‘Sexting’-a eta ‘selfie’ postkoitala

‘Sexting’-a eta ‘selfie’ postkoitala https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/12/10
erreportajea
Testua: Ander Lertxundi. Arremanitzeko Kolaboratzailea @Arremanitz
‘Sexting’-a eta ‘selfie’ postkoitala
Elkarrekin ezin egon eta bikotekidearekin sua mantentzeko moduaren bila bazabiltza, mugikorrari so egin eta bertan aurkituko duzu irtenbide posible bat: argazki erotikoak.


Internetek eta teknologia berriek milaka aukera eskaintzen dizkigute, eta horiek erabiliz zein akatsetatik ikasiz aurrera egiten dugu. Hala, bikoteen intimitatea eta maila desberdinetan guztiok dugun exhibizionismoa garatzeko espazio berri bat ireki digu Internetek.

Norbere argazki, idatzi edo bideo erotikoak IKT-ak erabilita beste norbaiti bidaltzea sexting bezala ezagutzen da. Sarrerako adibidean bezala, bikote askok erabiltzen dute praktika hori distantziaren trabak gutxiagotzeko. Desira erotikoa berpiztu edo mantentzeko balio du. Gainera, norbere auto-estimua indartzeko oso erabilgarria izan daiteke.

Hala ere, gazteek egiten dutenean, eta are gehiago, bikotekide egonkorra ez denarekin egiten badute, euren hezitzaile eta gurasoen kezkak pizten dituzte. Askotan ahazten dugun arren, helduek ere gazteen akatsak egiten dituzte. Hau da, gazteak Sarean segurtasuna kontua izan gabe ibiltzen direla esaten da, baina ondoren wifi irekiak eta segurtasunik gabeko aplikazioak erabiltzen lehenak izaten dira heduak.

Bestalde, nahiz eta bikotekidearekin partekatzen duguna konfiantza dugulako partekatu, harremanen egoera aldakorra izan daitekeela ahazten dugu. Aldaketa horiek haserre eta xantaia posibleak ekar ditzakete, eta agian partekatutakoa min egiteko asmoarekin erabili daiteke. Hori ekiditeko ez da beharrezkoa sexting egiteari uztea, nahikoa izango litzake segurtasun sistema bereziak dituzten aplikazioak eta wifi sareak erabiltzea. Komenigarria litzateke, era berean, argazkietan identifikagarri izan daitezkeen elementuak, aurpegia eta tatuaiak kasu, ez bistaratzea.

'Aftersex Selfie'
Selfie moda iritsi da erotikaren arlora ere. Instagram bezalako sare sozialetan, azkenaldian, geroz eta maizago aurki ditzakegu aftersex selfie deiturikoak, hau da, harreman erotikoa amaitu ondoren bikoteak edo bietako batek selfie bat atera eta sarera igotzea. Horrek badu exhibizionismo puntua asetzeko gaitasuna eta, sexting-ak bezala, auto-estimua indartzeko ahalmena. Ezin dugu ahaztu, hala ere, gure intimitatean gera zitekeena publikatzen ari garela, eta horrek besteen epaiak eta kritikak ekar ditzakeela.

Gazte izan ala ez, bikote egonkorrarekin edo ez, komenigarria da partekatzen dugun intimitatea, orainaldian eta etorkizunean, nahi dugunekin bakarrik partekatzen dugula ziurtatzeko neurriak hartzea. Teknologia berriek erotika garatzeko aukera paregabe eta anitzak eskaintzen dizkigute. Gure esku dago, ordea, sor daitezkeen egoera desatseginak ekidin eta gure arte erotikoaz gozatzea.

Euskal lizunkeriaren antologia



Juan Martin Elexpuru. Txalaparta

Etxepare kartzelan, olerkiak idazten. Olerki lizunak? Agian bai. Zeri deritzogu euskaraz lizun baina? Eta lizunkeria? Juan Martin Elexpuruk erantzun antzekoa apailatu eta argitaratu zuen. Erantzunari Euskal lizunkeriaren antologia izena eman zion. Lizunkeria singularrean jokatuz. 1999an izan zen. Milaurtekoa hasi baino lehen, badaezpada ere. Handik hona antologia zabalagoa egiteko ale politak argiratatu badira ere, milurteko zaharreko azkenetakoa den liburu honek mugarri izaten segitzen du. Edorta Jimenez

Emazten fabore
Emaztiak ez gaiz erran ene amorekatik
Gizonek uzi balizate elaidite faltarik.
(…)
Emazterik ezten lekuian eztakusat plazerik
Ez gizona ez exia behinere tsahurik
Exian den gauza oro gaizki erreglaturik
Parabizuian nahi enuke emazterik ezpaliz.
(…)
Nik eztanzut emaztiak borxaturik gizona
Bana bera zoraturik andriari darraika
Zenbait andre hel baledi oneriztez hargana
Zein gizonek andriari emaiten du ogena.

Bitxigorriaren iradokizuna:
Liburutegiek ere badute morboa...
1-
Eraman liburua (beste batzuen artean; disimulatzeko) liburutegi batera.
2-
Bilatu mahai eroso bat, eta gozatu jendartean.
3-
Lantzean behin, apaletan zerbait bilatzen ari zarenaren plantak egin ditzakezu liburua irakurtzen duzun bitartean...