Perla berriekin Sail Ofizialera!

Perla berriekin Sail Ofizialera! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/perla-berriekin-sail-ofizialera/@@download/image/zinemaldia_paso_1409826643.jpg
2014/09/08
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37 - Leire Palacios @AnnieSdelMono
Perla berriekin Sail Ofizialera!
Kinielak egitea gustuko duenak ezin du Sail Ofiziala galdu, ausardia bila dabilenak badaki Zuzendari Berriek eskainiko diotela, eta ‘segurola’ samarra denak begiz joko ditu Perlak. Eta hala ere, bakoitzak berean, hamaika aukera. Hona 62.  Zinemaldirako gure proposamenak.


SAIL OFIZIALA

Urrezko Maskorra lortzeko lehian izen handiko zinemagileak zein etorkizuneko promesak aurkituko dituzu. Eta tartean, guztiz euskaraz errodatuta Sail Ofizialean lehiatuko den lehen filma. Maskorra Kontxan geratuko balitz...

LOREAK
Zuz: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga.
(Euskal Herria)

Istripuz hildako pertsona baten heriotzaren aurrean, haren amak, alargunak eta lankide batek errealitatea nola irudikatzen duten erakusten dute Garañok eta Goenagak. 1990-ean Antton Ezeizak Ke arteko egunak aurkeztu zuen Sail Ofizialean, gaztelaniaz aritu eta bikoiztua izan zen aktore protagonista kenduta, euskaraz errodatu zen filma. Haren lekukoa hartuko dute Garañok eta Goenagak, datozen urteetan euskarazko zinemaren ohiko plaza bihur dadin desio dugun sailean.

EDEN
Zuz: Mia Hansen-Love.
(Frantzia)

90eko hamarkadan, house, funk eta disco musika uztartu zituen eszena berezitua landu zuten hainbat musikarik Parisko taberna eta diskoteketan, French house izenarekin identifikatzen dena. Gaur egun oraindik dantzalekuak astintzen jarraitzen duen Daft Punk bikote ezaguna da estilo horren aitzindarietako bat. Parisko gau haietan bizi izan zena iruditan erakusten du filmak, DJ lanetan hasten den Paul izeneko gaztearen egunerokoa hari duela. 

MAGICAL GIRL
Zuz: Carlos Vermut
(Espainia-Frantzia)

20.000 euroko aurrekontuarekin egin zuen Carlos Vermut madrildarrak bere lehen film luzea: Diamond Flash. 2012an, zuzenean Filmin plataforma digitalean sareratu zuen, eta espainiar zinema independentearen azken urteetako arrakastarik handienetakoa izan zen; askorentzat kultuzko filma da. Bigarren lan honetan,  José Sacristán, Bárbara Lennie eta Luis Bermejo bezalako aktoreak izan ditu lagun. Misterioa, xantaia eta ezohiko botereak, ohiko istorioak atzean utzi eta arriskua oinarri duten filmak gustuko dituen ikuslearentzat.

ZUZENDARI BERRIAK

Lehen edo bigarren filma duten zuzendarien lanak beti dira interesarri, alde  batetik, freskotasuna izan ohi dutelako, eta bestetik, zinemak etorkizunean jarrai
ditzakeen ildoak aurreikusteko balio dezaketelako.

VINCENT N'A PAS D'ÉCAILLES
Zuz: Thomas Salvador.
(Frantzia)

Vicentek ondo gordetzen duen sekretua dauka: urak bere gaitasunak areagotzen ditu. Likidoa ukitzen duenean, indartsuago bilakatzen da, bizkorragoa da eta erreflexu hobeak ditu. Inori ez dio berezitasun horren berri eman, baina Lucie ezagutu eta maitemintzen denean, sekretua partekatzeko unea dela erabakiko du. Superheroi orok ezkutatzen ditu ezberdina izateak sortutako beldurrak. Baina, ziurrenik, ikuslea errazago identifikatzen da koloretako mozorrorik gabeko gaztearekin. 

LOS TONTOS Y LOS ESTÚPIDOS
Zuz: Roberto Castón
(Espainia)

Ander filmarekin Euskal Herriko zein mundu zabaleko ikusleen eta hainbat zine jaialditako epaimahaikideren bihotzetara heldu zen 2009an Roberto Castón. Adi baina, oraingoan forma aldetik bestelakoa den proposamenarekin baitator. Ohiko fikzioaren arauetatik aterata, film baten errodajea bailitzan, plato batean kokatu ditu zuzendariak Mario, Paula, Miguel eta Lourdes, zoriona aurkitzeko euren bizitzak aldatu beharko dituzten protagonistak, edo hobeto esanda, paper horiek antzezten dituzten aktoreak. Metazinematik edaten duen proposamena.

KÁIN GYERMEKEI  CAIN'S CHILDREN
Zuz: Marcell GerÅ"
(Hungaria - Frantzia)

Adin txikikoak zirenean hilketak egin zituzten hiru gazteri buruzko dokumentala da. Hungariako kartzela gordinenetako batean igaro zuten gaztaroa, eta bertan grabatutako irudiak berreskuratu ditu, alde batetik, Marcell GerÅ"k. Eta hilketen gaineko aitortzak zein etorkizunerako asmoak azaltzen zituzten irudi gogor horiez gain, 30 urte geroago, protagonistak aurkitzera atera da zuzendaria. Hungariar batek ezezagun zaion herrialdea aurkitu badu testigantza horietan, historia gustuko duten ikusleek gozatuko dute.

PERLAK

Cannesen Urrezko Palmorria irabazi zuen ‘Winter Sleep’ (Nuri Bilge Ceylan) edota Berlinen Urrezko Hartza jaso zuen ‘Bai Ru Yan Huo’/‘Black Coal, Thin Ice’ (Yinan Diao) filmez gain, bestelako proposamen interesgarriak ere badira Perlas sailean.

KAGUYAHIME NO MONOGATARI THE TALE OF PRINCESS KAGUYA
Zuz: Isao Takahata
(Japonia)

Hayao Miyazakik eta Isao Takahatak 1985ean sortu zuten azken 30 urteetako animazio filmik ederrenetako hainbat egin dituen Ghibli estudioa. Miyazakik filmak zuzentzeari duela urtebete utzi zion, eta ekoiztetxeak abuztuan jakitera eman zuen film luzeen ekoizpena, momentuz, bertan behera uzten zuela. Beraz, Ghibliren ipuin magikoez gozatzeko azken aukeretako bat izan daiteke. Japoniako literatur testu klasiko baten moldaketa da, eta akuarelazko paisaiak animazio tradizionalarekin uztartu ditu Hotaru no Haka (Grave of the Fireflies, 1988) maisulanaren zuzendariak.

PASOLINI

Zuz: Abel Ferrara
(Frantzia-Italia-Belgika)

Abel Ferrarak Willem Dafoe lagun eta aktore fetixea Pier Paolo Pasoliniren azalean jarri du, poeta, pentsalari eta zinemagile handiaren bizitzako azken eguna berregiteko. Erroman, 1975eko azaroaren 2ko gauean hil zuten Pasolini. Jazoeraren nondik norakoak oraindik argitu ez badira ere, artista iraultzailearen azken orduak deskribatzera ausartu da Ferrara errealitatea eta irudimena uztartuz. Amarekin eta lagun maiteenekin emandako momentuak eta gauean bilatutako abentura, egusentian Ostiako hondartzan hilda aurkituko duten arte.

MOMMY
Zuz: Xavier Dolan.
(Kanada)

Pertsonaien arteko harremanak biluzten eta izaeren argi-ilunak modu gordinean erretratatzen maisua da Xavier Dolan zuzendari quebectarra. Bosgarrena duen film honek Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Cannesen. Alargun batek hamabost urteko semearekin harreman gatazkatsua dauka, tarteka indarkeria ere azalerarazten duena. Hala ere, elkarbizitza ahalik eta ondoen daramate. Egun batean, Kyla bizilagun misteriotsua helduko da auzora, eta bi protagonisten bizitzak aldatuko ditu.