Urriak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna

Urriak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/10/06
erreportajea
Oneka Zaballa. Euskal Nekazarien batasuna (ENBA gazteak).
Urriak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna
1995ean, NBEk Pekinen antolatu zuen Emakumeen gaineko IV. Biltzarrean izendatu zen Landa-eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna, mundu osoan landa-eremuko emakumeek egiten duten lana ikusarazte eta aintzateste aldera.


Aurrerapausoak eman dira garai haietatik hona, bide luzea egin da gizaki guztien aukera-berdintasunerantz. Emakumeek aurrera egin dute beren eskubideak erabiltzen, autonomia handitzen eta baliabide ekonomiko, sozial, kultural eta hezigarriak eskuratzen.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeria oinarrizko osagaia izan da eskubideak parekatzeko. Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titulartasun partekatuaren figura berria arautu izana da horren adibide bat. Berorrek sekulako aurrerakada ekarri du, lehenengo sektoreko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean: batik bat, baliabide ekonomikoak, lurra, nekazaritza ustiapena eta horrek dakartzan mozkin eta aukera guztiak eskuratzeari dagokionez. Hortaz, autonomia pertsonalerako urrats ezinbestekoa izan da.

Hala ere, landa-ingurunean berdintasunerako legeak eduki arren, hori baino garrantzi gehiago duten gauzak daude, hau da, lege horiek emakumeen eguneroko bizimodura eramatea, baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak erabiliz.

Nazioarteko egun horretan, landa-inguruneko emakumeak eskubide osodun pertsona gisa nabarmendu nahi ditugu. Aintzatetsi eta ospatu egin nahi dugu emakume horien parte-hartze sozial eta politikoari esker eta beren ahaleginari esker egunez egun landa-ingurunean berdintasuna lortzen ari dela eta bizi baldintzak parekatzen ari direla. Eta, era berean, aldarrikatu nahi dugu eskubideak ez direla ematen, erabili egiten direla. Horregatik, oraindik bide luzea dagoela egiteko esan nahi dugu. Erakundeok, elkarteok eta landa-ingurunekook elkarrekin jorratu behar dugu bide hori egunez egun eta eskuz esku, historiak agindu digun atazarik politenetako bat gauzatzeko: Berdintasuna lortu.
Aurten LAND@21, landa eremuko emakumeen elkarteak, Orion ospatuko du Urriaren 15a, Orioko sare jostaileek izan duten garrantzia azpimarratuz. Goizean, Orioko ikastolan hitzaldi bat egingo da, eta bertan izango da, beste batzuen artean, Izaskun Landaida EMAKUNDEko zuzendaria.