Parekidetasuna leku guztietara

Parekidetasuna leku guztietara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/parekidetasuna-leku-guztietara/@@download/image/bedintasuna2_1409568583.jpg
2014/09/08
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Parekidetasuna leku guztietara
Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdinbidean egitasmoa bideratu du 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan parekidetasun politikak ezartzen laguntzeko. Egitasmoaren baitan, indarkeria matxistaren prebentzioa  gazteekin lantzeko, tokian tokiko ezaugarrietara egokitutako prozesuak gauzatu dituzte.


"Bat-batean ez da gure jarrera aldatu, baina landu gabe zegoen gai bat jorratu dugu, eta konturatu gara herrian sexistak diren detaile asko jazotzen direla. Orain jendea kontu horietaz kontzienteagoa da. Bakoitzari maila ezberdinean, baina guztioi eragin digu". Maddi Gerrikoren hitzak dira, GFAren Berdinbidean programaren baitan Seguran egin den prozesuan parte hartu duen 23 urteko gaztearenak. Parekidetasun politikak lantzen laguntzeko, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriei zuzendutako egitasmoa da Berdinbidean.

Legealdi honetan onartutako II. Berdintasun plana gauzatzen ari da GFA, eta plan horren testuinguruan, Berdintasun Zuzendaritzak bi norabidetan lan egiten du. Alde batetik, Aldundiaren baitan dauden sailetan genero politikak zeharkakotasunez txertatzen ditu, eta bestetik, Gipuzkoako Udalei politika horiek gauzatzeko laguntza ematen die. Adibidez, proiektu etrategikoak diruz laguntzen ditu, eta berdintasun teknikariak kontratatzeko hitzarmenak ere sinatzen ditu.

Baina, Laura Gomez GFAko Berdintasun zuzendariak dioenez, "10.000 biztanletik beherako herri askotan ez dute berdintasun teknikaririk, ezta berdintasun plana nahi bezala inplantatzeko baliabide ekonomiko zein giza-baliabiderik ere". Hain zuzen, azken horiei laguntzeko bidea da Berdinbidean. "Guretzat programa estrategikoa da, eta horregatik urteko aurrekontu osoaren %10 bideratzen diogu", dio Gomezek.

Lau lan ildo ditu zehaztuta programak, eta horien artean, bada bat bereziki gazteekin lantzeko diseinatua: Indarkeria matxistaren prebentzioa gazteekin izeneko lan-ildoa. Gai horren lanketa egiteko prozesuak hainbat herritan jarri zituzten martxan aurreko ikasturtean, eta arrazoi ezberdinak tarteko batzuk kanpoan geratu ostean, Itsasondo, Legorreta, Segura eta Zaldibian eta Bideberri Mankomunitatean (Antzuola, Elgeta eta Leintz-Gatzagan) gauzatu dituzte.

Lan ildo hori garatzeko, GFAko Berdintasun Zuzendaritzak eta programaren koordinazioaz arduratzen den Idazkaritza teknikoak Arremanitz Kooperatibaren laguntza izan dute. Hala, Arremanitzeko bideratzaileak izan dira gazteekin burututako saioak aurrera eramateko ardura izan dutenak. "Prozesuak oso arrakastatsuak izan dira. Baina esango nuke arrakastatik handiena aurrez egiten ziren ekintza puntualetatik prozesu oso bat behar duen lan dinamikara jauzi egitea izan dela", dio Arremanitzeko koordinatzaile Ainara Lasak. 2013ko irailean hasi ziren, eta aurtengo ekainera bitartean garatu dira prozesuak.

Udalen konpromisoa
Esan bezala, kasu honetan, indarkeria matxistaren prebentzioa gazteengan lantzea izan da asmoa. Hala ere, parte hartzen zuten Udaletako teknikari eta politikariengan eragitea ere beharrezkoa ikusi zen, gaiaren inguruan duten ezagutza areagotzeko zein Udal horiek Parekidetasun politikekiko duten konpromisoa indartzeko. Horregatik, ikasturte hasieran sei mintegi burutu zituzten: "Formazio jardunaldiak beharrezkoak ditugu, eta gainera, beste herri batzuetako ordezkariekin batera gogoeta egin eta lan moldeak kontrastatzeak aberastu egiten du gero emango dugun zerbitzua", dio Mari Jose Arrizabalaga Zaldibiko Udaleko Gizarte zerbitzuetako teknikariak. Segurako Parekidetasun zinegotzia den Idoia Lopetegik dioenez, eurek ere behar berdintsuak identifikatu zituzten: "Lehen aldia zen herrian Parekidetasun batzordea sortzen zela, eta ideia asko genituen, baina ez genekien nondik hasi. Parekidetasuna modu transbertsalean lantzeko borondatea dugu, eta horretarako, ezagutza teknikoa beharrezkoa da".

Politikariak, udal teknikariak zein bideratzaileak bat datoz gauza batetan: Mintegietan eman duten formakuntzaz gain, osatu den quorum edo elkar komunikatzeko sarea izan da prozesuko tresnarik baliagarrienetakoa. Izan ere, udal txikietan Parekidetasun politikak gauzatu behar dituzten teknikariak ez dira gaian espezialistak, eta horregatik, elkarren artean batu, gogoeta egin, eta batak bestearen esperientzien berri izateak asko aberastu du euren lana.

Gazteengana heldu eta prozesuaren berri emateko, aldiz, gazteleku, gaztetxe, gazte asanblada zein gazteak biltzen diren bestelako guneetan (kirol eta aisialdi taldeak, adibidez) aurkezpenak egin zituzten, eta ostean, gazteak eurak izan ziren bideratzaileekin batera, herri bakoitzaren eta talde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, prozesuaren nondik norakoak zehaztu zituztenak.
Egunerokoan bizi dutenaren gaineko hausnarketa saioak zein ekintzetara pasa eta antzerki edota bideo tailerrak burutu dituzte. Horretaz gain, talde bakoitzean sorturako kezkak oinarri hartuta, lan ildo berrien gaineko lanketa ere egin da; adibidez, homofobia eta rol banaketa edota egituratuta dauden eta ikusten ez diren jarreren identifikazioa landu dira. Guztira, 24 orduko iraupena izan duten prozesuak gauzatu dituzte, eta saioak asteburuetan izan dira. "Gazteek hainbat asteburutako aisialdi denbora eskaini izanak prozesuarekiko izan duten konpromiso altua erakusten du", dio Lasak.

Balorazio positiboa
Seguran oso balorazio positiboa egin dute. "16tik 28 urtera bitarteko gazteek parte hartu dute, batez beste 20-25 lagun bildu dira, eta interes handia eta jarrera oso aktiboa erakutsi dituzte", dio Lopetegi herriko Parekidetasun zinegotziak. Gazte horietako bat izan da Maddi Gerriko. Bere hitzetan, "parekidetasunaren inguruan dakiguna, herritik kanpo landu dugunetik dakigu, ikasten ari garen herri eta hirietan ikasitakotik, adibidez, eta pena da. Beraz, aukera polita zen, baliatu beharrekoa".

Esan bezala, herri bakoitzeko gazte taldearen kezka, zaletasun eta gogoen arabera diseinatu da prozesu bakoitza. Hala, Seguran antzerkiaren bidetik jotzea erabaki zuten. "Gaztetxean, adibidez, aurretik LipDub-ak eta mozorrotutako ekintzak eginda genituen, hor sentitzen gara erosoen", dio Maddik, eta prozesua gauzatuta, baliagarria izan dela irizten dio. Gainera, Zapalduen Antzerkiaren metodologia erabilita, hainbat antzerki pieza egin eta bideoz grabatu dituzte, eta material hori guztia herriaren esku geratu da. Lopetegik dioenez, "hainbat kanpaina egiteko erabiliko ditugu". Prozesua burutu ostean herritarrengan eragiten jarraitzeko asmoa dute, beraz, Seguran. 

Legorretan, aldiz, ikus-entzunezkoenganako motibazioa zuten hamasei parte-hartzaileek. Tartean izan dira Amaia Etxeberria (21 urte) eta Itoitz Alustiza (22 urte). Etxeberria genero berdintasunaren gaian gehiago sakontzeko asmoz animatu zen: "Indarkeria matxistaz eraso fisiko bat izaten denean konturatzen gara, baina ez ditugu kontuan hartzen, telebistan edo herrian bertan egunerokotasunean ematen diren kasuak". Lehenengo saioetan, ikus-entzunezkoetan zabaltzen diren mezuak aztertu zituzten, eta gero, gai batzuk aukeratu, gidoiak montatu, irudikatu eta eszenografiatu zituzten. "Garai bateko eta gaur egungo iragarkiak aztertu ondoren, orain, etxean telebista ikusten dugunean, konturatzen gara hainbat iragarkitan zer nolako sexismoa ematen den. Eta arazoa da normaltzat hartzen ditugula". Alustiza ere bat dator irakurketa horrekin: "Orain konturatzen gara telebistan pertsonak objektu bezala tratatzen direla".

Lanbideak eta generoa binomioarekiko ditugun aurrejuzkuak bistaratzeko iragarki bat, itxurarekiko ditugunak salatzeko esketxa eta herritarrek sexismoaz duten jarreraren berri ematen duen erreportajea egin dituzte Legorretan. "Egindako lana herritarrei erakutsiko diegu, baina hortik haratago, prozesuari jarraipena eman nahiko genioke. Eta ez gazteok bakarrik, helduek ere parte hartzea nahiko genuke, euren pentsamoldeak gureekin konparatzeko eta urteekin gauzarik aldatu ote den ikusteko", dio Etxeberriak.

Bideberri Mankomunitatean ere gazteen konpromisoa handia izan da, eta baliabide kontuengatik gauzatutako prozesuak denboraz laburragoak izan diren arren, aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Gainera, saioetan landutakoa herritarren egunerokoan txertatzeko ahalegina egin dute. Antzuolan, adibidez, prozesuan hausnartutakoa praktikan jartzeko Martxoak 8ko ekitaldietan zerbait egitea pentsatu zuten, eta hala, GaraiON NaturArtea taldekoekin batera, eskultura bat egin zuten.

Tratu ona
Zaldibian ere egindako lanarekin oso gustura agertu dira Udaleko langileak zein gazteak. "Oso positiboa izan da tratu onaz aritu garelako. Hau da, tratu txarrak ekiditeko modurik onena gazteak tratu onetan heztea da, eta saioetan horixe landu dute: pertsonen arteko harreman egokiak eta guztion arteko errespetua", dio Mari Jose Arrizabalaga Gizarte zerbitzuetako teknikariak. "Hamalau eta hamasei urte bitarteko ia hogei laguneko talde egonkorra aritu da lanean, eta gai intimoagoak lantzeko talde txikiagoetan ere batu dira. Hala, gazteek egunerokoan bizi dituzten kezkak argitzen aritu dira, eta horrek asko aberastu du dinamika", azaldu du. Aurrerantzean ere lan horretan sakontzen jarraitzeko asmoa agertu dute gazteek, eta Whatsapp talde bat ere osatu dute dinamika hori errazteko.
Ainara Lasa Arremanitzeko koordinatzailearen ustez, "esperientzia berri honek, ikasitako gauza onekin eta txarrekin, lan egiteko modu berri bat eskaini die Udalei, gazteen beharretara egokitua eta prozesua oinarri izan duena. Herri txikietan ere berdintasunaren eta indarkeria matxistaren gaiak lantzeko aukera ezberdinak abiarazi ditugu, eta aurrerantzean ere izango dute jarraipena.

Aurrera begira, herrien autonomia indartuz Berdintasun politikak garatzeko bideak jorratzen jarraitzeko asmoa erakusti du GFAk, baita herritarrekin martxan jarritako prozesuen jarraipena egiteko asmoa ere. Hala, herri txikietan landu diren eredu egokiak eta praktika onak identifikatu eta horiek bultzatu eta zabaltzekotan dira. Udaletako arduradunek ere ziur asmo horiekin bat egingo dutela: "esperientzia oso ona izan da, eta gure aldetik behintzat, datorren ikasturtean ere bide beretik lanean jarraitu nahiko genuke", dio Mari Jose Arrizabalagak.