Sormenaren plataforma gazte eta hurbilekoa

Sormenaren plataforma gazte eta hurbilekoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/10/06
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Sormenaren plataforma gazte eta hurbilekoa
Gazte sortzaileek beren lanaren berri emateko eta ezagutza partekatzeko sortu dute Kutxa Kultur Class, 150 ikastaro baino gehiago eskainiko dituen egitasmoa.


Jakinmina, gauza berriak probatzeko grina, jendea ezagutzeko irrika, eta nola ez, nahiz eta batzuk kontrakoa saltzen saiatu, zailtasun garaietan aurrera egiteko indarra. Horiexek dira gazteok batzen gaituzten hainbat ezaugarri. Hala, testuinguruak trabak baino jartzen ez dizkigun honetan, sormena gidari hartuta, pasio dituzten alorretan ibilbide propioa egiten ari dira gazte asko.

Hori horrela izanik, zer hobeto gazteentzako interesgarriak diren ikastaroak antolatzeko bide berriak urratzen ari diren gazte horiengana jotzea baino? Horixe da Kutxa Gizarte Ekintza saileko arduradunek Kutxa Kultur Class egitasmoa diseinatzeko egin dutena: Gipuzkoan alor ezberdinetan nabarmentzen ari diren gazte horiekin harremaneran jarri eta euren adinkideei zer erakutsi edo irakatsi nahiko lieketen galdetu.

Emaitza begibistakoa da: artea, diseinua, ekologia, gastronomia, moda, musika edota teknologia berriak bezalako gaien inguruko 150 ikastaro baino gehiagoko programazio aberatsa. Euren lana ezagutzera emango duten gazte sortzaile horietako batzuk dira Marga Altolagirre (Pasai Donibane, 1982), Naia Querejeta (Hondarribia, 1986) eta Telmo Trenor (Donostia, 1986).
"Artearen inguruko ikerketak asko interesatzen nau, eta horregatik sortu nuen Arte Eszenikoen Laborategia", dio bikoizlari, aktore, abeslari zein zuzendari lanetan aritzen den Altolagirrek. Interpretazioaren hastapenak eta Kantu-teknikak ikastaroak emango ditu, eta bere hitzetan, parte hartzera animatzen direnek "norbere senetik ateratzen den izaki sortzailea nor den deskubritzeko aukera" izango dute.

Gazteek gazteentzako
Naia Querejetak freelance diseinatzaile grafiko bezala lan egiten du, eta oro har diseinuarekin eta kulturarekin erlazionatutako ekimenetan ere aritzen da. Momentu honetan, Tabakalerako Hirikilabs hiri-laborategian dabil. Sormena erdigune hartuta, "marrazki, grafiko eta hitzak erabilita bisualki komunikatzeko ikastaroa, kreatibitate-teknikak lantzekoa eta ideia kreatibo bat negozio nola bihurtu jakiteko ikastaroa eskainiko ditu.

Telmo Trenor donostiarrak (1986) hamar urte daramatza musika elektronikoa lantzen. "Beti gustatu izan zait era guztietako musika, baina inoiz ez dut instrumenturik jotzen jakin. Ordenagailu batekin etxean abestiak egin ahal izateak asko erakarri ninduen eta segituan engantxatu nintzen", dio. Rap munduan mugitu da batez ere, baina azkenaldian denetarik egiten dihardu: bakarkako proiektuak, kontzertuak Gallinero All Atars taldearekin, kolaborazioak, dj set-ak edota telebistarako sintoniak. Musika elektronikoaren hastapenak izeneko ikastaroan "zerotik hasten direnek zein jadanik musika produkzioan sartuta daudenek izango dute lekua, eta softwarea zein hardwarea erabilita, samplerrak, sintetizadoreak, platoak eta jendeak eskatzen duen oro landuko dugu".

Kutxa Kultur Class programan izena emateko epea 2014ko urriaren 6tik 22ra izango da. Informazioa zehatza kutxakultur.com webgunean aurkitu daiteke.