Telefonoarekin erosketak egitera

Telefonoarekin erosketak egitera https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/10/06
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Telefonoarekin erosketak egitera
Patrikan ordenagailu txiki bat eramateak abantaila asko ditu; denok dakigu zenbat aldatu diguten bizitza gailu txiki, edo ez hain txiki, horiek. Aurki, NFC izeneko  teknologiari esker, eguneroko erosketetan ez dugu diru fisikoaren beharrik izango, ezta txartelen beharrik ere.


Gertu da eguna erosketak diru fisikoarekin edota txartelarekin ordaindu ordez sakelako telefonoa erabilita ordainduko dituguna. Telefonoa dendariak izango duen gailu batera gerturatu, gaur egun txartelez ordaintzeko erabiltzen diren gailu horien antzerakoa, gakoa idatzi eta zuzenean gure kontu korrontetik kenduko digute gastatu dugun diru kopurua. Dendetan bezala, kaleko freskagarri edo goxoki makinetan ere modu berri horretan erosketa egiteko aukera izango dugu.

Hori guztia NFC (Near Field Communication) izeneko teknologiari esker lortzen da; hurbil dauden bi gailuren artean (20 cm-ra gehienez) informazio trukaketa egitea ahalbidetzen du. Teknologia hori ez da berria, urte batzuk daramatza gure artean, baina telefono mugikorren kasuan ez du momentuz babes handirik jaso.
Hortaz, teknologia berria ez baldin bada eta gure artean urte batzuk baldin badaramatza, zergatik ez dugu erabiltzen? Kontua da NFC teknologian oinarritzen den erosketa moduak saltoki eta bankuen aldetik inbertsio handia eskatzen duela, eta inbertsio hori gauzatzeko erabakirik oraindik ez dute hartu.

Dena den, badirudi joera hori laster aldatuko dela. Iragan hilabetean Applek Apple Pay zerbitzua aurkeztu zuen, alegia, diru trukaketa egiteko garatu berri duen zerbitzua; eta salgai jarri berri duten iPhone 6ak duen NFC teknologian oinarritzen da.

AEBetara begira
Kontutan izan behar dugu Europara iristen zaigun teknologia guztia aurretik AEBetan jarri dutela martxan. Beraz, Applek NFC teknologian oinarritutako zerbitzua garatu eta erabiltzeak hainbat abantaila ekar dakizkiguke. AEBtan iPhonea da jendeak gustukoen duen smartphone-a, beraz, oraingoan saltzaile zein bankuen babesa jasoko duela aurreikusi daiteke.

NFC teknologia bi gailuren arteko informazio trukaketa egiteko pentsatuta dago, beraz, beste hainbat ekintza burutzeko aukera ere izango dugu laster, adibidez, etxeko atea irekitzea edo kotxea martxan jartzea. Kasu horretan, dendari eta bankuak ez dute esateko askorik izango, bai, ordea, fabrikatzaileek.

Harritu gaitu



Wetransfer

Pisu handiko fitxategiak posta elektronikoz bidaltzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua.

Katxondoena



Sexy People

Autoestimua igotzeko beharra sentitzen baduzu, bisita ezazu Sexy People bloga. Italiar batek martxan jarritako guneak mundu osotik bidalitako erretratu xelebreak biltzen ditu.

Informazio bila



Down for Everyone or Just Me

Web orrialde batera sartzeko arazoak daudenean bi arrazoi egon daitezke: euren zerbitzariak akatsa izatea edo gure konexioa ondo ez egotea. Orrialde honen bitartez erantzuna jakingo dugu.