Peyo Lizarazu: «Itsasoa umiltasuna zer den ikasteko irakaslerik onena da»

Peyo Lizarazu: «Itsasoa umiltasuna zer den ikasteko irakaslerik onena da» https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/07/07
elkarrizketa
argazkiak: Galder Izagirre. Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Peyo Lizarazu: «Itsasoa umiltasuna zer den ikasteko irakaslerik onena da»
Euskal kostaldean gero eta ezagunagoa den ‘Stand Up Paddle’ izeneko kirolak badu gurean erreferente bat: Peyo Lizararazu (Hendaia, 1975). Olatu gainean munduko SUP surflaririk onenetakoa, Belharra olatu ezaguna surfeatzen ere aitzindaria izan da.


Kirolari familia batean sortua, aita Hendaian 60ko hamarkadan surfa praktikatu zuen lehenengotarikoa izan zuen. Hala, gaztetatik Europa mailako txapelketetan aritu zen Peyo, nerabezaroan itsasotik lurrera, berdegunera, jauzi egitea erabaki zuen arte. Anaia Bixentek futbola aukeratu bazuen, berak errugbiaren aldeko apustua egin zuen. Profesional bihurtzear zela baina, kirola utzi eta ohiko lan aukera bati heldu zion. Baina nolakoa den bizitza, lanak berak eraman zuen berriz olatu artera, gaztetakoa baino dexente taula handiagoa hankapean, eta arrauna eskuan.

Bidarteko etxean hartu gaitu, atsegin, irribarretsu. Eta ezer baino lehen, sekretua argitzeko eskatu diogu: "Non apurtzen du Belharrak?" Terrazara atera, balkoiaren mutur-muturrean jarri, eta Hendaiara begira, eskua luzatu du: "sei bat milia itsasoan barrena". Etxetik atera, Emak Bakia eraikinaren aurrean zinezaleen derrigorrezko argazkia egin, eta Saint Joseph kaperara eraman gaitu. Gune kuttuna du, eta argi dago zergatik: Parlementiako hondartzaren gainean, Getariako olatua bezala ezagutzen denaren ikuspegi ezinhobea dago. Handik, Getariako portura jaitsi gara.

Haurra zinela hasi zinen surfean.
Bai, aitarekin noizbehinka praktikatzen genuen, baina ez gintuen surfa egitera inoiz behartu. Hala ere, lehengusu bat gaztetatik hasi zen, taula zuen, eta hura ikusita eskatu nion nik ere aitari taula, eta berak egin zidan bat. 6-7 urterekin hasi nintzen, eta garai hartan ezohikoa zen hain gazte surfeatzen hastea. Orain ohikoagoa da. Baina surfaz gain beste hainbat kirol ere egiten nituen, futbola, errugbia, esku pelota edota zesta puntaren antzekoa den joko garbi, adibidez.

Aukeratu beharra iritsi zenean, errugbiaren aldeko apustua egin zenuen.
Surfa asko gustatzen zitzaidan, eta hamabi urte nituenetik hamabostera bitartean asko surfeatu nuen; adibidez, 1988an hamalau urtez azpikoen Europako Surf Txapelketa irabazi nuen. Baina ez zitzaidan askorik gustatzen txapelketak zein egoeratan egiten ziren, olatu txikiekin. Nik jada olatu handiak nituen gustuko. Eta momentu hartan errugbiak gehiago erakarri ninduen. Bordeleko Bègles taldera joan nintzen jokatzera, juniorra izan arren lehen taldearekin partida batzuk jokatu nituen, eta Frantziako gazteen selekzioan jokatzear izan nintzen. Eta talde profesionalera jauzi egitear nintzela, partida baten ostean, Quiksilver etxeak lan eskaintza bat egin zidan. Gaztetatik babesle nituen surfean, kirola eta marketina uztartzeko aukera eman zidaten, eta bizpahiru egunetan errugbia utzi, etxera bueltatu eta lanean hastea erabaki nuen. Hogei urte bete nituen egunean sinatu nuen lan kontratua. Ordutik Quiksilverrentzat lan egin dut.

Eta noiz eman zenuen SUPerako jauzia?
2005ean Amerikan ari nintzen lanean, Los Angeles, Montréal eta Vancouver artean batez ere. Orduan probatu nuen, baina ez nintzen serioski praktikatzen hasi, taulak oso handiak direnez, nonbait finkatu arte logika handirik ez zuelako taula erosteak. 2006ko maiatzean Euskal Herrira bueltatu nintzen, eta heldu eta batera, Laird Hamilton etorri zen Getariara. SUPa existitzen dela urteak dira, baina Hamiltonek jarri du kirol hau gaur egun ezagutzen dugun lekuan, beste bizitza bat eman dio. Bi egunetarako bere taula utzi zidan, nik hura adibidetzat hartu eta Baionako Phillippe Barlandi eskatu nion nire lehenengo SUP taula egiteko.

Surfa eta arrauna uztartzen ditu SUPak. Esan diguzu surfean txikitatik aritu zarela. Arraunarekin bazenuen aurretik harremanik?
Taula gaineko arrauna 2002. urtetik ezagutzen nuen, Hawaiira egindako bidaietatik. Polinesian eta Hawaiin arraunaren kultura oso indartsua da, piraguen erabilera adibidez. Eta Euskal Herrian ere bai, Hegoaldean agian Iparraldean baino gehiago, baina oro har pisu handia du gure kulturan. Urteak dira arrauna eskuetan izan dudala, piraguan asko ibili izan naiz, eta surfekoa ez zen materialarekin olatuez disfrutatu izan dut. Horregatik, esango nuke naturala izan zela SUPera emandako jauzia.

Esango nuke SUPa piraguatik hurbilago dagoela surfetik baino...
SUPean bi modalitate daude: bat ur gelditan edo lauan egiten dena, eta bestea mugitzen diren uretan egiten dena. ‘Mugitzen diren urak’ diot, badelako errekan praktikatzen duen jendea ere, baina ni horrek ez nau askorik erakartzen. Beraz, niretzako bi modalitate daude: itsaso laua eta olatuak. Jende askok SUPari esker deskubrituko du uretan taula gainean egotea zer den, sentsazio hori jende askorekin konpartitzeko aukera ematen du, eta hori oso positiboa da. Olatuetan ez izan arren, ur gainean zutunik arraun egitea sentsazio oso atsegina da. Baina jende horrek ez du sekula SUPean surfik egingo.

Oro har, nola moldatzen da jendea?
Jendeak erraz hartzen du konfiantza, errazegi, eta taula gainean ondo moldatzen hasi orduko, batzuk olatuetan sartzen dira. Jendearen gehiengoa zentzuduna da, eta badaki ur lauan eta olatuetan ibiltzea ez dela gauza bera. Baina beti daude batzuk bestelako jokabidea dutenak. Hala ere, itsasoak beti jartzen du bakoitza bere lekuan, lezioak emateko ez dago itsasoa bezalakorik, umiltasuna zer den ikasteko irakaslerik onena da. Olatuak hartu nahi badituzu, egokiagoa da lehenengo ohiko surf taularekin ibiltzen ikastea, eta gero SUPera pasatzea. Zentzu horretan, SUParen abantaila zein arazoa bera da: plazer asko ematen duela askorik sufritu gabe, esfortzu handirik gabe. Surfak, aldiz, denbora asko eta pazientzia eskatzen ditu. Horregatik, normala da SUPera jende gehiago hurbiltzea.

SUParen aitzindaria izan zinen Euskal Herrian.
Bai, baita Europa osoan ere. Lehenengoa izan nintzen hemen SUPa egiten. Urte batzuk pasa dira, eta oso pozik nago gaur egun kirol hau praktikatzen duen jendea dagoelako. Jendeak gomendioak eskatzen dizkit, baina aitzindari izatea ez dut inoiz erantzukizun gisa hartu.

Goi mailan aritu zara, adibidez, 2010ean bigarren amaitu zenuen Stand Up World Tour zirkuitua.
Munduko zirkuitua urte horretan antolatu zen lehenengoz, eta irekiera txapelketa Hawaiin izan zen, Sunseten. Bertako zein Tahitiko hainbat lagun joan ziren arren, Arsene Hareoe tartean, ez nuen beste inor ezagutzen. Nire maila frogatzeko modu bat zen, finalera heldu nintzen eta laugarren amaitu. Bigarren txapelketa Angelun izan zen, eta etxean izanik, derrigorrez parte hartu behar nuen, eta berriz iritsi nintzen finalera. Tahitira gogotsu joan nintzen, Sapinuseko olatua asko gustatzen zaidalako, baina gaizki aritu nintzen. Brasilen berriz iritsi nintzen finalera, eta bosgarren eta azken txapelketara rankingeko lehen postuan iritsi nintzen. Kai Lennyrekin jokatu nuen titulua, gerora SUPeko Kelly Slater bihurtu denarekin, eta bera gailendu zen. Munduko bigarren geratu nintzen. Kai oso ona da, profesionala da, eta nik plazeragatik egin nuen, beraz, emaitza ona izan zen.

Ordutik aurrera ere zirkuituan parte hartu izan duzu, baina lasaixeago?
Beno, 2011n ere bost txapelketak egin nituen, eta Sapinusen garaile izan nintzen. Hori zen nire helburua, merezi zuten olatuetan aritzea, eta Sapinuseko txapelketak olatu handiak ziurtatzen ditu normalean. Ordutik, lanak gehiago exijitu izan dit, eta ez dut zirkuitua osorik jarraitu, baina egin ditudan txapelketetako batzuetan finalera iritsi izan naiz.

Zirkuituari dagokionez, baduzu oraindik lortu gabeko helbururik?
Aurten lan kontuengatik ezin izan dut Hawaiira joan, eta kasualitatez, lehen aldia izan da Sunseten olatu onik izan ez dutela. Nahiko nuke datozen urteetan Sunseteko txapelketa irabazi, Getariako olatuaren antzekoa baita, eta oso gustuko baitut. Hala ere, badakit hango lagunek errespetatzen nautela, pertsonalki zein olatu gainean egiten dudanagatik, eta beraz, irabazi edo ez, hara joatea beti da positiboa.

Lehen esan didazu hawaiiarren eta euskaldunen artean badagoela halako harreman bat...

Ni Melvin Pu’u-rekin hasi nintzen SUPa serio praktikatzen, Makahan, Hawaiin. Eta harreman handia ikusten dut euren eta gure artean: arbasoekiko duten errespetua, kultura propioarekikoa, itsasoarekin duten harremana... Eta Melvini liburu bat eman nion, Euskal Herriaz galdetzen didaten hurbileko lagunei oparitzen diedan liburua: The Basque History of the World (Mark Kurlansky, 1999). Beti oso harro egon naiz euskalduna izateaz, eta behin, Londresen, liburu hori aurkitu nuen denda baten. Idazlea International Herald Tribune egunkariko korrespontsala izan zen, eta 60ko hamarkada amaieran eta 70eko hasieran ezagutu zuen Euskal Herria; momentu kritikoan. Kazetari amerikarra izanik neutrala iruditzen zait, eta nire familian inoiz kontatu ez diren gauzen berri izan nuen liburua irakurrita. Jendeari eskaintzen diodanean, harrituta geratzen da, eta Melvini ere asko gustatu zaio. Surflari euskaldun bezala hawaiiarrekin ikusten dudan harremana eurek ere ikusten dute. Gu ez gara irla bat, baina bai antzerako zerbait, itsasoari oso lotuta gaude, eta arraunari lotutako kultura indartsua dugu biok. Badugu ondare komun bat.

Zuk, aukeran, olatu handiak nahiago?
Bai, betidanik zerbait berezia izan dute olatu handiek. Ni kasualitatez hasi nintzen, Hendaiako bainaiz, eta hangoak Ipar Euskal Herriko olaturik txikienak dira. Baina gurasoek betidanik konfiantza osoa izan dutenez nigan, eta hondartzara bakarrik joaten uzten zidatenez, scooter-arekin nire kabuz mugitzen hasteko aukera izan nuenean, Getariara etorri eta olatu handiagoak ezagutu nituen. Lehen apartamentua non alokatu erabaki nuenean ere, olatuengatik etorri nintzen Bidartera. Tamainaz disfrutatzeko leku onean bizi naiz. Eta, gainera, duela hamar urtetik hona, Belharra dugu.

Kasik mito bat da Belharra. Nola deskubritu zenuten?
Interes pertsonala eta kasualitatea batu ziren. Gaztetatik amets egin dut olatu horrekin. Ekaitza zegoenean, errepidetik igarotzerakoan ikusten zen olatua zegoela, eta betidanik izan dut bertaratzeko gogoa. Kontua da gu zortedun izan garela, amets horretara heltzeko tresnak izan ditugulako. Adibidez, hemengo surfista zaharrago batzuek ere izan dute amets hori, baina bazekiten zeuzkaten taulekin eta baliabideekin ezinezko zitzaiela. Gu Belharrara joan gara bagenekielako horrelako olatu handia uretako-motorrekin hartzea posible zela.

Urtean zenbat aldiz ateratzen da?
2013an hamar urte bete ziren Belharra surfeatu dugula, eta esango nuke bataz beste urtean saio on bat izan dugula. Aurtengo neguan, aldiz, hiru edo lau saio on izan ditugu; badakizu, negu berezia izan da kostaldean. Baina ohikoa urtean saio bat-edo izaten da, eta saio horretan asko disfrutatzeko aukera izaten dugu.

Baina arriskutsua ere izango da, ezta?
Bai. Esperientzia horiek bizi nahi baditugu, ezinbestekoa da bizirik egotea. Pausoz pauso ikasi behar da, asko entrenatu eta ondo prestatu. Adibidez, neguan piszinan lan asko egiten dugu, apnea landuz, adibidez, eta psikologikoki ere kontzentrazioa asko landu behar da. Gainera, arraroa ere bada; etengabe prestatzen aritzen gara, baina ez dakigu egindako prestakuntza hori guztia praktikan jartzeko aukerarik izango dugun.

Surfak entrenamendu asko eskatzen du.
Batzuk uste dute haxixa erretzen duten buruarinak direla surflariak, eta hori ez da horrela. Noski, lasaitasunez ere praktikatu daiteke, beste kirol asko bezala, baina goi mailan aritzeko asko entrenatu beharra dago. Bestetik, gazte askok surfa bakarrik praktikatzen dute, ez dute beste kirolik egiten, eta hori ere ez zait egokiena iruditzen. Surfa oso kirol osasuntsua da, baina barietatea beharrezkoa da. Bestalde, adibidez, Quiksliverrek gazteen taldea antolatu zuenean ni nintzen arduraduna, eta marka batek ere egiten ez zuena egin genuen: gazteei hezkuntza osoa emateko training camps-ak antolatu. Surfeatzen irakasteaz gain, entrenamenduaren eta prestakuntzaren garrantziaz ere jabetu zitezen.

Aritz Aranburu talde horretan hasi zen, ezta?
Bai, Aritz nik eraman nuen Quiksilver taldera, eta txera eta errespetu handia dizkiot, oso langilea baita. Adibidez, Aritz bere kabuz oso ondo prestatzen zen, korrika eta igeri asko eginez, kontzentrazioa landuz... baina gure babesa ere oso garrantzitsua izan zen. Berriz ere WTC zirkuitura bueltatu bada, eta hori oso zaila da, berezko ezaugarriak eta lan gogorra uztartu dituelako izan da. Kusiositate bat: Aritz eta biok nahiko antzerakoak gara, niri lagunek Pottok deitzen didate eta berari ere bai. Duela gutxi enteratu nintzen horretaz, kar-kar-kar.

Ikasteko, entrenatzeko edota besterik gabe, surfaz gozatzeko, Wavegarden moduko egitasmoak nola ikusten dituzu?

Zalantzarik gabe, Euskal Herrian zorteko gara. Josemak eta Fernanek (Odriozola anaiak) egin dutena itzela da. Hainbat alditan izan naiz bertan, eta surfaren garapenerako oso garrantzitsua izango da. Teknologia hori garatu duen jendea euskalduna izateaz harro egon behar dugu. Asko lagunduko du, bai ikasteko eta baita profesionalentzako ere. Ez du surf naturala desagertaraziko, eta gehigarri bikaina izango da. 

Gainera, euskal kostaldean gero eta jende gehiagok praktikatzen du surfa. Gehiegi ez ote diren esaten duenik ere bada.
80ko hamarkadan surfa praktikatzen hasi nintzenetik asko aldatu da egoera. Orain askoz jende gehiago dabil, Iparraldean zein Hegoaldean. Alde horretatik, potentzial handia ikusten diot Wavegardeni. Gainera, kostaldetik urrun dagoen jende askok ere surfaz gozatu nahi du, eta horientzako aukera bikaina da. Horrek olatuengatik ordaintzea eskatzen duela? Badira horrekin arazo etikoak dituztenak. Nik ez dut inongo arazorik olatu jakin batzuengatik ordaindu behar izatearekin. Eskiaz disfrutatzeko urteak dira ordaintzen dihardugula, naturaltasun osoz.

Nolakoa da Iparraldeko eta Hegoaldeko surflarien arteko harremana?
Ez da beti berbera izan. Gogoan ditut Bidarteko lagunen duela urte batzuetako istorio sinestezinak. Adibidez, 80ko hamarkadan, Mundakara olatuak hartzera joan, liskarretan sartu eta Gernikako polizia komisaldegian amaitu zutenekoa. Baina gauzak aldatzen joan dira. 90eko hamarkada amaieran antolatu zen Euskal Herriko surf txapelketa bat Iparraldeko zein Hegoaldeko surflariekin, oso giro ona zegoen eta elkar ezagutzeko oso modu ona izan zen.

Munduko beste hainbat lekutan bezala, ordea, gurean ere lokalismoak pisu handia du surfean.
Azken finean, surfa ez da eguneroko bizitzatik asko aldentzen, eta hein batean naturala ere bada bakoitzak berea babesteko joera izatea. Gainera, surfa oso adiktiboa da, eta adikzioa duzunean, tontakeriak egiten dituzu. Baina esango nuke modu naturalean bakoitzak aurkitzen duela bere lekua.

Oker ez banago, beti kolore gorriko taulak erabiltzen dituzu.
Ez da Athletic Club-agatik! Kar-kar-kar. Ezta Biarritz Olympique-gatik ere! Kasualitatez, aitak egin zidan lehen taula tinta gorridun erretxinarekin egin zidan, eta ordutik Phillippe Barlandi ere nire taulak halaxe egiteko eskatu diot. Orain modan jarri da koloredun erretxinarekin taulak egitea, pintatuta baino askoz hobeto geratzen baitira, baina prozesu zaila da, oso teknikoa. Ni zorteduna naiz, Barland artisaua baita. Bestalde, argazkilariei asko gustatzen zaie! Baina batez ere, arrazoi sentimentalengatik erabiltzen ditut taula gorriak.

Peyoren kuttunak:


Musika talde bat: Pomplamoose. Interneten bakarrik aurki daitezke!
Liburu bat: Michael Chrichtonen edozein. Bat aukeratzekotan, Prey (2002).
Film bat: Ikusi dudan azkena Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro, 2014) izan da, eta gustatu zitzaidan.
Edari bat: Sagardoa hasteko eta gin-tonica amaitzeko. Egunean zehar ura.
Kolorea: Gorria.
Miresten duzu... Gauza zailak erraz azaltzen dituen jendea: Michel Serres eta Jeremy Rifkin, adibidez.
Zoriontsu zara... Beti, eta ez baldin banaiz, ezkutatu egiten naiz.
Ez duzu inoiz ahaztuko... Nondik natorren, nora joan hobeto erabakitzeko.