Patrick Modianoren bila

Patrick Modianoren bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patrick-modianoren-bila/@@download/image/idazlea_2_1418129142.jpg
2015/01/15
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Patrick Modianoren bila
1945eko uztailaren 30ean jaio zen lehen aldiz Patrick Modiano (Boulogne-Billancourt, Frantzia). Haurtzaro eta nerabezaro latzak igarota, 1968an argitaratu zuen La Place de l'Etoile, lehen nobela. Orduan jaio zen bigarren aldiz.


Geroztik, heldu zein gazte eta haur literaturako 30 liburutik gora argitaratu ditu eta hainbat filmetako gidoiak ere idatzi ditu, tartean Louis Malleren Lacombe Lucien (1973) polemikoarena. Berari eman dio aurten Suediako Erret Akademiak Literaturako Nobel Saria.

Memoria, denbora, ahanztura eta bilaketa dira Modianoren gai nagusiak, beti ere misterioz landuak, autobiografiatik duten fikziozko kontakizunen bidez. Protagonista izan ohi den narratzailearen bitartez Naziek okupaturiko Pariseko gizartea osatzen zutenen berri ematen du, estilo soilez, esaldi laburrak bata besteari lotuz. Hiriak berak nobeletan duen garrantzia nabarmena da, pertsonaia nagusiaren bilaketan funtsezkoa. Bilaketa hori, gehienetan aspaldi ezagutu eta galdutako lagun batena, identitate bilaketa ere bada. Dokumentazio lan handiak eta detaileen presentziak imajinario propio baten berri ematen dute, Modianoren obra osoari batasuna emango diona. Askotan esan izan da, eta idazleak berak ere aipatu du noiz edo noiz, nobela baten bariazio ezberdinak direla bere liburuak.  

Nazioartean (eta batez ere mundu anglofonoan) bere obra ezagutarazteko giltza izan daiteke Nobel Saria, 36 hizkuntzatara baino gehiago itzulia egon arren Frantziatik kanpo ez baita arras ezaguna. Euskaraz ere irakur daitezke Modianoren bi nobela: Udaberri alua (Igela, 2008) eta Villa Triste (Igela, 2011), lehena Pello Lizarraldek euskaratua, eta bigarrena Joseba Urteagak.

Bibliografia


•    Villa Triste (Igela, 2011).
•    Udaberri alua (Igela, 2008).
•    Un pedigree (2005).
•    Dora Bruder (1997).
•    De si braves garçons (1982).
•    Rue des boutiques obscures (1978).
•    Livret de famille (1977).
•    Boulevards de ceinture (1972).
•    La Place de l'Etoile (1968).