Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren bosgarren edizioa, maiatzean Bergaran

Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren bosgarren edizioa, maiatzean Bergaran https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egubakoitzak-kartzelan-egitasmoaren-bosgarren-edizioa-maiatzean-bergaran/@@download/image/egubakoitzak_ka_1397204000.jpg
2014/04/11
berria
Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren bosgarren edizioa, maiatzean Bergaran
Urtero bezala, maiatzeko ostiralek erritmo lasaiak jarraituko dituzte Bergaran. Hilaren 2an hasi eta 23ra bitarte, hiru euroren truke, El_Txef_A, Lou Topet, Petti eta Enekora bezalako taldeak entzuteko aukera izango da 22:00etatik aurrera Kartzela Zaharrean.


Proposamen anitz eta interesgarriekin osatu dute Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren bosgarren edizioko egitaraua. Maiatzeko ostiral gauek soinu banda lasaia izan ohi zuten orain arte Bergaran; aurten, ostera, doinu elektronikoek eta musika klasikoak ere izango dute lekua. Emanaldiak Kartzela Zaharreko patioan egingo dituzte, formatu intimoan, eta Txapa irratiak 97.2 FM dialetik igorriko ditu emanaldiak, zuzenean.

Maiatzaren 2an abiatuko dute egitaraua. Aitor Etxebarriaren El_Txef_A proiektu elektronikoa eta Ibar Urizarren Amorante egitasmoaren folk doinuak izango dira entzungai lehen ostiralean. Hilaren 9an, aldiz, Lou Topet zarauztarrek eta Bakelite bikote bizkaitarrak eskainiko dituzte kontzertuak, eta Petti eta Isuo Sasiia bakarlariak ariko dira maiatzaren 16an. Azken egunean Bergarako Orkestrako soka taldeak hasiko du emanaldia, eta Enekora ikuskizun bereziak itxiko du egitaraua.

Sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dira Kartzela Zaharrean bertan, emanaldien aurretik. Animatu!