Ur Apalategi: Errealitatearekin flirteatzen

Ur Apalategi: Errealitatearekin flirteatzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ur-apalategi-errealitatearekin-flirteatzen/@@download/image/ur_apalategi_1371118288.jpg
2011/12/02
erreportajea
Ur Apalategi: Errealitatearekin flirteatzen
Aurtengo Euskadi Literatur Sariek zalaparta handia sortu dute, saiakera arlokoa Joseba Sarrionandiari eman diotela medio. Kalapitaren erdian, ia itzalpean gelditu da Fikzioaren izterrak lanagatik Euskarazko Literatura Saria jaso duen idazlea: Ur Apalategi (Paris, 1972).


Literatura mundutik lore ugari jasotakoa da Apalategiren ipuin bilduma argitaratu berria. Ohi duenez, literaturaz literatura egiten du; ezaguna duen inguruari kritika zorrotza egiten dio, errealitatea eta fikzioa nahastuz, lehen batekin eta gero bestearekin flirteatzen balebil bezala.

Dena den, badirudi Apalategiri ez zaiola axola itzalpean gelditzea; ez du bere burua idazle profesionaltzat. Aitzitik, ofizioa unibertsitatean dauka. Zuzenbidea ikasi zuen Baionan, eta Letra Frantsesak Bordelen. Doktoradutza, ostera, Euskal Filologian du egina, Bernardo Atxagaren literaturari buruz. Tesia frantsesez argitaratu zuen, Parisen. Gaur egun Baionako Unibertsitateko irakaslea da, eta Ramon Saizarbitoriaren lanari buruzko ikerlan batean dihardu; bi hizkuntzatan argitaratzeko asmoa du.

"Unibertsitatearekin ezkonduta nago; literatura nire amorantea da. Ez nuke harekin ezkondu nahi, aspertu egingo nintzatekeelako" esan izan du. Presarik gabe idazten du, berak behar duenean. Lehen lana 1995ean argitaratu zioten, Erdi guneak olerki bilduma; 1997an Beterriko Liburua Saria eman zioten Gauak eta hiriak eleberriagatik; eta 2004an ikusi zuen argia Gure Gauzak S.A. intrigazko nobelak, ez polemika gutxiren ostean.

Maitale zahar baten moduan ezagutzen du literatur mundua; probokatzailea eta zorrotza da idaztean. Hala ere, harekiko distantzia mantentzen saiatzen da: "Literatura espazio injustu bat da, eta horrek du interesgarri egiten".

Bibliografia


Poesia
• Erdi guneak (1995, Maiatz) Eleberria
• Gauak eta hiriak (1997, Elkar)
• Gure Gauzak, S.A. (2004, Utriusque Vasconiae)
Ipuina
• Fikzioaren izterrak (2010, Susa)
Saiakera
• La naissance de l'écrivain basque (2000, L'Harmattan)
• Belaunaldi literarioak auzitan (2005, Utriusque Vasconiae)