Uxue Alberdi: “Hitzarekin jolastea gustatzen zait”

Uxue Alberdi: “Hitzarekin jolastea gustatzen zait” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uxue-alberdi-hitzarekin-jolastea-gustatzen-zait/@@download/image/80p58alberdi3_1363799409.jpg
2007/12/07
elkarrizketa
Alberto Irazu
Uxue Alberdi: “Hitzarekin jolastea gustatzen zait”
Azkenaldi honetan, gelditu gabe dabil Uxue Alberdi. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan G puntuaren bila sumatu genuen, nahiz eta ez den finalerako sailkatu. Literaturan ere hor ari da, xirriki-xarraka, Hamaika Makila izeneko liburua hezurmamitzen. Esateko gauza ugari du elgoibartarrak.

Uxue Alberdi idazlea. Uxue Alberdi bertsolaria. Uxue Alberdi irrati esataria. Uxue Alberbi bidaiaria. Zenbat Uxue Alberdi daude?
Uxue Alberdi bakarra dago. Nik ez dut beste pertsonek baino gauza gehiagorik egiten, baina kontua da nik egiten ditudan gauza guztiek oihartzun berezia daukatela. Nire lagun askok ere mila gauza egiten dituzte, baina inork ez die elkarrizketarik egiten horregatik. Eta zuk aipatu dituzun alor horiek guztiak ez dira hain ezberdinak haien artean. Hitzarekin jolastea gustatzen zait, eta kuriositate handiko pertsona naiz.

Alor horiek guztiek zer ematen diote elkarri?

Askotan egin didate galdera bera bertsoaz eta literaturaz. Egia esan, gehiago ikasi behar izan dut bi jardunak bereizten, elkarrekin uztartzen baino. Bietan hitza lantzen duzu, eta bietarako balio dizu lanketak eta irudimena beti martxan edukitze horrek. Dena den, bi prozesuak bereizten ikasi dut. Literaturak bertsoari eskatu ezin diozun perfekzioa eskatzen dizu; bertsoari hori eskatuko bazenio, txoratu egingo zinateke. Beraz, desegiten ikasi behar izan dut, eta gero, oinarrizko horretatik hasten. Hasieran bertsoak idatziz egiten nituen, eta gero, bapatean hasi nintzenean, bertsoei idatzizkoen kalitatea bera eskatzen nien. Ezinezkoa zen, jakina.

Sortze prozesuaren abiaduran, denboran… Non dago koxka?

Ez da abiadura kontua bakarrik. Bertsoak muga batzuk dauzka: abiadura, errima, neurria, jende baten aurrean aritu beharra… Beraz, arau horien barruan jokatzen ikasi behar duzu. Aldiz, literaturan nahi dudanari buruz idazten dut, nahi dudan beste, eta nahi beste denboran. Bertsotan askoz mugatuago dago dena, baina muga horiekin batera, beste mila gauza on daude: esaterako, lagunarteko ariketa dela. Nik askoz lagun gehiago egin ditut bertsolaritzaren bidez literaturarekin baino. Bertsolaritzak Uxue sozializatzeko balio izan dit. Aldiz, literaturak gogoetarako aukera ematen dit, nire barrura sartzeko. Biak behar ditut oreka mantentzeko.

Erasmusi esker, urtebete pasatu zenuen Suedian. Han girotu zenituen Aulkiak elurretan-eko ipuinak. Hainbeste markatu al zintuen inguru hotz hark?  

Ni ez nintzen Suediara joan tonu horretako liburua idatzi nahi nuelako. Besterik gabe, Eramusen beka hori eman zidaten, eta ahalik eta urrunen joatea erabaki nuen. Beste leku batera joanez gero, zerbait ezberdina idatziko nuen. Suediatik Bilbora itzuli nintzenean, asko kostatu zitzaidan ipuinak  Suediara eramatea, eta irudimena probokatu behar izan nuen, Suediako web orrialdeetan sartuz, Bergmanen pelikulak ikusiz… ez zen erraza izan.

Kuban eta Indian ere ibili zara. Baina herrialde horietan kokatutako ipuinik ez duzu idatzi oraindik…

Antza, zerbait idazteko denbora luzea behar dut, barneratu egin behar dut. Indian hilabete pasatu nuen, baina zuk diozun moduan, han ez nuen ezer idatzi. Nonbait, hilabete pasatu ondoren idatzitako bidaia liburuek ez didate ezer esaten...

Joseba Jaka bekari esker, Hamaika makila izeneko liburua prestatzen ari zara gaur egun. Kostaldeko herri txiki bateko aitona-amona batzuk izango dira protagonistak.

Zergatik aitona-amonak?
Bi jolas daude liburuaren oinarrian. Batetik, aitona-amona guztien artean 1.000 urte betetzen dituzten egunean hasten da liburua. Bestetik, aitona-amona guztiak ez daude egoera fisiko berean, eta haietako bat elizara joaten da egunero, bestea moilara, bestea sukaldetik egongelara… Baina arratsaldero, kafea hartzeko geratzen dira denak. Aitona-amonak hiltzen hasten direnean, hutsuneak sortzen dira. Zahar horiek islatzen saiatu naiz.

Ez da oso ohikoa gazte batek, bere bigarren liburuan, aitona-amonez hitz egitea, eta are gutxiago gaur egun, zahartzaroa ez baitago batere modan…

Ez, zahartzaroa ez dago batere modan. Tamalez, horrela bizi dugu zahartzaroa: traba balitz bezala. Egia esan, ez da erabaki kontzientea izan. Liburukoak pertsonaia fiktizioak izan arren, Hamaika makila hauek nire aitona-amonak ere badira neurri batean. Nire aitona-amonak ere kostaldekoak dira, eta behin, beste aitona-amona batzuekin koadrilan ikusi nituen, eta irudi bat geratu zitzaidan buruan: makila guztiak izkin batean bilduta.

Orain arte ipuinak idatzi dituzu, baina proiektu hau nobela da… Zein generotan sentitzen zara erosoago?

Ipuina nire faboritoa da; baina ez idazteko bakarrik, irakurtzeko ere bai. Nobela ere gustatzen zait, baina ipuinak daukan intentsitate hori, lagatzen dizun irudipen hori… Hori asko atsegin dut.

Bertsolaritzan, G puntuarekin saiatu zara. Literaturan, non dago G puntua?

Askotan, adjektibo negatibo bezala erabili da estetizista hitza, baina nik badut zerbait hortik. Irakurtzen ari naizen testuak mezu bat edukitzea gustatzen zait, baina, era berean, plazerra sentiarazi behar dit. Irakurketak zerbait esan behar dit esaldiz esaldi; esaldiek laztandu egin behar naute, nolabait.

Durango gogoan, euskarazko zein liburuk markatu zaitu? Zein liburu aholkatuko zenieke bertara doazenei?

Lehenik, gauzatxo bat aitortu behar dut: nik sekula ez dut ezer erosi Durangon, nire amak liburu denda txiki bat duelako. Joaten naiz Durangora, eta gustatzen zait hango giroa, baina koaderno bat eraman ohi dut, eta nire herriko denda horretan zer erosi apuntatzen dut. Aholkatuko nukeen liburua? Harkaitz Canoren Neguko zirkoa. Harkaitz Cano maisua da niretzat, asko gustatzen zait nola idazten duen. Bereak oso ipuin intentsoak dira, esanahi handikoak.