Naiara Sampedro: "Gazte lokalak klandestinitatetik atera behar ditugu"

Naiara Sampedro: "Gazte lokalak klandestinitatetik atera behar ditugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/naiara-sampedro-gazte-lokalak-klandestinitatetik-atera-behar-ditugu/@@download/image/naiara_sanpedro_1364294171.jpg
2013/03/26
elkarrizketa
Naiara Sampedro: "Gazte lokalak klandestinitatetik atera behar ditugu"
Naiara Sampedro (Donostia, 1984) Donostiako Berdintasun, Migrazio eta Gazteria zinegotziak aste honetan aurkeztuko du 2013-2015 Haur eta Gazteria Plana Donostiako Udalean, eta ondoren Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dute. Plan horren baitan kokatzen da, hain zuzen, Antiguan atontzen ari diren Gaztegunea; egitasmoaren nondik norakoak azaldu dizkigu Sampedrok.


Zeintzuk dira planaren oinarri nagusiak?

Lau ideiaren baitan ondu dugu. Batetik, orain arte Donostiak izan duen filosofia hezitzailearekin jarraitzeko asmoa dugu. Bigarrenik, gazteriari koherentzia emateko helburuz, 0tik 30 urtera bitarte zabaldu dugu politika hauen hartzaileen adin tartea —orain arte 6-30 urte bitartekoa zen—. Hirugarrenik, haur eta gazteria zeharlerro gisa hartuko ditugu kontutan, gainerako gai eta sailetan egiten den moduan. Eta azkenik, parte hartzea sustatuko dugu.

Eta zeintzuk dira planaren indarguneak?

Uste dugu orain arte bereziki aisialdira bideratu direla Udaleko gazte politikak, eta plan honen bitartez beste balio batzuk ere atxiki nahi ditugu; ez soilik zerbitzuak, baita autonomia eta baloreak ere. Bi urtetako plana da, orain arte egindakoak baino laburragoa, baina errealak izan nahi dugu, eta argi dugu bi urte barru hauteskundeak izango ditugula eta balitekeela gure legealdia amaitzea. Beraz, planean agertzen dena bete nahi dugu, eta ez sekulako proiektua egin eta horren %30 soilik konplitu.

Eta nola lortuko duzue hori? Zein politika gauzatuko dituzue?

Hasiera batean, gure eskura ditugun udal ekipamenduak, hala nola, haurtxokoak eta gaztelekuak, auzoen gehiagora zabaldu nahi ditugu —uneotan zortzi auzotan daude—. Gainera, esfortzu berezia egingo dugu 0-5 urte arteko eta 18 urtetik gorako haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuetan. Bestetik, gazte informazio zerbitzua aipatu beharra dago, izan ere, urte askoan lan handia egin duen arren, berritzeko garaia heldu zaio. Horretarako, sare sozialetan lekua egiten ahaleginduko gara, horiek baitira gazteek erabiltzen dituzten tresnak, eta gainera banan-banako arreta zerbitzuak eskainiko ditugu. Hau da, gazteek zita bat eskatzeko eta informazio pertsonalizatuagoa jasotzeko aukera izango dute. Hala, kalitate handiagoko zerbitzuak eskainiko zaizkie eta banan-banan egindako lanketa horrek ere gerora jarraipena egiten lagunduko digu.

Non eta nola eskatuko dute zita gazteek?

Gazteria Sailera hots egin ahal izango dute, eta bere interesen araberako informazioa emango diete teknikariek.

Aipatu duzu 0-5 eta 18-30 urte bitarteko tarteetan esfortzu berezia egingo duzuela. Hutsunea nabaritu duzuen seinale.

Bai, orain arte 0-5 tartea ez delako inolaz ere kontutan hartu, eta beharra badago. 18 urtez gorakoei zuzendutako eskaintzari dagokionez, bestetik, uneotan hainbat baliabideak ditugu: batetik Kontadores dugu, 18 urte gorakoei zuzendutako Udal Ekipamendu Sarearen baitako zerbitzu bakarra. Lehiaketa publiko bidez enpresa pribatu batek eskuratu zuen beronen kudeaketa ahalmena, eta nahiko independentea da alde horretatik. Bestetik Mogambo dugu, musika alorrera mugatzen den gunea. Eta azkenik Guardetxea: bere garaian elkarte bati lagapen bat egin zitzaion eta honek bere egitaraua erabat independeki gauzatzen du. Honenbestez, egoera zein zen ikusirik, iaz Gaztegunea sortzeko lanetan hasi ginen gazteekin batera; orain arteko politikekin hautsi, eta gazteek gidatutako eta udalak lagundutako proiektua da.

Udalaren partetik ikuspegi erabat berritzailea litzateke hori, ezta?
Bai, berritzailea eta zaila. Oraingoz lehen fasea amaitu dugu, elkar ezagutza aldia. Instituzio bat zer den, ze muga izan ditzakeen, ze prozedura administratibo bete behar dituen, lagapena nola egin, proiektuak nola bideratu… azaldu diegu gazteei, eta gazteek beren beharrak helarazi dizkigute. Guzti horri koordinazio bat eman diogu lehen fasean, eta proiektuaren ibilbidea adostu dugu. Eta hala bigarren etapara heldu gara: egitasmoa publiko egin dugu, adostuta dagoela jakinarazi dugu, eta lanari hasiera eman genion joan zen larunbatean, martxoak 20, lehenbiziko auzolan egunaren bidez.

Zergatik Antiguan?

Bertan espazio erreal bat dagoelako; beste auzoetan oraingoz ez dugu identifikatu lokal egokirik. Antiguan, gainera, eraikinaz gain gazteen eskaria ere bagenuen, eta piezak elkartuta puzzlea osatu dugu. Beraz, bigarren fasea auzolanarekin hasi dugu, hau da, etxearen garbiketa, txukunketa… egiten, eta momentuz horretan gaude. Hilabetean bitan gazteekin bilerak egiten ditugu eta egiten jarraituko dugu, eta proiektua osatuz joango gara haien nahien eta beharren arabera, zehaztutako programazioa jarraiki espazio fisikoa egokituz. Horretarako, Udaleko Gazteria eta Partaidetza Sailak eta Elhuyar Fundazioa koordinaketa lanetan ari gara, eta helburua proiektua, programazioa eta eraikinaren ekipamendua ekainerako definitzea da.

Baina gazte orok erabili ahal izango du Gaztegunea, ezta?

Bai, sare sozialen eta hainbat eragileren bidez ari dira gazteak Gaztegunearen berri ematen. Eta gainera, gazteentzako zerbitzua izateaz gain auzoari ere eskaintza bat egin nahi diogu, egitarau kulturala, tailerrak, ikastaroak… edonori zabalduz. Oso polita izan zen, aurkezpen egunean hainbat mural huts jarri genituelako jendeak bere nahiak azaldu zitzan. Eta denetarik egon zen: batek ukuilu bat nahi zuela esan zuen, beste batek trebakuntza internazionala, beste batek gantxilo edo kakorratz tailerra… Ondoren gazteek adostu beharko dute zeri eman lehentasuna.

Beraz Gaztegunearen erabilera, antolaketa eta egitaraua gazteen esku geratuko dira.
Hori da. Haiek izango dute lidergo guztia, eta Udala baliabideak jartzeko eta prozedura administratiboetan laguntzeko egongo da. Eta noski, zenbait araudi eta muga bermatzen direla ere egiaztatuko du.

Gazteriak, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere, antolatzeko eta eragile izateko gaitasun ikaragarria du. Gainera, era independente eta autonomoan egin ohi du, instituzioetatik aldenduz. Nola lortuko du Udalak horrekin bat egitea, bere tokia eskuratzea?
Oso zaila da gazte jendea udaletxera gerturatzea. Nik uste dut alderantziz egin behar dela, gazteak beren espazio naturalean bizi direlako eta administrazioa oso konplexua delako. Beraz, udala hurbildu behar da gazteengana beren beharrak eta proposamenak entzutera, eta baliabideak jarri behar dizkie autonomiaz beren hutsuneak bete ditzaten. Gazteak autonomoak izatea ezinbestekoa baita. Eta gero gainera kexatu egingo gara, gazteak ez direla independizatzen, ez dutela autonomiarik! Baina gu gara autonomoak izaten uzten ez diegunak; administraziotik hornidura guztiak jarri eta gainera nola erabili behar dituzten esaten badiegu, dena diseinatuz, ez dira sekula garatuko. Irekitasunez baliabideak eskuragarri jartzen badizkiegu, aldiz, ziur naiz harremana estutu egingo dela eta gazteak askoz parte hartzaileagoak bilakatuko direla; eta hori da behar duguna, jendarte parte hartzailea.

Planaren helburuetako bat, hain zuzen, autonomia eta garapena sustatzea da, ezta?
Bai. Esaterako, Donostian bazegoen Gazte Kontseilua, oraindik ere egon badagoena, baina 2009az geroztik deitu ez dena jarraikortasunik eta funtzionaltasunik ez zuelako. Azken batean, pentsa gazteak Udalbatza batean sartzen dituzula, ekipamendu handiak ematen dizkiezula, eta idazkari bat jartzen diezula, bozeramaile bat… filtro guzti horiek azkenean trabak baino ez dira, eta parte hartzea ez da iraunkorra izango. Beraz, zentzu horretan egin duguna Haurtxoko eta Gaztelekuetan foroak sortzea da. Hilabetean behin asanblada moduko bat egin eta haur eta gazteen proposamenak entzuten ditugu, ondoren horiek Udalean inplementatzeko. Esaterako, 2013ko Aste Nagusia izan da foro horietan landu dugun azken gaia; gazteek beren ekarpenak egin dituzte, guk horiek atondu ditugu, eta Donostia Kultura eta Festak atalari pasa dizkiegu programazioan kontutan har ditzaten.

Esan genezake, beraz, gazteekiko hurbiltasuna dela Gazteria Sail honen ezaugarrietako bat?
Bai… 2011n ere auzoz auzo gazteekin bildu ginen beren eskaerak entzuteko. Dena den, egia da orain arte bereziki autonomia, aisialdia eta espazio publikoaz aritu garela, baina ezin dugu ahaztu gazteak oso anitzak direla, eta badaudela beren espazio pribatuak behar dituzten gazte kolektibo asko. Eta hor gazte lokalen afera edo fenomenoa daukagu. Uste dut guzti hori oso ezezaguna dela gizartean; ezezaguna, eta gainera gaizki ikusia, ez? Gazte lokalez mintzatzen garenean, gehienetan, kalteak daude tarteko: bizilagunak kexu direla, edo zarata handia egiten dutela… eta horrekin hautsi egin nahi dugu. Izan ere gazteek espazio horiek behar dituzte, eta egin behar dena da lokal horiek klandestinitatetik ateratzea. Gazte asko ez dira kontziente ze prekario bizi diren, edota errentan dituzten lokal horien jabeak beren beharrez nola aprobetxatzen diren. Horregatik, espero dugu hemendik epe motzera araudi bat onartzea, haur, gazte, heldu, guraso eta lokalen jabeek ere bete beharko duten araudia. Eta zentzu horretan baliabide gida digitala garatzen ari gara, webgune bidez lokalen fenomenoa ezagutzeko eta araudiaren informazioa jasotzeko balioko duena. Azken helburua LokalInfo zerbitzua sortzea litzateke, gazteak, gurasoak eta lokalen jabeak harremanetan jartzeko balioko duen zerbitzua.