Martxan da berso-eskola digital berria

Martxan da berso-eskola digital berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-bersoeskola-digital-berria/@@download/image/bertso_eskola_2_1358323093.jpg
2013/01/16
berria
Martxan da berso-eskola digital berria
Bertsozale Elkarteak, EHUko IXA taldearen laguntzarekin, www.bertso-eskolak.com webgunea garatu berri du. Bertsolaritzaren transmisioan eragiteko asmoz, hainbat baliabide jarri dituzte bertsozaleen eskura, hala nola, Bertsotarako Arbel Digitala eta Bertso-Eskolen Mapa.


Bertsotan ikasteko, bertsolaritza transmititzeko, elkarlana bultzatzeko eta bertsozale ororen tresna izateko helburuz sortu dute www.bertso-eskolak.com webgunea. Bertsozale elkarteak abiatutako proiektua da, eta egitasmoa aurrera eramateko EHUko IXA taldearen, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza baliatu du.

Hala, atari berriak hainbat erreminta eskaintzen dizkie erabiltzaileei, bereziki, beren jarduna hobetu eta hurbileko informazioaren eta aukeren berri izan dezaten.

Berrikuntzak, banan bana
Lehen berrikuntza nagusia Bertsotarako Arbel Digitala da. Manex Agirrezabal ikerlariak, IXA taldearen laguntzaz, sorturiko bertsoak egiten laguntzeko programa da, eta errima bilatzailea eta zuzentzailea, doinutegia, neurri zuzentzailea eta abar eskaintzen ditu. Arbela baliatuz, bertsotan trebatu ahal izango gara!

Bestetik, Bertso-Eskolen Mapa aurki daiteke, Euskal Herriko bertso eskolen kokalekua zehazteaz gain, haiekin harremanetan jartzeko aukera ematen duena. Urteroko datu eguneratuak eskaintzeaz gain, azken urtean aktiboki aritutako taldeen ezaugarriak barneratzen ditu.

Bertsolaritzaren Mapa, halaber, herri bakoitzean bertsolaritza zein egoeratan dagoen aditzera ematen duen tresna da. Xenpelar Dokumentazio Zentroak emandako datuetatik abiatuta osatu dute, eta azken urteetako bilakaera, saio kopurua, antolatutako lehiaketak, grabazioak eta beste hainbat datu biltzen ditu.

Eta azkenik, bertsolaritza gustuko duten horiengan pentsatuz, agenda, biografiak, doinutegia, bertso historikoak, bideoak, grabazioak eta abar jarri dituzte webgunean erabiltzaileen eskura.

Beraz, badakizue: sartu eta eman begiratu bat webgune berriari, informazio interesgarri ugari aurkituko duzue bertan eta!