Nora doaz edukiak? Nork dauzka?

Nora doaz edukiak? Nork dauzka? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nora-doaz-edukiak-nork-dauzka/@@download/image/sarezulo_1357894438.jpg
2013/01/04
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Nora doaz edukiak? Nork dauzka?
Argazkiak elkarbanatzeko, informazioa trukatzeko edota komunikatzeko sare sozialak eta aplikazioak erabiltzen ditugu. Bat-batekotasuna eta hedadura bermatzen dizkigute baina, denbora pasa ahala, zer gertatzen da partekatzen ditugun eduki horiekin? Non daude? Nork dauzka?


Internet eguneroko bizitzaren ispilu bilakatu da, edo bizitza paralelo eta birtual bat eraikitzeko plataforma ere bai, kasu askotan. Sare sozialen eta aplikazioen bitartez, gure gertukoen berri eduki dezakegu uneoro, geuk ere gure egoeraz informazioa zabaldu, hitz egin eta komunikatu. Abantaila interesgarria da, baina guztiok jakin dugun moduan, arriskuak ere badakartza pribatutasunari eta partekatzen dugun horri dagokionez.

Argi eta garbi eduki behar dugu Sareak memoria infinitua duela; alegia, guk ezabatuagatik ere, orain dela bost urte publikatutako argazkia edo esaldi zoroa betirako geratuko da gordeta. Azken finean, sare sozialetara igo eta hauen bidez partekatzen dugun edukiak gure eskuetatik alde egiten du, beste norabaitera iristeko, zerbitzarietara hain justu. Hau da, aurrerantzean ez gara datu horien jabe izango. Horregatik, nahiz eta sare sozialetako gure profiletan segurtasun neurriak ondo konfiguratzeaz arduratu, ezin jakin zer gertatuko den etorkizunean eduki horiekin.

Demagun, esate baterako, argazki bat atera eta sare sozial horietako batera igo dugula. Bertan, horrela erabaki dugulako, gure lagunek bakarrik izango dute irudi hori ikusteko aukera. Baina, jarrai dezagun imajinatzen: hilabete batzuk pasatu ondoren, sare sozial hori kudeatzen duen enpresari eraso egin diote eta, ondorioz, bertan gordeta zegoen informazio guztia beste esku batzuetara iritsi da. Eta jarrai dezagun hipotesiekin: erasotzaileek intentzio txarra dutenez, lapurtutako edudiak Sarean publikatu dituzte. Balizko zerbait balitz bezala ari gara, baina halako egoerak benetan gertatzea uste baino posibleagoa da; horregatik, oso gogoan eduki behar dugu Sarera igotako informazioa, oso-osorik, beste baten jabetza izango dela betirako.

Gauza bera gerta daiteke gaur egun hain famatuak diren eta gure smartphonetan hain maiz erabiltzen ditugun chat moduko aplikazioekin. Internet konexioa erabiliz trukatzen dugun informazioa, aplikazio gehienen kasuan, enkriptatu gabe joan ohi da, eta ondorioz, gutxieneko ezagutza informatikoak dituen edonork lapur dezake eduki hori guztia. Arrisku handiena, dudarik gabe, wifi irekietan konektatuta gauzatzen ditugun partekatzeek dakarte, konexio horiek baliatuz bidaltzen ditugun testu eta argazkiak programa informatiko sinple batek airean harrapa ditzakeelako gu konturatu gabe.

Beraz, enkriptazioa edo edukien kodeketa da gakoa. Zoritxarrez, erabiltzen ditugun zerbitzu gehienek ez dute informazioa enkriptatzen eta, hortaz, Sarean zehar bidaiatzen dute bidaltzen ditugun modu berean. Horrenbestez, kontuz bidaltzen dugunarekin, batez ere wifi konexio ireki batean gaudenean, eta, era berean, argi eduki gure datuak enpresen zerbitzarietan enkriptatu gabe gordetzen direla, eta ondorioz, langile batzuek informazio hori ikusi eta irakur dezaketela.

Hau guztia jakinda, betiko koska: pribatutasunik ba ote amaraunean? Teknologia aurrera doa eta horri ezin diogu uko egin, baina zerbitzu egokiak hautatzen eta nola erabiltzen ikasi behar dugu; askotan, merkea garesti ateratzen baita.
Eta, hala eta guztiz ere zerbitzu ez fidagarriak erabiltzea erabakitzen baduzue, kontuz ibili partekatzen duzuen horrekin. Ez ahaztu: behin argazkia edo testua bidalita, akabo. Nahiz eta zuen ordenagailu edo smartphonetik ezabatu, ez dago zure esku. Gogora ezazue, Sareak memoria infinitua du.

HARRITU GAITU



Cloud Fogger
Dropbox eta hodei konputazioan oinarritzen diren beste zerbitzu batzuetara datuak enkriptaturik igotzea ahalbidetzen duen tresna interesgarria.

KATXONDOENA



Trens map
Mundu zabalean, herrialde bakoitzean unean-unean twitterren Trending Topic-a zein den ezagutzeko aukera.

INFORMAZIO BILA



Human txt fitxategiak
Web garatzaileei zuzendutako ataria. Bertan, human.txt fitxategi bat garatu ahal izateko azalpenak daude eskuragarri. Fitxategi hauek webgune bat garatu edo garapenean lagundu duten pertsonen informazioa gordetzen dute.