Martxan da Huhezinemaren VII. edizioa

Martxan da Huhezinemaren VII. edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-huhezinemaren-vii-edizioa/@@download/image/huhezinema_2014_1387198042.jpg
2013/12/16
berria
Martxan da Huhezinemaren VII. edizioa
Urteroko ezinbesteko hitzordua bilakatu da dagoeneko Mondragon Unibertsitateak antolatzen duen Huhezinema, Euskal Film Laburren Jaialdia eta otsailaren 14ra bitarte zabalik da 2014ko martxoan egingo duten VII. edizioan lanak bidaltzeko epea. 


Ikus-entzunezko lanak egitea maite baduzu adi egon dagoeneko zabalik baitago Huhezinema Jaialdian izena emateko epea. Hiru sail ditu aurtengo edizioak: sail ofiziala, ikasleen lehiaketa eta, aurten bigarrenez antolatzen duten, Basque Cullinary lehiaketa bestetik.

Lehendabizikoan, sail ofizialean, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztutako lanak onartuko dira bakarrik eta epaimahaiak jasoko dituen lan guztien artean hiru aukeratuko dituzte. Laugarrena, berriz, sari banaketa ekitaldira gerturatzen diren ikusleek aukeratuko dute. Lehenak 1.200 euroko Goiena Saria jasoko du, epaimhaiaren sari bereziak 800 euro, aurtengo berrikuntza den Vertigo Sariak –ekoizpenerako edo banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen lanik hoberenak– 600 euro, eta azkenik, ikusleen sariak 400.

MU ikasleen lehiaketa
Bestetik, Mondragon Unibertsitateko ikasleei zuzendutako lehiaketa ere martxan da. Sail ofizialean bezala, partaideek aurkeztuko dituzten lanek 30 minutuko iraupena izango dute eta jasotako lan guztien artean epaimahaiak aukeraketa egin ondotik Aretxabaletako Arkupe Aretoko pantaila handian ikusgai izango dira.

Sail honetan hiru sari izango dira, fikziorik hoberenak 200 euro jasoko ditu, dokumental hoberenak beste 200 eta, azkenik, ikusleen sariak 100 euro. Azpimarratzekoa da lehiaketa honetan ikus-entzunezko ikasketen baitan taldetan egindako lanek lehentasuna edukiko dutela.

BCC lehiaketa
Basque Culinary Center (BCC) lehiaketa da, azkenik, Huhezinemaren azken zutabea. Aurten, bigarrenez emango den saria da hau eta gastronomia hoberen islatzen duen lanak eskuratuko du.

Azken lehiaketa hau Mondragon Unibertsitatean 2014an matrikulatuta dagoen guztiak hartu dezake parte eta edozein euskarritan egindako film laburrak bidali beharko ditu interesa duen guztiak. Aurreko bietan ez bezala, lanek ezingo dituzte 3 minutu baino gehiago izan, kreditu-tituluak barne. Irabazleak 350 euro eskuratuko ditu eta ikusleen saria ere izango da sail honetan.

Jatorrizko bertsioa euskara edo gaztelania ez den lanetan, euskarazko zein gaztelanizko azpitituluak bidali beharko dituzte partaideak eta hiru sailetako lan guztiak bidaltzeko azken eguna otsailaren 14a izango da. Beranduago bidaltzen diren lan guztiak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Animatu eta parte hartu!