Txomin Arana: "Euskal Herrian ez dugu zirkuiturik, eta ondo entrenatzeko urrunera joan behar gara"

Txomin Arana: "Euskal Herrian ez dugu zirkuiturik, eta ondo entrenatzeko urrunera joan behar gara" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txomin-arana-quoteuskal-herrian-ez-dugu-zirkuiturik-eta-ondo-entrenatzeko-urrunera-joan-behar-garaquot/@@download/image/txomin_arana_na_1396518562.jpg
2014/04/07
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa. Argazkiak: Gernika Off-Road
Txomin Arana: "Euskal Herrian ez dugu zirkuiturik, eta ondo entrenatzeko urrunera joan behar gara"
Dakar rallyra lehenengoz joan eta amaitzea lortu zuen urte hasieran Txomin Arana (1985) ereñoarrak. Gernika Off-Road taldeko gidaria moto-kros txapelketetan murgilduko da orain buru-belarri.


Nola baloratzen duzu egindako lana?
Hasieratik argi nuen zein zen nire helburua: lasterketa amaitzea. Helburu hori bete dut, eta beraz, oso pozik nago.

Aurten euskaldun bakarra izan zara.
Bai, baina aurretik hainbatek parte hartu izan dute. Eta seguru nago ondorengo urteetan ere jendea animatuko dela. Nire aldetik, lasterketaren hasieran ikurrin bat eraman nuen bizkarrean, eta lasterketan zehar ere buff edo zapi bat eraman nuen.

Munduko probarik gogorrena omen da…
Fisikoki gogorra da, baina baita psikologikoki ere. Dena den, nik lasaitasunez hartu nuen hasieratik, eta nahiko ondo eraman dut dena. Hala ere, bizi izan ditut momentu zailak. Adibidez, etapa batean motorra apurtu zitzaidan, bero izugarria egiten zuen, eta bost orduz eguzkipean motorra ezin konponduta zabiltzanean… lasterketa uztea ere burutik pasatzen zaizu. Momentu txarrenetakoa izan zen. Beste egun batean, motorrak sua hartu zidan, eta ahal bezala itzali nuen, area botata. Zortea izan nuen, eta ez zen ezer larririk gertatu. Onena, horrelako momentu zailetan ere umorea ez galtzea.

Hego Amerikan ibilbideak duen altuerak are gogorragoa egiten du lasterketa?
Bai, altuerak lasterketa asko gogortzen du. Pilotuak egin beharreko esfortzu fisikoan asko nabaritzen da, baita motorraren funtzionamenduan ere, motorra indarrik gabe geratzen baita. Aurten hirugarren etapan 4.300 metrora igo ginen, eta Bolivian pare bat egun egin genituen 3.000 eta 3.800 metro artean.

Leku ederrak ikusteko aukera ere izan duzue, ordea?
Zalantzarik gabe. Orokorrean, egon garen leku guztiak gustatu zaizkit, baina bat azpimarratzekotan, Argentinako iparraldea nabarmenduko nuke, Salta ingurua. Eta Bolivian Uyuniko gatzagak zeharkatzea ere oso hunkigarria izan zen.

Partaideen artean ohikoa da elkar laguntzea, ala bakoitza bere buruaz baino ez da arduratzen?
Lasterketa bat da, eta normala da partaideon buruetan aurrera egiteko gogoak izatea. Hala ere, momentu txarretan laguntasuna egoten da, batez ere kolpe handiak edo arazo larriak tarteko direnean. Baina arazo mekaniko soil batengatik jendea ez da laguntzera gelditzen.

Espainiako moto-kros txapelketa otsailean hasi zenuen. Nola doa?

Hasiera ez da oso ona izan. Dakarrean hartu nuen kolpearen ondorioz ez dut entrenatzeko denbora askorik izan, eta lehenengo lasterketan hogeigarren postuan sailkatu nintzen.

Europako txapelketa apirilean hasiko duzu. Nola ikusten duzu zeure burua?
Europako txapelketa hau berria da, eta ez dakigu zenbat parte hartzaile izango diren. Lehenengo lasterketan parte hartzeko, entrenamenduetan 40 piloturik azkarrenen artean sailkatu beharra dago, eta gero, helburua ahalik eta puntu gehien lortzea da; lasterketan hogeigarren postutik aurrera puntuatzen da.

Non entrenatzen duzu? Euskal Herrian badago aukerarik ganoraz aritzeko?
Euskal Herrian ez daukagu zirkuiturik, eta ondo entrenatzeko urrunera joan behar gara. Ondorioz, astegunetan nekez aritzen gara moto gainean.

Zein mailatan dago Euskal Herriko moto-krosa?
Maila nahiko altua dago egun Euskal Herrian, eta batez ere, gazteak gogor datoz. Bi pilotu aipatuko nituzke: Ander Valentin nafarra eta Iker Larrañaga arabarra. Biak Espainiako txapelketa irabazteko lehiatuko dira MX2 mailan. Etorkizun bikaina dute aurretik.