain arte?

Oraingoz dut datu fidagarririk. Sare sozialetan geroz eta mugimendu handiagoa sumatzen dugu baina oraindik ez zait iruditzen jende gehiegik entzuten duenik. Hiru aste besterik ez dira pasa saioa martxan jarri genuenetik, eta oraindik jende askok saioaren berri ere ez du izango, seguruenik.

Busti zaitez, zein izan da gehien gustatu zaizun elkarrizketa?
Normalean bustitzen naiz, baina kasu honetan ez da erraza. Izan ere, momentuz buruturiko 4  elkarrizketa luzeak zein baino zein interesgarriagoak izan dira. Idoia Etxeberriak harriaren mundua gerturatu zigun, Mireia Epelderekin bere txirrindulari ibilbidea errepasatu genuen, Leticia Canalesekin lesioaz, ametsez eta surfaren munduaz luze eta zabal hitz egin genuen, eta azkenik, Nerea Martinezek ultra trailen sekretuak kontatu dizkigu aste honetan.

Datorren astean nor egongo den aurreratzerik baduzu?
Ia seguru Eleña Loyo atleta elkarrizketatuko dudala baina oraindik ez dut guztiz itxi. 2005ean Miss Araba izan zen, eta, orain goi mailan dabil atletismoan. Istorio berezi eta interesgarria! Hala ere, datorren astean ondorengoetan bezala, oso elkarrizketa interesgarriak izango ditugu, eta zeintzuk izango diren jakin nahi duen orok Infozazpi piztu beharko du eguerdiko 14:05etatik aurrera.