Asteazkenean hasiko dira GAZEk antolatutako topaketak

Asteazkenean hasiko dira GAZEk antolatutako topaketak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteazkenean-hasiko-dira-gazek-antolatutako-topaketak/@@download/image/gaze_programa_1367831570.jpg
2013/05/06
berria
Asteazkenean hasiko dira GAZEk antolatutako topaketak
Maiatzaren 8an, 9an eta 16an egingo dituzte GAZE Gazte Ekintzaile proiektuak antolatutako tailer eta ikastaroak. EHU, MU eta TKNIKA zentroetako ikasleei zuzendurik daude, eta parte hartzeko izena aldez aurretik eman behar da. Beraz, bizkor ibili gazte!


GAZE Gazte Ekintzale proiektua 2008an sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailaren babesarekin. Helburua goi-mailako ikasleen artean jarrera ekintzailea sustatzea da, eta horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta TKNIKA lanbide heziketa sareko ikasle bana izango dira aurtengo ‘Kolabora’k, hau da, GAZEren baitako ekimenak prestatzeaz, aurrera eramateaz eta ikasleekin harremana indartzeaz arduratuko diren hiru gazteak.

Hain zuzen, Julen Arrizabalaga donostiarra, Lierni Ortiz zegamarra eta Xabier Sanchez pasaitarra dira aurtengo ‘Kolabora’k. Lehena Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua egiten ari da MUn, bigarrena Ingeniaritza zibila EHUn, eta hirugarrena Adnministrazio eta Finantza gradua TKNIKAn.

Hiruek blog bat sortu dute berriki, eta bertatik azken albisteak eta programarekin lotutako gainerako informazioa eskaintzen dute.

Maiatzeko topaketak
Datozen egunetan, hau da, maiatzaren 8an eta 9an —asteazkena eta osteguna—, eta maiatzaren 16an —osteguna—, ikasleen topaketak egingo dituzte hainbat heziketa zentrotan. Ezagutza Besterentzeko Mintegiak izenpean, hitzaldiak, tailerrak eta solasaldiak eskainiko dituzte.

Maiatzaren 8an, esaterako, EHUko Gipuzkoako Campusean bilduko dira, goizeko 10:00etan. 14:00ak arte Dadoideiak mintzaldi tailerra, hamaiketako eta graffiti parte hartzailea egingo dituzte.

Ostegunean, aldiz, San Telmo museoan Fortuna Kirol Elkarteko Iñigo Etxeberriak eta Fernando Ibarretak, Jesus Eguimendia korrikalariak eta Hilario Olano gurpildun aulkian lehiatzen den atletak Behobia-Donostia lasterketari buruzko hitzaldia eskainiko dute 12:00etatik aurrera.

Eta datorren ostegunean azkenik, maiatzaren 16an, Mondragon Unibertsitatearen Irungo Campusean Irudimena GREENdartu izeneko gosari tailerra eskainiko dute Energia berriztagarrien eta jasangarrien alorreko enpresetatik etorritako gonbidatuek. Parte hartzeko eta ideiak eskuratzeko aukera politak izango dira hirurak.