Nerea Lizarralde: "Irutxuloko Hitzak aurrera egingo duela dioen albistea idatzi nahi dut"

Nerea Lizarralde: "Irutxuloko Hitzak aurrera egingo duela dioen albistea idatzi nahi dut" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/07/07
elkarrizketa
Nerea Lizarralde: "Irutxuloko Hitzak aurrera egingo duela dioen albistea idatzi nahi dut"
Kazetaria izan nahi zuenik ez du sekula argi izan Nerea Lizarraldek (Donostia, 1982), baina Mariano Ferrer kazetari eta irakasleak albiste bila joateko gogoa piztu omen zion behin. 2007tik Irutxuloko Hitzan ari da lanean.


Begiak itxi eta gogoratu Irutxuloko Hitzan hasi zinen eguna.
Agenda ataleko filmeen sinopsiak idatzi nituela uste dut. Urduri nengoen, ez dakit zenbat aldiz erabili nuen hiztegia.

Lan egiteko moduan zein izan da bizi izan duzun aldaketarik nabarmenena? Internetek ekarritakoa lehendabizi, eta sare sozialena ondoren.

Eta aldiz zerk jarraitzen du berdin-berdin?
Lan baldintza prekarioak. 

Kazetari orok derrigorrez beharko luke...

Kontatzeko konplikatuak diren gauzak argi kontatzeko gai izatea? Jakinmina? Ez dakit ba...

Baina, zer falta zaio egun euskal kazetaritzari?
Herrialde guztietan bezala, kazetaritza independentea egitea, inoren presiorik gabe.

Zuretzat erreferentziazkoa izan den kazetari bat?
Ziur aski txikitatik etxean entzun izan dudalako... Mariano Ferrer. Unibertsitatean nintzenean jarri nion aurpegia bere ahotsari, irakasle izan bainuen.

Zein kazetarirekin egingo zenuke gustura lan?
Kontzertu guztietan lehen ilaran eta beti argazki kamera eskuan duela ibili ohi den Juan G. Andresekin.

Zein da gustura idatziko zenukeen albistea?
Irutxuloko Hitzak aurrera egingo duela 100.000 harpidedun lortu dituelako.

Eta aldiz, zein da sekula idatzi nahi ez duzuna?
Euskarazko prentsa desagertu egingo dela dioena.

Nor miresten duzu?
Amona, sufritu duen guztia sufritu arren, gorrotoan ez bizitzen irakatsi didalako; eta nire gurasoak, beti hor egon direlako.

Eta nor bidaliko zenuke gustura pikutara?
Pertsona xuhurrek neure onetik ateratzen naute.