Omo bailararen ilunabarra

Omo bailararen ilunabarra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/omo-bailararen-ilunabarra/@@download/image/20121252716etio_1360144477.jpg
2012/12/05
erreportajea
Testua eta argazkiak: Igone Fdez. Mariezkurrena
Omo bailararen ilunabarra
Etiopia hegoaldeko Omo ibaia besarkatzen duten lurrek paisaje etniko harrigarria gorde dute beren baitan. Urtebete eskas joan da  enpresa estatubatuarrek bertan petrolio hobiak aurkitu zituztenetik, baina zoru gorria zuloz eta ingurua militarrez josi dute dagoeneko. 

Egunak argitzearekin batera, kamioi ilada luzeek Omo Parke Naturala zeharkatzen dute goizero, hondeatzeko makinek oldarrez zabaldu dituzten bideetako hautsak harrotuz, hainbat kilometrotik behin gurutzatzen diren artzain lerden eta kasik biluzien begiradapean; hauen aurpegiera ez da gehiegi aldentzen hazten dituzten behiek edo ahuntzek kamioiei jartzen dieten keinu arduragabe horretatik eta, eszena kanpotik ikusten dugunontzat, zaila da jakitea herritar hauek datorrenaz benetan jabetu ote diren ala ez.

Etiopiako bazter honetako erraietatik aterako duten olio salda beltza kanalizatzeko hodi astunak garraiatzen dituzte Turmi herritik 54 kilometrora dagoen gune nagusira, ustez babestutako parke naturalaren bihotz-bihotzean, eta marineek hartua dute hesi-perimetro osoa. "Ez atera argazkirik, ezta okurritu ere!", gomendatu didate gertuko lagunek, alarmismo gaindosi batez agian. Hurbileko herrietan, Turmin bertan eta Omoraten adibidez, nabarmen hazi da Estatuak bidalitako militar kopurua eta sekretismoa kezkagarria da. Gobernuak "diru asko" inbertitu duela besterik ez dakite hangoek, politikari, enpresari eta militar arteko orgia diruzale honetara ez baitituzte gonbidatu milaka urtez bertan bizi izan diren jendeak.

Eraikitzen hasi dira arrapaladan, eta egitearekin batera hasi dira desegiten ere. Kamioiek zabaldu duten bide hori bera bilakatuko baita abeltzain-nekazari-ehiztari kultura animista eta bizimolde arkaiko hauen galbide. Orain arte hainbat etxe soltez, taberna-putetxe bakanen batez (ia sinonimoak dira han) eta denda txikiz osatutako herrixka izandakoak bat-batean haziko dira hiri handiagoetatik hurbilduko diren langileak hartzeko, horrela, borborka, hedatzeak dakartzan arriskuekin. Tribu hauen etxoletako ateak ere joko ditu 'zibilizazioak' eta baliteke, hamar urteren buruan, orain kamerak jasotakotik ezer ez edo oso gutxi geratzea.   

Mursi herria

Komunitate honetako emakumeek apaingarri gisa darabilten buztinezko aho-eraztunak egin ditu ezagun, gorputza apaintzeari garrantzi handia aitortzen baitiote, eta rifleak edo artalde handiak bezala, azalean labanaz edo marrazaz egiten dituzten eskarifikazioak eta belarrietako nahiz ezpainetako dilatazioak ere, edertasun seinale ez ezik, maila sozialaren edo ausardiaren erakusle izan daitezke.

Omo alboko Mago Parke Naturalean bizi dira eta hurbileneko azokan trukeren bat egiteko bi eguneko ibilaldia egin behar izaten dute.
Mursiak, salbuespenak salbuespen, ez dira araututako eskolatik pasatzen eta inbidiagarria da mutil gazte bati adina galdetu eta "100 urte" dituela erantzuten entzutea. Egunak, antza, askoz luzeagoak dira munduko txoko honetan. Dunga izeneko makil-borrokan gailenduta, emaztegaia aukeratzeko eskubidea eta herrikideen begirunea irabazten dute mutil gazte hauek, eta zahartzean ere, eurek, Jabala delakoek –agure jakintsuek– hartzen dituzte talde osoaren egunerokoa baldintzatuko duten erabaki garrantzitsuak.

Hamer herria

Magikoa da asfaltatu gabeko errepide alboetara, sastraka artetik, gizon-andre hauek bidera ateratzen ikustea, iraganetik zurera bidaiatu izan balute bezala. Neska gazteak, sekulako egur karga bizkar buztinduaren gainean hartuta, luzez oinez; horixe da bisitariari iltzatuko zaion irudietako bat; gogoan ondo gordeta geratzen den moduan ilean daramaten buztin eta gantz nahasturari eta ahuntz larruzko janzkiei darien usaina. Ganadua jateko bila mugitzeaz arduratzen diren mutilek, ordea, margoak eta oihal puska bat besterik ez dituzte behar estaltzeko, minigona baten antzera jarrita, eta bizkar gaineko karga riflea baino ez da izaten kasu gehienetan. Gizarte hauetan, beste askotan bezala, andreak apendize kume-emaile hutsaltzat baitituzte, nahiz eta langile nekaezinak familia-ekonomiaren eragile nagusi diren eta Afrika bera ere aspaldi hondoratua zen (are gehiago) eurengatik ez balitz.

Ekoizten duten eztiaz eta gaztaz gain, turista malapartatuentzat erakargarria da hamer mutiko kozkorrek heldu bilakatzeko gainditu behar izaten duten trantsizio erritoa: zezen-jauzia. Nerabeak sendiko emakumeen babes grinatsua jasotzen du egun berezi honetan, izan ere, beren semea, neba edo lehengusua indartsuena eta ederrena dela ozen oihukatuz eta dantzatuz, herrixkako gainerako mutilak probokatzen dituzte, kolpe eske; baita hauek erantzun ere: zuhaitz adaxkak hartu eta azoteka zauritzen dituzte. Bizi osoraka bizkarrean izango dituzten marka hauek, sinesgaitza dirudien arren, ohore tatuajeak dira eurentzat. Gertuko herrixketatik hurbildutako denen aurrean protagonista gazteak lerro-lerro paratutako zezen ilada saltoka gainditzen duenean amaitzen da espektakulu odoltsua.

Karo herria

Malariak larriki kolpatu ditu aspaldian, eta behera doa Omo ibaiaren mesetan bizi direnen populazioa. Body-paintingaren aitzindariek loreak, iltzeak... eta kolorea duen kasik edozer jartzen dute soinean, baita hazten dituzten artaburuak, sorgo-landareak eta babarrunak ere!

Belaunaldi helduenek jeloskorki gorde nahi dituzte betiko usadioak (tartean, urtean behin  umetxo bat Omo ibaira botatzearena, oparotasuna bermatzen dien ur korronteari eskainitako sakrifizio gisa), baina gazteek kanpoan dagoena ezagutu nahi dute eta maiz galarazten dieten eskola da horretarako leiho bat. Nerabe batzuek, hamer-en artean ere gertatzen den legez, etxetik hanka egiten dute ikasi ahal izateko eta zenbait urtez euren familiengandik ihesean bizi izaten dira buztinez edo egurrez eta lastoz altxatako etxoletatik urrun.

Omo bailararen aniztasun etnikoa mehatxatzen duten petrolio-planten aurrean, ezjakintasunetik bada ere, antzeko ildoak marrazten dituzte iritzi kontrajarriek. Batzuek orain arte bezala jarraitu nahi dute, beren unibertsoan; beste batzuek, ziur aski engainatuta, mundura zabaltzeko diru-iturri gisa ikusten dute.
Dena den, degradazioa askoz lehenago heldu zen, Gobernuak irekiera aldarrikatu eta tribu hauek turismoaren negozioarekin kutsatu zituenean. Eta hemendik hara doana ere horren erantzule sentitzen da haien etxeetan sartzen uztearen truke, esker onez, eskola materiala edo xaboia eskaini eta ezezkoa jasota zartako batek astintzen dizkionean barrena eta kontzientzia mendebaldar 'zuria'; bularretakoak eta "t-shirt"-ak nahi dituzte, baina batez ere dirua. Eta gero jakiten duzu eskatzen dizkizuten birr –Etiopiako moneta– horiek garagardotan xahutzeko asmoa dutela, eta kontatzen dizute Etiopiako beste edozein bazterretan baino altuagoa dela alkoholismo tasa bailara honetan. Pitzatu da lilura.