Nire liburua argitaratu nahi dut

Nire liburua argitaratu nahi dut https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/12/10
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono Argazkiak: José Luis Revuelta eta Paco Gómez
Nire liburua argitaratu nahi dut
Literatur autoekoizpenaren gainean errealitatearekin bat ez datozen aurreritzi ugari dago. Artean, kalitate eskaseko liburuak direla. Badira kontrakoa erakusten duten adibideak, eta euren bidea jarraitu nahi baduzu, ba al dakizu zer egin behar duzun zure liburua autoekoizteko?


Demagun, barnea astintzen dizun istorioa bat dabilkizula buruan. Denbora hartu, patxadatsu ideiak lotu eta idazketa prozesuari ekin ondoren, liburu oso bat josten duzula. Amaitu eta egindako lanarekin asebeteta sentitzen zarenez, zure sorkuntza plazaratu nahi duzu. Baina nola egin? Nondik hasi? Zeintzuk dira eman behar dituzun pausoak zure liburua argitaratzeko? Argitaletxe batera jo dezakezu baina, liburua zure kabuz ekoiztu nahi baduzu?

Literatur autoekoizpenaren alorrean ez da ohikoena Los Modlin liburuak izan duen arrakasta lortzea. Haatik, Paco Gómez madrildarrak egindakoak arrakalatu egin du orain arteko aurreiritzien horma.  Argi geratu da sortzaileak ez duela autoekoizpenaren bidea hartzen bere obrak argitaletxe baten maila ematen ez duelako. Kontua da, zenbait formatuk ez dutela ohiko argitaletxeetan lekurik. Gómezek autoekoiztutako liburua argitaletxe batek babestutakoa bezain arrakastatsua izan daitekeela erakutsi du.

Egia da hori lortzeko eskuartean zeukan biografia erakargarria eta berezia zela. Modlin familiak 70eko hamarkadan AEBtatik Madrilera egin zuen bidaia euren herrialdean lortu ezin zuten ospearen bila. Ama (Margaret) margolaria, Aita (Elmer) Hollywoodeko aktore sekundario eta poeta, eta semea (Nelson) aktorea eta irrati esataria ziren modlintarrak. Madrilera heldu eta bost urtetara desagertu ziren artista emankorrak izan ziren. Euren argazki xelebre, margo eta zenbait ondasunekin topo egin zuen Gómezek zakarrontzian. Malasaña auzoan dagoen Pez kaleko hirugarren zenbakian egindako aurkikuntzak hasi zuen Los Modlin-en abentura.

Gómezek, aurrena, istorioa bilduko zuen liburua kaleratu ahal izateko argitaletxe batera jo zuen. Biografiaren indarraz jabetuta Blackie Books etxeak interesa agertu zuen. Kasu horretan, sortzaileak buruan zuen formatua eta argitaletxeak eskaini ziezaiokeena ez zetozen bat. Argitaletxeak testuari ematen zion indarra, Gómezek, ordea, berak nahi zuen naturaltasunarekin proiektu osoa jorratzeari.
Txanponaren beste aldea da Carlos Ollo idazleak egindako bidea. El cuaderno húngaro ez da idatzi duen lehen liburua, baina bai argitaratzeko adina adore izan duena. Argi zeukan ez zuela bere obra autoekoiztu nahi, dioenez, "babesik gabe" geratuko litzateke liburu-denda batean. Xabier Mendiguren, Elkarreko editoreak, bat egiten du Ollok dioenarekin: "Liburu bat aterako dugun edo ez erabakitzeko, batetik gustukoa izan behar dugu, eta bestetik, gure argitaletxeko sail batean kokatzeko aukera izan behar dugu, umezurtz gera ez dadin". Hala izanik, Ollok eleberria idazten amaitu zuenean argitaletxe bila hasi zen. Handienetan ezer lortzeko esperantzarik ez zuelako ertain eta txikietara jo zuen. Zenbaitekin harremanetan jarri zen, bere burua aurkezten zuen eskutitz pertsonalizatuaren bidez eta istorioaren azalpen eta laginarekin. Mettok etxeko Ramon Etxebestek Ollori bere proposamena atsegin zuela adierazi eta lanean hasi ziren. Iruñeko idazlea eskertuta eta oso pozik dago emaitzarekin: "Ramonen laguntza berebizikoa izan da. Bere zuzenketa eta iradokizunei esker lortu dut borobila iruditzen zaidan liburua egitea".

Paco Gómezen esperientzia bestelakoa izan da: "Jabetu nintzen konfiantza handiagoa zutela istorioa kontatzeko moduan, nik neuk hori nola egin nezakeen baino. Nik ordea, nahiago nuen produktu inperfektua egin, eta nirea zela sentitu." Hortaz, eman zioten diru aurrerapena argitaletxeari itzuli zion, eta obra kaleratu ahal izateko bere kabuz hasi zuen lana. Erronka handiari aurre egin behar izan zion. Liburua egikaritzeko aurrena dirua lortu behar zuela bazekien, baina, zenbat? Zein gasturi egin beharko zien aurre? Nondik aterako zuen diru hori? Nola lortu behar zuen bere liburua euskarri fisiko batean izatea? Zeintzuk ziren kontutan hartu behar zituenak?

Liburuak egiten dituen Michelena inprentako Nagore Michelenak azaldu legez, inrpimagailu digitalen laguntzarekin, gaur egun hamar aletik 5.000 bitartean egin ditzake autoreak. Geroz eta argitaldi handiagoa, orduan eta merkeagoa da ale bakoitza. Prezioa kalkulatzeko hainbat faktore hartu behar dira kontutan, besteak beste, orrien kalitate eta kopurua, koloretako tinta edo zuri-beltza erabiliko den eta azalaren ezaugarriak. Azala couché paperarekin edo kartulina grafikoarekin egin daiteke. Hegalak baldin baditu are garestiagoa da, prozesua konplikatuagoa delako.
Paco Gómez argazkilaria da eta diseinatzaile grafikoa den lagun bat dauka. Berak lagundu zuen inprentako kontuekin. Diseinua egiteko zein bere beharretara egokitzen zen inprenta aurrekontua eskatu eta diru kopuruaren estimazioa egin zuen. Guztira 6.000 euro behar zituen liburuaren 2.500 ale egiteko. Dirua  crowfunding bidez lortzea iruditu zitzaion modurik onena, baina banaketak eta Verkami plataformak kentzen ziotenarekin 7.000 euro beharko zituela konturatu zen. Orduan, bere proiektua ezagutarazi behar zuen, jendeak diru ekarpenekin lagundu zezan.

Sare sozialak baliatu zituen Los Modlin ezagutzera emateko: "Irailaren 15ean hasi nahi nuen crowdfundig-a. Kanpainek 40 eguneko iraupena dutenez, uda amaiera eta gabonen aurretiko tartea hartzeko. Dirua gastatzeko denboraldia da, horregatik jendeak ordurako nire proiektuaren berri izan behar zuela argi neukan". Uda osoa eman zuen proiektuaren perfila elikatzen. Diru-bilketa hasi zuenean ezusteko ederra hartu zuen, bereahalako arrakasta izan baitzuen. Behar zituen 7.000 euroak ez ezik, 21.000 euro lortu zituen: "Lau hilabetetan agortu ziren 2.500 aleak, eta dirua irabazi nuen". Bigarren argitalpena egin du Gómezek; guztira 3.200 liburu izan dira. Dioenez, ez dauka beste ezer argitaratzeko asmorik, prozesua oso nekagarria egin baitzaio. Hala ere, esperientzia oso positiboa izan dela azpimarratzen du: "Autoekoizpenak nahi nuena egiteko askatasuna eman dit eta lanak erroreak baldin baditu, ni irudikatzen nauten akatsak direla ulertzeko parada eman dit."
Argitaletxeen babesa duten liburuek ez bezala, autoekoiztuen banaketa egileak hartzen du bere gain.  Raul Perez Martinezek Tourra bost aldiz irabazi zuen Jacques Anquetilen biografia idatzi eta autoekoiztu zuen 2012an. Paco Gómezek egindako ibilbidearen bestelakoa egin du. Hala ere, bat dator madrildarrarekin "autoekoizpenak traba asko ditu, baina abentura kutsua ere bai, eta hori da, zalantzarik gabe politena" dioenean. Bere poltsikotik jarri zituen 500 ale kaleratzeko behar zituen 1.800 euroak. Ondoren, liburu-denda ezagunetara jo zuen liburuari apaletan tokia egin ziezaioten. Horrela bada, biografia Donostiako Elkar eta Hontza eta Zarauzko Garoa liburu-dendetan topatu daiteke. Los Modlin ordea, liburu-denda txikietan egon dadila aukeratu du sortzaileak: "Liburua handitasunean galduko ez den tokiak nahiago ditut. Liburu-denda txikiak nahiago ditut, agian kafea dutenak… espazio horiek ikusten ditut aproposenen liburuarentzat". Internet bidez ere lortu daiteke; mezua jaso bezain pronto idazleak pertsonalki paketea egin eta posta zerbitzura eramaten du eskaria. 
Alde ekonomikoari dagokionez, autoekoizpenetan sortzaileak finkatzen du kostu eta irabazien arteko aldea. Argitaletxe batekin lan egiten duten autoreek, ordea, gehienetan liburuaren salmenta prezioaren %10a jasotzen dute hasieran, eta bigarren argitaralditik aurrera %12a. Hala ere, badira euren irabazia argitaletxearekin negozioatzen duten idazleak.
Txanponaren bi aldeak diren arren, autoekoizten diren liburuak argitaletxeak babesten dituztenak baino kalitate kaskarragokoak direla sinesmenaren gainean, bai Xabier Mendiguren editoreak, bai Paco Gómez sortzaileak bat egiten dute. Mendigurenek argi dauka argitaletxe batek "espezializazioa behar duela, estetika eta eduki jakineko sail batzuk izan". Alde horretatik, Paco Gómezek dioen legez, "onak izan arren, zenbait lanek ez dute lekurik". 

Nola autoekoiztu zure liburua


Zure lana autoekoiztu nahi baduzu, hemen lagungarriak izango zaizkizun hainbat pauso:

1. Liburua idatzi
Sorkuntzarekin topo egiteko bideak pertsonalak diren arren, iradokizunen bila bazaude, Irati Jimenezek zenbait idazle ospetsuren prozedurak biltzen dituen gida-liburua prestatu zuen: Aiztoa eta arkatza (Txalaparta, 2013)

2. Jabetza intelektualaren erregistroa
Zure obraren egiletza legalki aitortua izan dadin komenigarria da Jabetza intelektualaren erregistroan izena ematea edo Creative Commons lizentzia erabiltzea. Internet bidez egin daitezke.

3. Idatzia zuzendu

Ortografia zein gramatika akatsak ekiditzeko, komenigarria da zuzentzaile baten laguntza. Gainera, beste pertsona baten iritziak obrarekiko distantzia hartu eta kritikak aintzat hartzeko balio dezake.

4. Diseinua eta maketazioa
Zenbait inprentak bi zerbitzuak eskaintzen dituzte.

5. Inprenta aurrekontua eskatu
Argitaraldiaren tamaina, paper mota, koloretako tinta edo zuri-beltza zein azalaren ezaugarriek baldintzatuko dute.

6. Alearen prezioa kalkulatu
Alde batetik inprentan ale bakarraren prezioa zein banaketak izango dituen kostuak kontutan hartu behar dira. Ondoren, zenbateko etekina atera nahi dugun definitu beharko da.

7. ISBN zenbakia lortu
Salerosketara bideratutako liburuek izan behar duten kode propioa da.

8. Promozioa
Sare sozialetan zure obraren berri eman dezakezu, baita horretarako tartea eskaintzen duten hedabideetan ere.

9. Banaketa

Zure liburua saldu dezaketen liburu-dendak sailkatu eta egindako lana aurkezteak lagungarri izango zaizu. Internet bidezko salmenta ahalbidetu dezakegu eta zuk pertsonalki eskariak erantzun.

Beste aukera batzuk


Intenetek zure obra zabaltzeko hainbat aukera ematen ditu.
Entreescritores.org webguneak zure liburua igo eta irakurleen feedback-a jasotzeko aukera ematen du. Iritzietan jasotako irizpide horien araberarako rankinga egiten du atariak. Deskargak doakoak dira.
Lulu.com eta Bubok.com egilearen gustuari jarraiki liburua editatu eta banaketa egiten duten plataformak dira. Idazleak gustuko txantiloia aukeratu dezake.