Zinemaz uhin libreetan

Zinemaz uhin libreetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaz-uhin-libreetan/@@download/image/zinema_1409825799.jpg
2014/09/08
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Zinemaz uhin libreetan
Zinema ikusi beharreko artea den arren, zinemaz gogoeta egiteko ezinhobeak
dira hitza eta musika. Euskal irrati uhinetan badugu horren adibiderik, Bilbo Hiria irratiko ‘Eremuz kanpo’ eta Txapa irratiko ‘Paradisu Zinema’ saioak, kasu.


Irudiak bata bestearen atzetik proiektatzearen efektuz sortzen den mugimendu ilusioa du zinemak oinarri. Gure pantailetan, normalean, segunduko 24 irudi. Irudiak mugimenduan. Besaulkian (edo sofan, edo aulkian) eseri, begiak ondo ireki eta istorioa ikusi. Garunak memoria bisualizatzen duenean bezala, bizitzaren erreprodukzio halako bat. Hala, irudirik gabeko zinemarik nekez izan daiteke.
Irudirik gabe, baina, zinemaz aritu daiteke. Are gehiago, zinemaren potentzial guztia gauzatzeko irudiak makulu dituen bi elementuak, hitza eta musika, ezin tresna egokiagoak dira pelikulak berrinterpretatzeko, zineaz gogoeta egiteko. Horretaz asko dakite Xabier Landabideak, Eneko Olazabalek eta Ander Bolibarrek. Lehenengo biek Eremuz kanpo izeneko irrati saioa egiten dute Bilbo Hiria irratian, eta hirugarrenak, Paradisu zinema Bergarako Txapa irratian.
Zoritxarrez, urriak dira zinemari buruzko telebista zein irrati saioak gure komunikabideetan; eta are urriagoak euskaraz. 2010-2011 denboraldian, ETB3ko Zinemateka saioan kate publikoan ohikoak ez diren film interesgarriak eman zituzten, jatorrizko bertsioan, eta ostean tertulia halako bat izaten zen zinemaren alorrean adituak edo arituak zirenekin. Denboraldi bakarra iraun zuen, ordea. Bolibarren iritziz, "tamalez ez dago erreferentea den euskarazko zinema saiorik, ez irratian, ez telebistan. Eremu publikoan famatuen bizitza errepasatzeak bakarrik inporta duela dirudi, eta pribatuan kartelerak eta jaialdi handiek. Musikarekin antzera, irrati libreetan ontzen dira saio sakon, zirikatzaile eta patxadazko gehienak".
Bi saioek badituzte komunean bi ezaugarri. Lehena, anekdota eta entretenimendu hutsaletik haratago doazen saioak direla, zinemaren gaineko gogoeta patxadatsua eskaintzen dutenak. Eta bigarrena, saioaren gidariek eurek nahi dutena egiten dutela; eta gustura egiten dena hartzaileak nabaritzen du.

Guztien eskura
Hasiera batean, Bilbo Hiria zein Txapa irrati lokalak dira, euren hirigunean emititzen dutenak. Baina bata zein bestea Arrosa irrati sarearen parte direnez, saiook Euskal Herriko txoko ezberdinetan aireratuak izan daitezke. Eta noski, bi saioen podcastak uneoro daude Arrosa sarearen webgunean eskuragarri. "Arrosari eta irratiek teknologia berriekin bereganatu dituzten aukera berriei esker, uhin piraten itsasoa asko zabaldu zaigu", dio Bolibarrek.
Begiak zabaldu beharrik gabe zinemaz euskaraz gozatu nahi duenak, beraz, ezin esango du aukerarik ez duenik. Landabideak, Olazabalek eta Bolibarrek irudietan ikusitakoa, zein ikusten ez dena, eremuz kanpo geratzen dena, adibidez, ahotsaren eta musikaren bitartez transmititzen dihardute. "Zineman hamaika begirentzako materiala dago; irratian pantailako esentzia mantenduko duena aukeratzean datza erronkak", dio Bolibarrek. "Guk piezak hartzen ditugu (giroak, pertsonaiak, elkarrizketak, eszenak…) entzuleei beste osotasun posible batzuk proposatzeko", gaineratu du Landabideak.

Eremuz kanpo



Landabideak eta Olazabalek gidatzen duten saioan hitza nabarmentzen da beste ezeren gainetik; zinema oinarrian duen saio literarioa dela esan daiteke. Olazabalen esanetan, inprobisatzeko gaitasun eza da saioak testu idatzia lagun izatearen arrazoia: "Zuzenean ez gara momentuz moldatzen, ez dugu graziarik. Orduan, idatzi beharra sortzen da, eta idatzi behar denez, hobe gustura egin. Egia esan, maite dugu idaztea, batez ere testu zailak, besteak irakur ditzan eta nahas dadin".

Gai bat hari gisa hartu (giltzapekoak, surrealismoa, remakeak, hiriak...) eta hortik tiraka osatzen den film zerrenda gidoi duen pastichea du hezurdura saioak: filmetako elkarrizketak, erreferentziazko testuak edota gogoeta propioak, giroak iradokitako musikaz lagunduta.

Landabidearen hitzetan, "egokitzapenak ematen duen askatasuna baliatzearen zale gara, traduttore-tradittoreak. Eta testuak irudiak sortzeko erabiltzen ditugu, begiak itxita gauza asko ikusi baitaitezke".

Denboraldi berria irailean hasiko dute. Aurreko saioak Bilbo Hiriaren webgunean daude entzungai.

SAIO GUZTIAK ENTZUNGAI
bilbohiria.eus/saioak/eremuz-kanpo

2013-2014KO ONENAK
- Ekintzak eta ardura (2x02)
- Irudiaren lana (2x03)
- Etorkizun oroituak (2x12)

Paradisu zinema



Musika oinarri duen saioa da Ander Bolibarrek zuzentzen duena, eta noski, filmen soinu bandek garrantzia berezia dute bere proposamenean: "Zinema eta musika gustuko izanda, eta Txapa irratiaren eraikin berean zineklub bat eramaten genuenez, pauso naturala izan zen soinu bandetan oinarritutako irratsaio bat egitea."

Hala, bakarrik zein gonbidatu bereziak lagun dituela, film bat (Dancer in the Dark, 24 Hour Party People...), zuzendariak (Tarantino, Coen anaiak...) edota genero bat (zientzia-fikzioa, zine beltza...) hizpide hartu eta soinu bandetako kantak tartekatuz iruzkintzen ditu filmak; eta ariketa horretatik eratorritako gainerako gogoetek aberasten dute saioa.

"Irrati bidezko azpitituluak asmatu bitartean, euskarazko irratsaioan gaztelaniazko elkarrizketak eta ingelesezko kantak nahasten zaizkigu. Euskarazko zinemarik ezean, musika da erabili dezakegun hizkuntza unibertsala", azaltzen du Bolibarrek.

Paradisu zinema urri erdialdean bueltatuko da uhinetara. Ordura arte, Txapa irratiaren webgunean berreskuratu daitezke aurreko saioak.

SAIO GUZTIAK ENTZUNGAI
txapairratia.org/category/paradisu-zinema

2013-2014KO ONENAK
- Trenei buruzko monografikoa (#22)
- Searching for Sugar Man (#25)
- Tarantinoren filmografia, Danele
Sarriugarterekin (#34)