'7tik 3' antzezlanak irabazi du GT Misioa lehiaketa

'7tik 3' antzezlanak irabazi du GT Misioa lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/7tik-3-antzezlanak-irabazi-du-gt-misioa-lehiaketa/@@download/image/ekiozu_1360746155.jpg
2013/02/12
berria
'7tik 3' antzezlanak irabazi du GT Misioa lehiaketa
Gazte Txartelak aurten lehen aldiz antolatu du GT Misioa lehiaketa, eta aurkeztutako proiektuen artean euskal antzezlan amateur bat hautatu dute abuztuan Edinburgon egingo duten 2013 Edinburgh Festival Fringe-era eramateko. Donostiako lau neska gaztek prestatutako ‘7tik 3’ obra izan da lehiaketako irabazlea.


Ekiozu! egitasmoaren baitan, Gazte Txartelak GT Misioa izeneko lehiaketa antolatu du aurten lehenengoz. Euskal antzerki talde gazteei nazioarteko jaialdi ospetsuenetakoa denera, Edinburg Festival Fringe delakora, joateko aukera ematea du helburu, eta bide batez, euskal ordezkaritza bertan izatea.

Hala, lehiaketara aurkeztutako lanen artean 7tik 3 antzerki obra izan da garailea, eta abuztuan Edinburgora joan eta beren lana aurkezteko parada izango dute Elena Velasco, Maialen Goñi, Ane Fernandez eta Ane Sanchez obraren egileek.

Ikasle pisu batean...
Ikasle pisu batean bizi diren lau nesken istorioa kontatzen du 7tik 3 obrak. Azterketa garaian daude, etxean sartuta, hurrengo egunean duten probarako ikasten; gau bakarrean, haien arteko gora beherek eta uste gabeko gertaerek eztabaidak, barre algarak, negarrak, urduritasunak… eragingo dituzte sofa bakarreko egongela txikian, eta sexua, drogak, gurasoak eta beste hainbat gai, gazteen artean horren arruntak direnak, izango dituzte hizpide lau neskek, tonu ironiko bezain serioan.

Antzezlana euskaraz aurkeztuko dute Edinburgon, eta gidoiaren zati bat eskuratzeko aukera izango da Ekiozu! blogaren bidez.