Hartu parte Kmovie lehiaketan!

Hartu parte Kmovie lehiaketan! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hartu-parte-kmovie-lehiaketan/@@download/image/kmovie_02_1393924509.jpg
2014/05/13
berria
Hartu parte Kmovie lehiaketan!
Kmoviea euskara ardatz duen ikus-entzunezkoa da, telefonoarekin nahiz kamera profesionalekin grabatutako lana, alegia, euskaraz komunikatzea, adieraztea eta bizitzea errealitatea dela ikusarazten duena. Irailera bitarte Kmovie lehiaketan parte hartu ahal izango duzu!


Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, eta Azkue Fundazioaren laguntzarekin, euskara eta teknologia berriak ardatz dituen Kmovie lehiaketa jarri dute martxan. Izenak, hain zuzen, euskara eta movie –ingelesez, filma– uztartzen ditu; izan ere, K hizkia oso maiz erabiltzen dugu gure hizkuntzan, eta gainera, plurala adierazten du. Hala ba, Bizkaiko Lurralde Historikoko gazteak eta haien arteko komunikazio bitartekoak ardatz dituzten bi minutuko filmak bildu nahi dituzte antolatzaileek, euskaraz bizitzea zilegi ez ezik, errealitatea ere badela ikusarazten dutenak.

Lanak bakarka nahiz taldean osatu ahal izango dira, eta nahi adina bideo bidaltzeko aukera dago, beti ere, irailaren 1a baino lehen helbide honetan sartu eta bertako formularioa betez gero. .mov, .mpeg4, .avi, .wmv, .mpegps, .flv, .3gpp eta .webm formatuetako batean aurkeztu behar dira, eta parte hartzaileek 18 eta 30 urte bitarte izan behar dituzte.

Ondoren, herritarrek hogei lan onenak hautatuko dituzte boto bidez, eta horien artean, lehen, bigarren eta hirugarren sariak banatuko ditu epaimahaiak. Eta adi, diru-sariak potoloak baitira: Lehen Saria 6.000 euro, Bigarren Saria 4.000 euro, eta Hirugarren Saria 2.000. Animatu!