Pello Artabe (Eskean Kristö): «Kantak besterik gabe entzuteko, diskoa dago»

Pello Artabe (Eskean Kristö): «Kantak besterik gabe entzuteko, diskoa dago» https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/12/10
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @annieSdelMono
Pello Artabe (Eskean Kristö): «Kantak besterik gabe entzuteko, diskoa dago»
Euskal rock-and-rolla inoiz baino biziago dago Eskean Kristö taldeari esker.
Iaz, Banden Lehia irabazi zuten, BBKLive jaialdian jo zuten, eta orain,
‘Azote Kaldüz’ izeneko diskoa aurkezten ari dira. Badaia hasi baino ez da egin.


Eskean Kristö talde gaztea den arren, lotsagabekeri handiarekin igotzen zarete eszenatokira.
Taldeko kide guztiek urte asko daramatzagu jotzen. Nik, adibidez, zazpi urte. Egia da taldeak hiru urte baino ez dituela, baina aurretik daramagun guztia nabaritzen dela uste dut. Ez gara zerotik hasi; beste talde batzuetatik gatoz denok. Uste dut lotsagabekeria hori segurtasunetik datorkigula. Aurreko proiektuetan baino seguruagoak sentitzen gara; esperientziak eman digu hori.

Zuek benetan rock-and-rolleroak zarete edo itxura egiten duzue?
Oso rockeroak gara eta asko gustatzen zaigu egiten dugun musika. Barne-barnetik bizi dugula agerikoa da! Kar, kar, kar. Eskean Kristö rock-and-rolla egiteko sortu zen. Musika asko entzuten dugu eta guk autentikoena den zahar hori egin nahi genuen. Hau da, 70eko hamarkadako rock-and-roll.

70 hamarkadako zein musikarik inspiratzen zaituzte?
Askok. 70eko hamarkadako denak gustatzen zaizkigu, baina horrek ez du esan nahi hortik bakarrik edaten dugunik. Niri pertsonalki The Doors, Led Zeppelin, The Beatles, Janis Joplin eta abar. Zerrenda luzea litzateke. Baina 80ko eta 90eko hamarkadetako Guns & Roses zein grunge estiloa ere atsegin ditugu: Pearl Jam, Soundgarden, Nirvana… Baina gure musikak zerikusi handiagoa dauka 70 hamarkadako Rock & Roll-arekin.

Zuen estetika deigarria da, oso ondo diseinatuta dago. 
Benetako rockeroak gara eta benetako rockeroen estetika daukagu. Talde guztiek zaintzen dute euren estetika. Inportantea da, nola janzten zaren, nola mugitzen zaren eta zer jarrera daukazun eszenatokira igotzen zarenean. Gure ustez kontzertuek espektukulu puntu bat eduki behar dute. Ni espektakuluaren aldekoa naiz, eta gustatzen zaizkit espektakuluari esker eztanda egiten duten taldeak, bisualki ere ikaragarriak direnak.

Hortaz, nahita zaintzen duzue?
Bai, esentzian horrelakoak garen arren jendea engantxatu behar duzulako. Beraz, eszenatokira igotzeko janzten gara. Zerbait berezia egin behar da ikuslearentzat. Kantak besterik gabe entzuteko, diskoa dago.

Eszenatokian zaudenean, gainera, abesten duzun hori interpretatzea atsegin duzu.
Hasiera batean bai. Baina gero, kontzertuz kontzertu, buruan geratzen zaizu zer momentutan zer egin dezakezun. Ahotsarekin jolastea gustatzen zait; batzutan apurtuago beste zenbaitetan goxoago. Modu horretan, momentu bakoitzean ondo zer doan ikusten duzu, eta zerk funtzionatzen duen publikoaren aurrean. Kanten arabera agresiboago edo suabeago jokatzen dut. Bueno, orokorrean gure kontzertuak nahiko agresiboak dira. Antzerki apur bat egin behar da!

Antzerki horrekin publikoa eta zuen arteko elkar ekintza bilatzen duzue? Beharrezkoa al duzue gertutasun hori?
Bai. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Guri gustatzen zaigu publikoa gurekin egotea, hurbil egotea eta publikoa gurekin badago hazi egiten gara.

Espektakuluari zor, ‘Sardina bat’ kanta jotzen duzuenean publikoari sardinak botatzen dizkiozue.
Kar, kar, kar. Ez dakit hori nola sortu zen, egia esan. Sardinarena ez dugu asko egin, e? Bi kontzertutan baino ez, eta ikusi jendeari nola geratzen zaion! "Hauek zoratuta daude, guri sardinak botatzen!" esango dute. Kantarekin ere zerikusia dauka, noski, baina espektakulua da. Beste gauza batzuk ere egiten ditugu, adibidez, guztion artean topa egitea gustatzen zaigu, eta audioekin jolastea. Hala ere, oraindik gauza berriak sortzen ari gara, atrezzoa behar dugu gure zuzenekoetan.

BBK Live Jaialdian kontatu zeniguten Niko Etxart asko miresten duzuela. Orain, ‘Latigo’ kantan berarekin kolaboratzeko parada izan duzue. Nola suertatu da aukera hori?
Kolaborazio bat egin nahi genuen diskoan eta pentsatzen ibili ginen nori eskatu. Ez genuen argi ikusten nor izan zitekeen. Niko Etxart burutik pasa ere ez zitzaigun egin, ezinezkoa zela uste genuelako. Baina hain justu lagun bati esker, Karlos Subijana musikariaren bitartez, ezagutzea lortu genuen. Subijana Niko Etxartekin jotzen ibilitakoa da. Egia esan, kostatu zitzaigun pila bat Nikorekin harremanetan jartzea; berarekin jo nahi genuela erabaki genuenetik, ezagutu genuen arte bost hilabete pasako ziren lasai asko. Azkenean, bere etxera gonbidatu gintuen eta ezagutu ginenean kristorena izan zen. Oso-oso ondo egon ginen. Oso hurbilekoa da; afaria prestatu zigun, sukaldean kantatzen egon ginen, dena naturaltasun handiarekin. Hamaika instrumentu atera zizkigun bere etxeko sukaldean, eta han aritu ginen jotzen. Azkenean, Rolling Stones jotzen amaitu genuen! Horrela konbentzitu genuen Niko Etxart gurekin kolaboratzeko.

Beraz, zuentzat erabat positiboa izan da esperientzia. Baina badakizue Niko Etxartek nola bizi izan duen?

Hori kuriosoa da. Garate estudioetara joan ginenean, berak dagoeneko kanta erakutsita zien bere lagunei eta emazteari. Han elkartu ginenean esan zigun: "Mundu guztiak esan dit ea nola ausartu naizen Eskean Kristörekin kolaboratzera horrelako letra berdearekin! Sexua… dena da oso iradokitzailea. Eta nik daukadan adinarekin ea nola egingo dudan hori". Berak rock-and-rollean sinesten duela esan eta aurrera egingo zuela erantzun zien. Baina egia da, artean bere emazteak ez ziola gomendatu. Kar, kar, kar! Hori aurretik izan zen, kolaborazioa egin ondoren kanta ezin hobeto geratu dela uste dugu denok.

Kanten hitzak ironikoak ere badira. Iraultza egiteko modua da edo, besterik gabe, jendea zirikatzeko egiten duzue?

Bai, ironia asko dago, baita hitz jokoak ere. Hitzak oso zuzenak dira. Zergatik diren ironikoak? Gauzak ukitu zirikatzailearekin beste modu batera esateko. Ez da ez punka, ezta poesia ere. Erdibideko zerbait da.

Zuen buruaz barre egiten ere badakizue, ‘…Santurtziko sardina bat Arratian…’ kantatzen, esate baterako.
Kar, kar, kar. Bai. Gitarra-jotzailea Santurtzikoa da eta beste guztiak Arratiakoak gara. Bidaia ikaragarri luzea egin behar du gurekin entsaiatzeko, eta berari eskainia dago kanta hori. Ez da batere haserretu kantagatik gainera, oso pozik dago. Sardinaren espektakulu guztia beragatik da! Hurrengoa baxu-jotzaileari edo bateria-jotzaileari egingo dizkiet… ikusiko da.

Euskara batua eta Arratiako euskalkia uztartzen dituzue. Zer dela eta erabaki zenuten horrela abestea?
Oor har, batuaz kantatzen dugu mundu guztiak ondo uler dezan abesten duguna. Iruditzen baitzaigu den-dena arratieraz eginez gero, ez ligukela inork ulertuko. Elkarrizketak egiten ditugunean berdina gertatzen zaigu. Ez zaigu berez ateratzen batua erabiltzea, gai izan bagagaren arren. Denok ulertzeko ahalegin horretan batuan abesten dugu nagusiki.

Ulertze horretan laguntzeko, gainera, arratierazko hitzen hiztegi txiki bat gehitu diozue diskoari.
Bai. Ohartzen garelako abestietan arratieraz erabiltzen ditugun hitz batzuk ez direla ulertzen, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horiek barneratu ahal izatea. Bitxitasun bezala sartu dugu hiztegi hori.

Zu nola zaude erosogoa, batuan edo arratieraz abesten?   
Hitz egiterakoan nahiago dut arratieraz aritu, baina abestea beste kontu bat da. Musika gehiena euskara batuan heltzen zaigu. Batuan oso gustura kantatzen dut. Dena den, batuan zein arratieraz, ni neu naiz, ez dut eszenatokian pertsonaiarik irudikatzen.