Sylvia Plath: Estasia iluntasunean

Sylvia Plath: Estasia iluntasunean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sylvia-plath-estasia-iluntasunean/@@download/image/silvia_path_1396532751.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Sylvia Plath: Estasia iluntasunean
"Estasia iluntasunean. // Gero, muino harritsu eta distantzien / isuri urdin funsgabea". Hala dio Sylvia Plathen (1932, Boston, AEB – 1963 Londres, Erresuma Batua) Ariel poemaren lehen ahapaldiak.

"Plathen zaldietako baten izena da Ariel, eta harekin egindako txango bat da poema honen abiapuntua", dio poemaren izenburuari dagokion oharrak. Olerki honek ematen dio izena Plathek hil aurretik argitaratzeko prest utzi zuen poema bildumari. Otsailaren 11n bete dira 51 urte idazle estatubatuarrak bere buruaz beste egin zuenetik, eta euskaraz iritsi zaigu esku artera Ariel eta beste poema batzuk, Iñigo Astizek itzuli eta Denonartean argitaletxeak argitaratu duen poema bilduma.

Haurra zenetik idatzi zuen Plathek: zortzi urterekin lehen poema argitaratu zuen aldizkari batean. Gerora ere hainbat errebistatan argitaratu zituen bere testuak, eta gaztetatik sari andana jaso zuen. Bizitza gogorra izan zuen, behin baino gehiagotan saiatu zen bere buruaz beste egiten. Bizi artean bi liburu argitaratu zituen, The Colossus and Other Poems (1960) poema bilduma eta The Bell Jar (1963) eleberria.

Sylvia Plath ‘poesia konfesionala’ deritzon joeraren barnean kokatzen da, Alda Merini italiarra, Anne Sexton eta Allen Ginsberg estatubatuarrak, eta beste hainbatekin batera. AEBetan hedatu zen bereziki, 50eko eta 60ko hamarkadetan. 1982. urtean, hil ondorengo Pulitzer saria eman zioten The Collected Poems lanagatik.

Ikuspuntu pertsonaletik tabuak izan daitezkeen gaiak landu, eta batzuetan bortitz eta ikusgarriak diren irudiak sortzen ditu Plathek. Horregatik, nekeza izan daiteke liburuan sartzea, baina erritmoak eta hitz-jokoek zabaltzen dute bizitzaz beteriko lerroetara doan atea.

Bibliografia


Poema bildumak:
•    The Colossus and Other Poems (1960).
•    Three Women: A Monologue for Three Voices (1968).
•    Crossing the Water (1971).
•    Winter Trees (1971).
•    The Collected Poems (1981).
•    Ariel eta beste poema batzuk (2013, Denonartean).

Eleberria:
•    The Bell Jar: A Novel (1963), Victoria Lucas ezizenarekin.

Haurrentzako liburuak:
•    The Bed Book (1976).
•    The It-Doesn't-Matter-Suit (1996).
•    Mrs. Cherry's Kitchen (2001).