Semaforo Ink: zure irudia Donostiako kaleetan

Semaforo Ink: zure irudia Donostiako kaleetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/semaforo-ink-zure-irudia-donostiako-kaleetan-2/@@download/image/semaforo_1397653772.jpg
2014/04/16
berria
Semaforo Ink: zure irudia Donostiako kaleetan
Graffitiak egitea gustuko duzu? Pentsamenduak eta sentimenduak iruditan islatzen trebea zara? Har ezazu parte GAZTEZULOk Olatu Talkan antolatu duen jardueran. Bakarka zein taldeka, bete Donostia kolorez!


Hogei semaforo erregulatzaile prestatu ditugu Donostian zehar zuk zure ekarpen artistikoa burutu dezazun. Parte hartu nahi dutenen artean esleituko dira semaforo erregulatzaileok bakoitzak berak nahi duen irudia berauetan egin dezan. Hamasei urtetik gorako pertsona orok parte hartu dezake, bakarka zein taldean, eta graffitia edota bestelako esku-hartze artistikoa maiatzaren 23, 24 eta 25ean egingo da, 10:00etatik 18:00etara bitartean.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 9an amaituko da, eta ordurako, parte hartzaileek egingo duten irudiaren bozetoa aurkeztu beharko dute. Gaia librea izango da, bozetoek jatorrizkoak izan beharko dute eta letrak, grafikoak edo irudiak besterik ez dituzte izango. Eduki alderdikariak, lotsagabeak, lizunak, xenofoboak, sexistak edo pertsonen edota giza eskubideen duintasunaren aurkakoak dituzten lanak ez dira onartuko. Antolatzaileek 30 euroko laguntza emango dute semaforo erregulatzaile bakoitzeko irudia egiteko beharrezkoa den materiala erosteko. Gastua faktura bidez justifikatu beharko da.

Proposamenak komunikazioa@gaztezulo.com helbidera bidali behar dira. Mezuan ondoko informazioa helaraziko da:
- Bozetoa, A4 tamainan egina.
- Parte hartzailearen (edo taldeko arduradunaren) izen-abizenak.
- Harremanetarako telefono zenbaki bat.

Parte hartzaileei maiatzaren 14an jakinaraziko zaie hiriko zein semaforo erregulatzaile egokitu zaien; helbidea eta mapa bat emango zaizkie. Hogei proposamen baino gehiago jasoko balira, Olatu Talkako eta GAZTEZULOko arduradunek hogei proposamenik onenak hautatuko lituzkete.

Oharra: Antolatzaileek parte hartzaileen jardunak grabatu ahal izango dituzte eta/edo haien argazkiak egin, baita gero erreproduzitu eta/edo erakusketak egin ere.