Xabier Silveira: "Askotan, sentipena dut bizitza propiorik gabe geratzen ari naizela"

Xabier Silveira: "Askotan, sentipena dut bizitza propiorik gabe geratzen ari naizela" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-silveira-quotaskotan-sentipena-dut-bizitza-propiorik-gabe-geratzen-ari-naizelaquot/@@download/image/74p28_1364247169.jpg
2007/05/04
elkarrizketa
Lander Garro
Xabier Silveira: "Askotan, sentipena dut bizitza propiorik gabe geratzen ari naizela"
Xabier Silveira Nafarroako bertsolaririk onena da. Hori erakutsi zuen Elizondoko Nafarroako Txapelketan laugarren txapela lortuta. Mutil lotsatia da, eta, aldi berean, mihi luzea eta ahoberoa. Begietara begiratu gabe hitz egiten du, baina harridura sortzen du hitzez. Zintzoa eta ausarta da, eta iritzia, baliotsutzat jotzen duten horietakoa. 

Iritzia izan behar da, iritzi propioa eta, gainera, iritzi hori defendatu egin behar da. Horixe aldarrikatzen du, hitzez baino ekintzez, Xavier Silveirak. Bere iritziek arerio ugari sortu dizkiote bidean. Gara egunkarian zutabea idazten du astero, gaztelania eta euskara tartekatuta. Horrek ere, noski, zeresan ugari sortu du. Aurkakoa ematen badu ere, autokritikarako gaitasun ikaragarria dauka, eta baita horretarako joera nabaria ere. Bertsolaria eta iritzigilea izateaz gain, abeslaria da. Sormena bilatu gabeko sortzailea dirudi: sorkuntzak gaina hartzen dio, nahitaez.

Elizondoko saioan, txapelari kantatu zenion lehen bertsoa. Maitasunez, mimatuz, ia fetitxe bati bezala. Lehiaren apologia egiten duen bakarrenetakoa zara bertsolaritzan.

Irabazteko aurkeztu nintzen aurtengo txapelketan. Inoiz baino argiago izan dut hori. Aurreko urteetan motibazio ugari izan nituen; txapela hor zegoen, baina baziren bestelako arrazoiak. Aurten, ordea, txapelaz gain, gutxi jokatzen nuela sentitu dut; irabazteko beste ezer ez nuela sentitu dut. Galtzeko bai, asko nuen galtzeko, baina irabazteko, gutxi. Eta asko galdu nuela uste dut, jende asko ari zelako entzuten, eta ez nuelako nire maila eman. Bukaeran, agian. Sentipena dut jendeak nire mailaz daukan iritzia ez dela zuzena. Txapelari egindako bertsoa hortik zihoan. Urteetan txapelketaren arauak ikasi ditut, zer egin behar den txapela irabazteko. Eta horrek asko baldintzatzen du bertsoa. Uste dut, agian, obsesionatuegi joan nintzela, eta horrek mailan ere eragin zidala. Bertsotan ongi egin beharrean, puntuak jasotzera jo nuen. Ez nuen modu logikoan egin. Ez nuen amaierarik, amaierak jarri egin behar nituen. Bertsotan bizitza jokoan duzula sentituz egitea ez da erraza. Laburtuz: bai, txapelari abestu nion. Bera eta biok, eta beste inor ez zegoela sentitzen nuen. Gure arteko mobida bat zela. Nik, berarekin hitz egin behar nuen, ez besteekin. Besteak nire txapelaren bila zihoazen. Gauzak argitzearren kantatu nuen bertsoa.

Zure buruari, kartzelako saioan, porro bat errez atera zenion argazkia. Munduko beste inongo tokitan ez dago hain jendetsua eta hain anitza den ekimenik non izarra, protagonista, horrela biluzten den. Ez al da harrigarria?

Bai, egia da. Bertso saioak dira ekimen bakarrak non jendaurrean porroak erre daitezkeen. Euskal Herrian porroak erretzea guztiz normala da; ia zigarroak bezala erretzen dira. Nik urte mordoa daramat azken bertsoaren ondoren porro bat erretzen; mundu guztiak daki erretzen dudala. Elizondoko saioan, bertsoa amaitzerakoan ohartu nintzen abestutakoa puntazoa izan zela. Hala ere, uste dut ez zela inor harritu. Kontua, beste ikuspegi batetik begiratuta: bertsolaritzan bakarrik gerta liteke nik eta Joxe Agirrek, edota Jokin Urangak eta Joxe Lizasok oholtza konpartitzea. Bestelako arte disziplinetan ez da horrelakorik gertatzen, munduko inongo tokitan. Euskal Herrian bertan, erdaldunen munduan ere, ez da horrelakorik gertatzen. Hauek euskaldunon kontuak dira, euskaldunak puntazo bat garelako.

Maitatutakoa maitasunagatik ihes egiten uztea gauza bitxia da. Poesian jokaera honen alde egiten da askotan, baina ez bizitzan. Bizitzan zikoitzagoak eta kirtenagoak gara. Zuk, ordea, askatasun horren alde egin zenuen bertsotan.

Nik neuk bizitutakoa da hori; maitasun modu hori ezagutu izanaren ondorio izan zen. Bertsoan, leihoan zertan nengoen erabaki behar nuenean, maitasunaren ideia etorri zitzaidan, puntuak irabazteko modu errazena izaten delako, asmatzen baduzu. Besterik gabe desamodiozko bertsoak botatzea ez zen nire asmoa, ordea. Segundu gutxi horietan gauzak arrapaladan etortzen zaizkizu. Nire burua urrutira begira irudikatu nuen, joandako norbaiti begira, eta hori bizi izanak lagundu zidan. Mezu hori zabaltzea ona da, bestalde. Ia egunero entzuten dugu bikotekide ohiak jo, labankatu edo akabatu duen norbaiten istorioa, eta uste dut hori ez dela eredu ona. Ez dakit eredurik dagoen, baina joaten uztea gizalegezkoa da. Maitea galtzeagatik mina sentitzeko gaitasuna izan behar da. Maite badugu, onena nahi dugu berarentzat. Eta onena norberak aukeratzeko askatasuna izatea da.

Kartzelako saioa amaituta, zeure burua txalotu zenuen, poza ezkutatu gabe, argi azalduz lehian ari zinela eta ez jolasean. Ez da ohikoa, ezta?

Esan bezala, jokoan asko nuela sentitzen nuen, eta hori, hain justu, jolasean aritu ez izanaren ondorioa da. Lehian ari nintzen, eta lehia horren ardatza besteek baino hobe egitea da. Bertsoa amaitutakoan pentsatu nuen zail izango zitzaiela gainerakoei saioa hobetzea, eta poza sentitu nuen. Ez nuen ezkutatu, poza ez delako ezkutatu behar.

Bertsolaritzaren munduan, ordea, gehienetan ezkutatu egiten da. Saio osoan bertsolariak zer sentitzen duen jakin gabe egoten da ikuslea, amaiera arte; epaimahaikideen erabakia arte, behintzat.

Bai, seguru aski horrela da. Denok elkar ezagutzen dugu, hala ere, askotan egoten baikara elkarrekin. Sentimenduak, agian, ondokoak ez mintzeko ezkutatzen dira. Hala ere, norberak ondo egindakoarengatik poztea ez da iraingarria. Beste norbaitek gaizki egin izanagatik poztea, bai, baina ez alderantziz. Arraroa egingo litzaidake norbaitek akatsa egingo balu, bestea, atzean, txaloka pozez hastea; alderantziz ez, ordea. Jokoa, ordea, jokoa da: jokatu nahi ez duenak itxaron dezala oholtzatik kanpora. Txapelketak horixe dira, eta ezkutatu arren, besteen akatsekin pozten diren bertsolariak ere izango dira; hori beraien arazoa da.

Diotenez, bertsoa txinparta da, hiruzpalau elementuren batuketa bikaina-edo: ideia, argudioa, anekdota, azken uneko buelta… Halako batean, ezustean, hortxe sortzen da bertso ona, ikusleekin harreman zuzena eta sakona lortzen duena, giroa iraultzen duena. Elizondokoan, beharbada, ezkontzari buruzkoarekin gertatu zen hori.
Hortxe esnatu nintzen, hortxe aldatu zitzaidan gorputza. Ostiral gauetan berrogei eta hamar bider gertatzen zait hori, baina Elizondon ordubete neraman bertsotan hori sentitu gabe. Bertsotan, edo… Izan ere, beste kontu bat hauxe da: saioetan oso gutxi kantatzen dela. Ia saio guztia egoten da bertsolaria zain, besteei entzuten. Isilik eta eserita… Burutik gauza asko pasatzen da; etenik gabeko agonia da. Zuk aipatzen duzun bertso horretan, hain zuzen, amaiera ona nuen, eta gainerakoa enigmatikoki etorri zitzaidan. Hala gertatzen da; gauza batzuk elkartzen dira, eta bertsoa berez sortzen da. Nik ere igarri nuen. "Despedida bat ez al da hobe, banatu ta gero?", bota nuen, eta segituan entzun nituen txaloak. Jendea iribarrez ikusten nuen… Horrek gehiagotan gertatu beharko luke, eta are gehiago, horrenbeste bertso entzuten den egun batean.
Ezin da azaldu: bost minutu lehenago ezinezkoa zirudiena, halako batean, ezustean, gertatzea… Baina halakoa da bertsolaritza. Horrenbeste zera dago inguruan, atmosfera… ez dakit; edozerk baldintzatzen du.

Erronka jenialtasuna bilatzea da, ezta?

Ez, ezin da bila jardun. Bertsolariak etorria du, eta etorria horixe da: bila ez aritzea. Zain egoteko ausardia izan behar da. Hala ere, zain egoteko konfiantza hori galdu egiten da txapelketan. Bila aritzea izaten da ez etortzeko modurik onena; jenialtasuna, askotan, horrexegatik ez da azaltzen. Ofizioak, adibidez, ez dira izaten elkarrizketa, tarteka elkarlotzen diren bakarrizketak baino; txapelketen ajeak dira.

Etxaberekin saio gatazkatsua izan zenuen hasieran, gogorra, gogorregia agian. Ez zitzaizun haserretu?

Ez, ez, inondik ere. Dena dela, Hitzetik Hortzeran saioa ikusi nuen, eta saioaren ondorengo adierazpenetan, bai Erikak [Lagomaz ari da], bai Etxabek zera esan zuten: ni ezeroso jartzeko erronka izan zutela. Erikak, zehazki, niri egurra ematea gustatzen zitzaiola esan zuen; hor hainbat gauza ulertu nituen. Etxabek, zuk aipatzen duzun ofizioan, ez zuen saio egokia egin; ofizioa garatu egin behar da, ez da bidea ixtera joan behar. Arauetan argi jartzen du hori zigortu egin behar dela. Are gehiago, zure bertsokidea bertsoa arrastora ekartzen saiatzen bada, hori baloratu egiten da. Niri puntuak kendu nahian, beraiek galdu egin zituzten. Hau esaten dut uste dudalako bertsoa biren kontua dela, batek bakarrik ezin duela. Etxabe eta bion artekoa ez zen ondo atera; nik neuk txapelarekin nuen obsesioa guztiek zeukatelako gertatu zen hori. Ni nintzen gainditu beharreko arerioa. Hori ez da taktika ona. Hala ere, txapelketaren kontuak dira. Ni Etxaberekin oso ondo konpontzen naiz, eta asteburu honetan, esaterako, sekulako parranda egin dut berarekin. Zer pentsatzen nuen ere esan nion berari: bertso hartan paperean sartu izan balitz, askoz ere saio hobea egin genezakeela.

Xabi Payak amari egindako eskaintzak Euskal Herriari bira egin zion. Zure agurra irakurtzeko, ordea, ikerketa detektibeskoak egin behar izan dira ia. Txapeldunaren agurra haren egokitasunaren arabera omen da garrantzizko…
97ko txapela lortu nuenean nire azken agurra ere, presoei eta iheslariei eskainitakoa, ezkutatu egin zuten. Hamar urte geroago agurra norabide berean kantatu nuen, eta berdin zentsuratu dute. Gero Estitxuri [Arozenari] bota niona ere ezkutatu dute, eta horrek, bai, harritu egin nau. Xabirenak Euskal Herriari itzulia eman zion, gaztelaniaz eta amari kantatutakoa zelako. Nik ere iaz amari bota nion, eta toki askotan entzun zen. Dirudienez, gauza jakin batzuk ezin dira esan, eta okerrena da Euskal Herriko erakundeek sustatzen dutela hori. Ez dakit zeri dioten beldur. Egoeraren isla da; gatazka politikoaren isla argi eta garbia. Askok diote ez direla politika eta bertsoa nahasi behar, baina berez daude nahasita, nabaria denez.

[Xabier Silveirarekin Errenteria-Oreretako Arkaitza tabernan egin du hitzordua GAZTEZULOk. Herriko tokirik euskaltzaleena da, ia euskaldunen gotorlekua. Tabernara sartzerakoan, denek mahaira begiratzen dute, keinu adierazgarriz. Silveirarekin egonez gero, bere ospea nabari da. Silveirak, ordea, kasu gutxi egiten dio horri. Kaputxadun jertsean erdi-ezkutatuta, elkarrizketaren gaiari heltzen dio, eskuzabal eta sakon erantzunez, erantzunak asko eta luze hausnartuz, ideiak ondo aukeratuz. Zigarretak bata bestearen atzetik pizten ditu].

Marketin irizpideak gero eta zorrotzago ezartzen ari dira bertsolaritzan, batik bat Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaz geroztik. Zuk ondo ikusten duzu marketinaren kontu hori?

Txapelketak eta saio arruntak bereizi beharko genituzke. Azken urte hauetan propaganda asko egin da, geure produktua ahalik eta hobekien saltzeko. Baina hori ez da gertatzen bestelako saioetan. Sarritan ikusten duzu antolatzaile askoren lana telefono deiarekin amaitzen dela, ez baitute gero saioaren arrakasta bermatzeko ezer egiten. Baldintzak ez dira beti oso onak izaten, egia esan. Orain, txapelketaren ondorioz, han aritutako bertsolariek estatus errespetagarria lortu dute, baina saio txikietan glamour hori amaitu egiten da. Ez dakit kontu hau oso ona den. Bertsolariok beste herrialdeetako inprobisatzaileak baino askoz ere ezagunagoak gara, baina, aldi berean, asko ari gara urruntzen herritik. Gaindimentsionatzen ari dira bertsolariak, eta, orain, bertsotan egiteko, bertsolaria izan behar da, kaleko betiko bertsolariaren kaltetan. Pilotarekin antzekoa gertatu da; jende asko pilota ikustera joaten da, ondoren han izan dela esateko. Bertsolaritzan ere gauza bera gertatzen da: txapelketan aretoak betetzen dira, baina saio txikietan ez da jende askorik izaten.

Zure jarrerak edo zure izaerak iritzi publikoaren jomuga bilakatzen zaitu, esamesen eta zurrumurruen biktima. Hor zaude, urakanaren erdian. Hala ere, kanpotik ikusita, intimitate falta sobera gustatzen ez zaizula dirudi.

Ez zait erraz gertatzen ari zaidana onartzea. Komunikabideetan oso maiz ateratzen naiz, eta uste dut funtzio bat betetzen dudala; horrek piska bat lasaitzen nau. Gero, betikoa gertatzen da, hala ere: jendeak pentsatzen du ezagutzen nauela eta nirekin edozertaz hitz egin daitekeela, ia edozein terminotan… Askotan sentipena dut bizitza propiorik gabe galditzen ari naizela. Horrelakoetan galduta sentitzen naiz. Niretzat oholtza batean egotea gozamena da, baina jaitsitakoan publikoa atzean dudala sentitzea ez da erraza; joaten naizen tokira joaten naizela, jendea publiko horren parte dela sentitzea, alegia.