Xan Errotabehere, Kalakan: "Madonna zinez kontent da emaitzaz"

Xan Errotabehere, Kalakan: "Madonna zinez kontent da emaitzaz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xan-errotabehere-kalakan-quotmadonna-zinez-kontent-da-emaitzazquot/@@download/image/2012749852kalak_1360351464.jpg
2012/07/06
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkia: Marion Tourot
Xan Errotabehere, Kalakan: "Madonna zinez kontent da emaitzaz"
Jamixel Bereauk, Thierry Biscaryk eta Xan Errotabeherek osatzen dute Kalakan. Uneotan mundu osoan zehar dabiltza Madonnaren taldearekin biran. Poparen erreginak euskaraz kanta dezan lortu dute, ez da lorpen makala!

Barkatuko didazu, zuzenean galdegingo dizut: nola ezagutu zenuten Madonna?
Talde moduan aritzeaz gain, Katia eta Marielle Labeque pianista famatuekin ere jotzen dugu, eta haiek Madonnaren lagunak dira duela zenbait urtetatik. Joan den udan, Euskal Herrira etorri zen, bi ahizpen etxera, eta guk bere urtebetetzea ospatzeko antolatu zuten gaualdian ezagutu genuen, Katia eta Mariellek sorpresa bat eman baitzioten gurekin joaz.

Eta zein da beragandik jaso zenuten lehen inpresioa?

Zinez? Pertsona sinplea dela, zer nahi duen dakiena, irekia, interesatua, interesgarria... Harritu egin gintuen gaua hain goxoki iragaiteak.

Beraz, kontzertu horren ostean, zuen musika gustatu zitzaiola-eta New Yorkera tailer batzuetan parte hartzera joateko dei egin zizuen.

Bai, aste batez hainbat dantzari eta musikari aritu ginen gure ikuskizunak erakusten eta entseatzen, zer egiten ahal zen eta zer ez ikus zezaten. Horren ondotik deliberatu zuten nork eginen zuen bira. Guri adibidez, aurretik titulu batzuk igorri eta galdegin ziguten horien bertsio batzuen egitea. Gainera, hara joan aitzin Euskal Herriko herrixka bateko etxe batean egon ginen bi astez lan horiek prestatzen, gero tailerretan aurkezteko.

Tailerren ostean Madonnaren biran parte hartzeko galdegin zizueten. Nola hartu zenuten albistea?

Ongi, bistan dena! Pentsa zer nolako produkzioa den hemen! Ziurrenik Euskal Herriko taldeek sekulan ukanen ez duten esperientzia bat zauku proposatua. Hala ere, hautua ez dugu nolanahi egin, gogoeta denbora luze bat behar izan baitugu.

Baina baiezkoa eman zenuten, eta hiru hilabeteko entsegu gogorrekin hasi zineten.

Bai, egun luzeak eta akigarriak izan ziren, baina askatasun franko ukan genuen gure kantak egiteko. Lehen lan astetik haiek bazekiten jadanik gure beharra non zuten. Beraz, ardatz horiek kontuan hartuz gure errepika gelan murgiltzen ginen lan egitera. Ondotik, produzitu lana aurkeztu genion musika zuzendariari, Madonnaren azken baimena jaso aurretik. Egunero entseatu genuen musika taldearekin, eta baita Madonna eta dantzariekin ere.

Eta ikuskizuna prestatzeko garaian, nork izan du gidaritza?

Madonnak badaki artista bakoitzetik zer atera eta zer lortu, eta argi du gutako bakoitzak  zer ekarriko dion ikuskizunari; gurekin ere hala izan da. Musika proposatzen utzi digute, gu geu izaten. Beraz azkenean, biziki erraz integratu gira ikuskizunean.

Zenbat kanta jotzen dituzue?

Zortzi, nahiz eta ez ditugun denak osoki emaiten. Euskaraz, ingelesez, hebreeraz eta sanskritoz kantatzen dugu; batzuk Madonnaren proposamenak dira, besteak gureak.

Taula gainean, musikaz gain euskal estetika eta koreografiak ere landu dituzue.

Bai, Jamixelek zizkien euskal urrats batzuk irakatsi, eta aurreskua ere ikasi zuten New Yorken dantzariek. Ikustekoa zen zein erraztasunekin barneratzen zituzten gure urratsak eta nola bereganatzen zituzten ondotik! Sentsibilitate eta talentu handiko dantzariak ditugu gure inguruan.

Madonnak berak erakutsi du euskal kulturarekiko interesa, ezta?

Bai, izan ere, ulertu nahi izan du nundik heldu den gure hizkuntza.

Eta nolako tratua duzue berarekin?

Bira prestatu bitartean egunero ginuen elkar, baina orain taulagainean baizik ez dugu ikusten.

'Langile fin' moduan definitu duzula entzun dut, baina zein beste ezaugarri ditu gertutik ezagututakoan?

Emazte oso irekia da, jakintsuna. Bere begirada da azpimarragarriena, begi xorrotxak baititu eta hautatzeko gaitasuna ematen diote. Gainera, bere buruarekin biziki zorrotza denez, hautatu dituen artistak beren onena eman dezaten akuilatzen ditu beti, eta lortu ere, lortzen du, denak errespetatzen baititu.

Lehendik ere bere musika ezagutzen zenutela komentatu duzue. Aldatu egin al da Madonnarekiko zenuten inpresioa orain pertsonalki ezagutu duzuenetik?

Bai, noski. Ez da batere gauza bera artista bat urrunetik ikustea eta hurbiletik bizitzea. Orain badakigu zergatik mantendu den horrenbeste urtez gailurrean: langilea izateaz gain, adimentsua ere badelako, eta biziki fite ikasten duelako.

Baina izaera probokatzailea du, eta bira honetan Istanbulen eman zuen lehen kontzertuan bular bat erakutsi zuen. Aldez aurretik prestatzen ditu halakoak, kamerinoetan, ala unean bertan ateratzen zaizkio?

Guk behintzat, ez dugu aldez aurretik horrelakorik prestatzen ikusi. Taula gaineko emaztea da eta biziki untsa daki nola piztu bere entzulegoa.

Biraren inguruko bitxikeriaren bat, anekdotaren bat…

Dantzari batzuk New Yorkeko Brooklyn auzokoak dira eta harreman oso ona daukagu haiekin. Ohartu zirelarik bizi giren herriak 300 biztanlekoak zirela, harritu egin ziren, bertan 2,5 milioi lagun bizi baitira!

Orain arte biraz aritu gara, baina nola sortu zen Kalakan?

Katia eta Marielle Labeque pianistek Ravelen Bolero abestiaren bertsio bat egin nahi izan zuten bi piano eta euskal perkusioarekin, bereziki txalapartarekin. Kontzertu horiek amaitutakoan kanta bat edo bi kantatzeko lekua utzi zieten bi ahizpek entzuleei. Orduan ohartu ziren bazela hor zerbaiten egiteko materia: ahotsak, perkusioak... Sinpletasuna izan zen Kalakanen ardatza.

Zein instrumentu erabiltzen dituzue?

Gure musika tresna guztiak akustikoak dira, elektrizitaterik behar ez dutenak. Lehena txalaparta da, musika tresna honi esker baita taldea sortu. Bestalde, danbor batzuk erabiltzen ditugu —bi danbor handi, Remi Malher Alsaziako organo egileak eginak— eta atabal bat. Panderoak ere bai, eta beste perkusio bitxi ttipi batzuk: intxaurrak, maskorrak… Euskal musika tresnen artean xirula eta alboka baliatzen ditugu. Ahotsak, perkusioak, aire-tresnak… denetarik dugu!

Nola definituko zenukete egiten duzuena?

Euskal tradizioa da. Izan ere, tradizioa bizi egiten da, eta horretarako transmisioak garrantzia handia du.

Euskal kultura zabaltzeko beharra dagoela uste duzu?

Ni beldur naiz gure kultura desager dadin. Ohartzen gira munduan gaindi jendeek ez dakitela non den Euskal Herria, ez dakitela nor garen. Kulturen partekatzeetan, ikerketetan eta trukaketetan sinesten dut, manera batez segitzen baitugu haiek biziarazten. Beraz, zergatik ez lau haizetara zabaldu?

Dagoeneko hainbat kontzertu eman dituzue, gustura zarete emaitzarekin?

Bai, ikuskizun ederra baita, antzezpen anitzekin eta erritmo aldaketa frankorekin;  publikoak baditu gauza asko begiratzeko. Madonnak berak zer dioen, aldiz, ez dakit. Egunero hitz egiten du talde guztiarekin, eta dirudienez zinez kontent da emaitzaz. Guk 2013ko urtarrila bitarte jarraituko dugu, beraz, Euskal Herria berriz ikusteko zenbait hilabetez itxaron beharko dugu.