AhoDubber zuzeneko itzultzailea aurkeztuko dute gaur Bilbon

AhoDubber zuzeneko itzultzailea aurkeztuko dute gaur Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ahodubber-zuzeneko-itzultzailea-aurkeztuko-dute-gaur-bilbon/@@download/image/201211202594aholab.jpg
2012/12/13
berria
AhoDubber zuzeneko itzultzailea aurkeztuko dute gaur Bilbon
Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak-ek eta EHUko bi taldek hartu dute parte AhoDubber-en ekoizpenean. Zuzeneko ikuskizunetan erabiltzeko itzultzailea da, eta gaur aurkeztuko dute Bilboko Harrobia Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroaren egoitzan. Aparailuak nola funtzionatzen duen konprobatzeko aukera izango da, gainera, hamabost minutuko ikuskizunaren bidez.

AhoDubber zuzeneko ikuskizunetara zuzenduriko hizkuntza-laguntzailea da, eta itzultzaileen moduan, hizlariena ez den beste hizkuntza batean emanaldia jarraitzeko aukera ematen die ikus-entzuleei.

Profesionalek diseinatua, zerbitzu berritzaile eta kalitatezko baten alde egiten du, eta antzerki eta dantza konpainiei, jarduera publikoetako antolatzaileei, unibertsitate, eskola eta elkarteei, eta baita ikuskizunak antolatzen dituzten enpresei ere zuzendurik dago.

Egitasmoa gauzatzeko beharrezkoa izan da Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuen eta EHUko bi talderen lankidetza; alde batetik, Arte Ederretako Arte eta Teknologia Sailaren, eta bestalde, Aholab Signal Processing Laboratory Telekomunikazio Ingeniaritza saileko irakasleekin osatutako diziplina anitzeko ikerketa taldearena.

Aurkezpen ekitaldia

AhoDubberen funtzionamendua erakutsi eta sistema jendaurrean aurkezteko, gaur, eguerdiko 12:00etan, ekitaldi berezia prestatu dute Harrobia Eskenan. Bertan Jules Verneren azken abentura ikuskizunaren hamabost minutuko antzezpena egingo dute, sistema nola inplementatu agerian jartzeko.