Pantxika Telleria: "Mugimendua gauza biziki intimoa da"

Pantxika Telleria: "Mugimendua gauza biziki intimoa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pantxika-telleria-mugimendua-gauza-biziki-intimoa-da/@@download/image/pantxika_telleria_3.jpg
2013/02/04
elkarrizketa

Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Galder Izagirre

Pantxika Telleria: "Mugimendua gauza biziki intimoa da"

Tradizioaren alabak eta Euskal Herriko dantza sorkuntzari aire berria ekarri dioten koreografien amak ‘H’ proposamena dakar gure antzokietara.

Donibane Lohitzunen 1972an jaioa eta euskal dantzari familia baten ondorengoa dugu Pantxika Telleria, Pariseko Kontserbatorioan 1986 eta 1990 bitarte zorroztu eta, urte hauetan guztietan inguratu duten askotariko eraginak jasotzen, probesten eta bere sorkuntzan txertatzen jakin duena.

2001 urtean EiralE konpainia sortu zuenetik, tantaka heldu zaizkigu bere obrak: 2009ko azken hondarreko Otto, 2010ean Jon Mayak zuzentzen duen Kukai taldearekin batera osatutako Soka eta 2011ko Ninika dira azken aldiko ezagunenak eta zabalenak, hartzailego bat baino gehiago ukitzeko borondatez mimatuak denak; izan ume, gazte ala heldu.

H lana han eta hemen mugitzen dabil orain, iragan iraileko Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren karietara ekarria. Arantxa Lannes, Jose Cazaubon eta Joxelu Berasategirekin batera, Pantxika Telleria bera ere aspaldiko partez taula gainera igo da Amaia Hennebutte idazlearen Himalayajavakaputazidiburrina (2012) testuan oinarritutako eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak (2010) bilduma-liburuko Beste bizitza ipuinari egindako "ihardespen" modura planteatutako obra hau antzeztu, dantzatu eta kantatzeko.

Sarako Lur Berri aretora gonbidatu gaitu emanaldiaz gozatzera. Ideia ona eta kokapen ariketa hobea izan da, geroko hamar galderen erantzunak ulertzeko balio izan digun kontakizun zintzoa.

Zertaz ari da ‘H’?
H haurra da, hemen da, heriotza da, humanitatea... gauza aunitz dira. Neska eta emazte baten istorioak kontatzen ditu, bizitzako bi fase desberdin.

Euskal dantza tradizionaleko pausoak ikusi ditugu oso bestelako kutsua duen emanaldian tartekatuta. Zure koreografiek daramaten marka da, joera bat baino gehiago uztartzearena diot. Ze ekarpen egiten diote elkarri?
Mmm... kontziente naiz batzuk eta besteak ukitzen nabilela, baina ez nator guztiz bat hori nire berezko ezaugarritzat jotzearekin, ez delako hori kezkatzen nauena. Benetan interesatzen zaidana interprete bakoitzak ekartzen ahal duen barne-kolorea da, gibelean dagoen forma baino gehiago. Berdin zait klasikoa den, garaikidea, euskal dantza... teknika edota hizkuntza baten edo bestearen bitartez taulara azaleratzen ahal dugun gizatasunak arduratzen nau, erraietako aberastasun organiko horrek.

Diziplinak bai, nahasten dituzu: antzerkia, musika, dantza... zergatik eta zertarako?
11 urte daramatzat koreografien munduan, eta konturatu naiz keinu aldetik lehen askoz ere lan hiztunagoak egiten nituela eta pixkanaka garbitzen joan naizela, beharrezkoa ez zena baztertzen. Guztiok gara gai pixka bat denetarik egiteko eta diziplina desberdinak nahaste horretan bereziki interesgarria atzematen dut interpreteak, bere betiko teknikatik aterata eremu berri batera ekartzean, berreskuratzen duen hauskortasuna. Ez baitzaizkit gauza blindatuak gustatzen.
Zerbait modu intentsiboan landu ordez, zergatik ez gure ahultasunekin eta horien aurrean ditugun erantzunekin jolastu?

Zure hitzetan irakurri dut dantza gizakiaren berezko gaitasuna dela. Oraintxe, hau irakurtzen, asko bere burua dantzan imajinatzen ariko dira eta irribarre eginda pentsatuko dute berezko-berezkoa ez dela...
Ba bai, bada. Begira, koreografo gisa nire publiko kuttuna edo, margolariaren metafora erabiliz gero, nire kolore kuttunak sei urte bitarteko haurrak eta 50 urtetik goitiko helduak dira, gorputza ezin dutelako teknika baten gibelean gorde. Eta lanerako nahiago ditut teknikaren desegituratzea onartzen duten dantzari profesionalak. Gaitasuna denok dugu, baina gero eskubidea dugu, baita ere, erakusteko ala ez, gauza biziki intimoa baita mugimendua. Askotan, gainera, ohartu gabe ere dantzan ari gara eta horrek dit emozio handiena sortzen.
 
Noiz gertatzen da hori?
Kafe batean edo leku publiko batean jarri eta jendeari begiratzen badiozu, sekulako dantza ikusiko duzu, espazioetan izugarrizko koreografiak osatzen ditugu besteekiko: ukitu, ez ukitu, modu bateko edo besteko kontaktuak, batzuek itxura alaia dute, besteek tristea, maitaleak ikusten dituzu... zuk zeuk ere zure pelikula osatzen duzu buruan... gizakia da, azken batean. Inspirazio-iturri handia da niretzat, gero eta gehiago, zinema; eta Lars von Trier-en filmetan, adibidez, ikus daiteke ez duzula kasik ezeren beharrik gizakiaren esentzia hori proiektatzeko.

Dantzak mundu ikuskera jakin bat dakarkigula ere esan izan duzu.
Dantza bizitzarekin lotzen dut, hiltzen garelarik ez baitugu gehiago mugimendurik sortzen. Eta dantzak istanteekin atxikitzen gaitu era berean, uneetan zentratzen gaituelako. Egunerokoan, gure mugimenduak itogarriak dira, beti gabiltza martxan jarri eta abiatu behar horretan; dantzak, aldiz, niri behintzat, distantzia bat ematen dit, eta begi berriak. Nire gorputza dantzari imajinatzen dudalarik, atsegina datorkit.

Mintegi asko antolatzen dituzu umeekin eta pentsatzen dut horietan nabarmen jabetuko zarela gorputz adierazkortasunaren onura hauetaz eta potentzialaz. Zer sumatzen duzu?
Gauza ezberdin asko ikusten ditut. Azkainen aritzen naiz modu iraunkorrean, baina baita ere puntualki Borgoinan, Bretainian, Biarnon, Hego Euskal Herrian... eta nabaria da nola espazio ezberdinek dituzten gorputza erabiltzeko manerak marrazten, ez baita ber gauza Oreretan ala Azkainen bizitzea, erritmoak desberdinak dira. H proiektuarekin, bestalde, esperimentazio bide bat zabaldu dugu ikusteko nola arnasketak eta gure ahotsak ere baldintzatzen duten mugimendua.

Nola planteatzen dituzu saio hauek?
Tira, denok ditugu bi hanka, bi beso, buru bat eta enbor bat, baina mintegi eta ikastaroetan horiei teknika bat ezartzea baino nahiago izaten dut gutako bakoitzak dakarren harribitxia atzematea. Urte luzez izan naiz dantza irakaslea: pausoak eta mugimendu zehatzak irakatsi ditut... baina orain beste zerbait bilatzen dut. Jendartearen bortizkeria pairatu dutelako bereziak diren haurrekin ibili izan naiz adibidez, eta saiatu naiz haientzat dantza bilakatzen esparru bat non espresatzen ahal diren bizkar gainean daramatzaten motxilak alde batera utzita eta taldearen indarra sentituta.

Iruditzen zaizu hezkuntza arautuak merezi bezainbesteko tartea gorde duela dantzarentzat eta, oro har, arte eszenikoentzat?
Beharbada, dagoena ez da nahikoa, baina ez dut uste hezkuntza denik arteari sartzen utzi ez diona, artiston ardura ere izan da ez nahastea. Noski, bikaina izango zen tarte handiagoa eskuratzea, baina ez edozein preziotan. Arteari ezin zaizkio ateak ireki oraino hezkuntzak erabili duen ongi/gaizki sistema horren baitan. Gu beste plano batetik gatoz eta, maiz, polita izaten da nerabeen erreakzioa ikustea ulertzen dutelarik gu ez goazela eurak ebaluatzera, ez goazela puntuazio bat ematera baizik eta bakoitzak barruan duena ateratzera; nork berea adieraz dezan nahi dugu. Hortaz, hurbilpena bai, baina poliki eta kontuz egin behar dugu.

Hezkuntzaz ari garela, Euskal Herrian Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola bat sortzearen aldeko komunikatua ezagutu genuen urtarrilean, sektoreko eragile askok sinatua. Beharra badago?
Beti dago beharra –barrez–, eta mugaren bi aldeetan errealitateak oso desberdinak direnez, gustura ikusiko nuke halako eskola bat Hegoaldean. Nik kanpora joan behar izan nuen, Parisera; gogorra izan zen baina bultzada eman zidan...

...zuen belaunalditik artista bikainak atera ziren, baina garestia izan zen ordaina, ezta? Ez omen duzu horrelako esperientziarik nahi alabarentzat.
Ez. Pariseko Kontserbatorioa klasikora bideratua zen biziki, oso zorrotza zen. Justu ni handik atera eta gero hasi zen garaikidera irekitzen eta esango nuke geroztik artista borobilagoak atera dituztela. Dantzari dagokionez, alderdi tekniko diziplinatua gorde bai baina zubi asko proposatzen dituzte orain, eta hobe da horrela. Eskolako azken mailan dabiltzanek, gainera, talde bat eratzen dute zirkuitu profesionalean mugitzen hasteko, eta hori zinez interesgarria da, behar-beharrezkoa delako publikoaren aitzinean aritu eta trebatzea; orduan bilakatzen baitzara interprete, ez lehenago. Obrekin ere ber gauza gertatzen da: hamar edo hamabost emanaldi egin dituzularik hasten dira benetan forma hartzen. Uste dut metodologiarako kontuan hartzeko aspektua dela hori.

Eta edukiei dagokionez? Zer irakatsi beharko luke gure balizko eskolak?

Irekia izan beharko luke, eta interdiziplinarra, nahiz eta beti iritsiko den momentua teknika batean sakontzeko. Irakasle talde iraunkor bat eduki beharko luke baina beti mundu osoko eragin, ikasle eta profesional berriak jasotzeko prest, master classen bitartez adibidez. Garrantzitsua da, baita ere, publikoarekin bat eginda sortzea. Hau da, ni gaur egun eta hartzaileengandik gertu bizi den artista naiz eta ikusten dut batzuetan goi mailako eskolek sortzen dituztela obra erabat deskonektatuak, betiko hamar katuekin funtzionatzen dutenak eta, aldiz, hurbileko publiko arruntarengana iristen ez direnak. Bihurtzen zara zerbait arras moztua bizitzatik.

Eta gainera zaila da horretatik bizitzea...
Bai, eta H sortu dugu jakinda ez dugula aunitz salduko, garbi da. Ez da proposamenaren arazoa, merkatuarena baizik. Jendeak dantzara hurbildu nahi du goxoki batzuen ikustera, jendeak orokorki eztiki hunkitua izan nahi du. Eta horri begira sortzeak ekartzen ahal ditu obrak non panpin batzuk ikusten ahal dituzun mugitzen, baina barnekotasunik gabe. Hortaz, zaila da publikoarekin bat joatea baina aldi berean nortasunik gabeko zurrunbiloan ez erortzea. Oreka bat bilatu behar da nonbait.

Belauneko lesio batek aldendu zintuen Pariseko Kontserbatoriotik. Inoiz pentsatu al duzu zer gertatuko litzatekeen zure ibilbidearekin halakorik ez balitz?
Eskerrak gertatu zen... –barrez– zinez esaten dizut. Parisera joateko babesa eduki nuen etxean, nerabea nintzen, hobetzen ari nintzen... baina ez nintzen uros. Lesioak aski bortizki atera ninduen handik eta beste nonbait kokatu ninduen bizitzan: berriz Euskal Herrira, berriz ikasketetara, ahantzitako euskara berreskuratu nuen orduan, euskal dantzari lotu nintzen berriz, garaikidea ezagutu nuen eta... buff! Mundu bat ireki zitzaidan. Kontserbatorioko bi lagun Pariseko Operako Balleteko izarrak dira orain, baina ez dute batere nortasunik dantzan. Beste batzuk Nederlands Dans Theater-en dabiltza... honetan bai, gustatuko litzaidake ibiltzea... Hala ere, bada gauza bat betidanik oso argi eduki dudana: ene haurrak Donibane Lohitzuneko ikastolara eramango nituela, eta zaila izango zen hori hain urrutitik kudeatzea –barrez–.

Belauna osatu bitarteko etenaldi hark balio izan zizun konturatzeko koreografia zela benetan betetzen zintuena. Zein izan zen seinalea?
Ulertu nuen gehiago erakartzen ninduela talde bat koordinatzeak, nire ideiei forma emateak, interprete egokiak bilatzeak... dantzaria zarelarik beste esparru batzuk bizitzen dituzu, baina ez dituzu giltza horiek. Dena dela, txiki-txikitatik –barrez–, gurasoak, aitatxi-amatxi eta izeba-osabak aspertuta nituen muntatzen nituen emanaldiekin: fitxak egin, musikak hautatu... eta ez naiz aldatu, horretan jarraitzen dut...

...horretan eta, 2001az geroztik, gainera, EliralE konpainia zuzentzen.
Ez nuen ulertzen nire burua koreografo gisa nirea ez zen beste konpainia batentzat, nahiz eta Parisen nintzelarik egin nituen obra solteak. Zurekin iraupenean lan egiten ez duen jendea koreografiatzea interesgarria da baina baditu bere mugak, batez ere lortzen ahal duzun sakontasunean. Nik behar nuen zerbait iraunkorra, nahiz eta dantzariak mugitzen diren, giro jakin bat eta gauzak egiteko manera jakin bat babestu behar duzu. Ez baikara ari soilik emanaldien momentuaz, baizik eta gibeleko guztiaz. Badago hor sentsibilizazio ariketa bat, zure ikusmoldea inprimatzea bezalakoa, eta hori ez duzu lortzen ahal egiturarik gabe.

‘H’ proiektu berri honetan dantzatu ere dantzatzen duzu, ordea.

Bai. Zuzendaritzan zarelarik, beti bakarrik zara eta, horregatik, taldearen parte sentitzeko egin dut. Eta bestetik, Joxelu Berasategirekin badut konplizitate handia eta ikusi dut bera, nahiz eta adinean aurrera egin, gauza izan dela bere gorputzari, gizontasunari eta interpretazioari jarraipena emateko. Eta, hara,  gogoa ukan dut nik ere ber gauza egiteko. Bakarrik gazteagoek dantzatu behar al dute?! Joxeluren pertsonaiak emazte heldu bat eskatzen zuen eta pentsatu nuen: "ni naiz". Fisikoki gogorra izan da, eta ez da batere erraza izan kanpoan eta barruan egotea, horrek taldeari eragin dio, baina asko lagundu didate. Ez naiz pieza guztietan igoko, ez baita nire lekua; baina banuen erronka txiki hori.

Amaitzeko, kultur arloko guztientzat ardurazkoa beharko lukeen baieztapen bati buruz galdetuko dizut: euskal kultura folklorizatuegia dago. Zer du egiatik eta zer gezurretik?
–Isilunea– Uauuu! Judiziotan sartzeak kezkatzen nau, gainera ezin da dena zaku berean sartu, baina egia da, bistan da, Iparraldean bezala Hegoaldean ere, biziki folklorizatua dela gure kultura, nahiz eta manera desberdinetan izan. Folklore plano horretan daudenengana jo behar dugu erakargarri izan gaitezen; batzuetan lortzen dugu, eta haien energia birbideratzen dugu. Dena dela, banuen yoga irakasle bat esaten zuena "beti gara new age norbaitentzat". Ba, hara, uste dut beti izanen garela new age norbaitentzat eta folklore beste norbaitentzat.


pantxika telleriaren kuttunak


Filma: Dogville (Lars von Trier, 2003).
Liburua: Joaldun eta Kaskaro (Thierry Truffaut, 2012).
Abestia: Demasiado corazon (Willy DeVille, Where Angels Fear to Tread, 1983).
Kolorea: Hori bero bat.
Leku kuttuna: Donibane Lohitzuneko badia.
Amets bat: Lo egitea.
Miresten du: Amatxi. Orain gutxi hil zen.