Rural Zombies: "Gure zigiluaren bila ari gara"

Rural Zombies: "Gure zigiluaren bila ari gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rural-zombies-gure-zigiluaren-bila-ari-gara/@@download/image/ruralzombies1_1413826910.jpg
2014/10/21
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Rural Zombies: "Gure zigiluaren bila ari gara"
Musiketxeak ekimeneko irabazleen elkarrizketetan Arabatik Gipuzkoara egin dugu gaur salto, Zestoan, Malder taldearen hondarretatik sortu zuten Rural Zombies taldearekin hitz egiteko. Julia Urreaga, Manu Rodríguez, Marcos Pérez eta Luken  eta Aratz Etxeberriak osatzen dute taldea.

Rural Zombieak bezala sentitzen al zarete?
Batzuetan nahiko zombieak bagara! Hala ere izena erdi brometan aukeratu genuen izena pentsatzen ari ginean...

Grises ere Zestoakoak izanda, esango zenukete eragina izan dutela zuen soinuan?
Zalantzarik gabe, eragina izan dute guregan, estilo aldetik baino asko ikasi dugulako beraiengandik. Lagunak gara, iturri musikal antzekoetatik edan izan dugu betidanik eta euren diskoak asko gustatzen zaizkigu!

Zein uste duzue dela zuen berezitasuna musikari bezala?

Talde mordoa dago eta guzti horien gainetik singularra izatea nahiko zaila da. Oso talde originalak eta onak baitaude, hemen eta kanpoan. Hasi besterik ez gara egin, eta oraindik gure zigiluaren bila ari gara.

Nola aurreikusten duzue zuen ibilbidea?
Musika zirkuituan aurrera egitea oso zaila da, gogor lan egin behar da eta momentuz horretan gabiltza, lanean. Betidanik egin dugu musikaren aldeko apostua, eta aurrerantzean ere gure musikarekin ahal dugun urrutien iristea izango da gure helburua

Zer suposatu du zuentzat Musiketxeak proiektuan sarituak izatea?
Oso garrantzitsua izan da. Udaran, leku paregabeetan, oso beharrezkoak genituen hainbat kontzertu jotzeko aukera eskaintzeaz aparte, jende berriarengana iristeko aukera ere eman digulako.

Espero al zenuten 5 sarituen artean egotea?
Bagenuen itxaropena baina holakoetan ezin da jakin. Azkenean aukeratuak izan ginen eta oso pozik gaude!

Horrelako lehiaketa batean parte hartzen duzuen lehenengo aldia al da?
Ez, lehenago Gazteako maketa lehiaketako finalera ere iritsi ginen. Uste dugu taldeak ezagutzera emateko mekanismo paregabeak direla horrelako lehiaketak.

Eta, aukeran, non eta norekin jotzea gustatuko litzaizueke?
Zerrenda luzea da! Bakoitzak bere kuttunak ditu baina eskatzen hasita, Primavera Sound edo Glastonbury jaialdietako kartelean egotea da gure ametsa!

Kontzerturik baduzue asteotan?

Momentuz buru belarri gabiltza disko berriaren grabazioarekin, baina, azaroan pare bat kontzertu ditugu itxita. Azaroak 21ean Azkoitiko Txalintxo tabernan eta azaroaren 29an, aldiz, Intxaurrondoko Kultur Etxean joko dugu, Najwa Nimrirekin.

Disko berriaren aurrerapenik egiterik baduzue?

Pixkanaka abestiak forma hartzen ari dira baina oraindik lan dezente dugu. Diskoak 9 edo 10 abesti izango ditu seguruenik, eta grabazioaren zatirik handiena Zestoako Gaztain estudioetan egingo dugu, Grises taldeko Eñaut Gaztañagarekin. Bateria Urdulizeko Tio Pepe estudioan grabatu genuen.

Musiketxeak


Jimmy Jazz Gasteiz, Bermeoko Kafe Antzokia, Biarritzeko Atabal eta Bilboko Emankor Elkartea kultura eragileek 2011n sortu zuten sarea da Musiketxeak eta hiru helburu nagusi ditu: zuzeneko musikako aretoetan proiektu soziokulturalak sustatu eta garatzea, Euskal Herriko musikari berrien harrobi sendo bat eratzea eta artista horien egitasmoak zabaldu eta ikusgai egitea.