Uda honetan, hartu parte gazteentzako auzolandegietan

Uda honetan, hartu parte gazteentzako auzolandegietan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uda-honetan-hartu-parte-gazteentzako-auzolandegietan/@@download/image/auzolandegiak_0_1400830469.jpg
2014/05/23
berria
Uda honetan, hartu parte gazteentzako auzolandegietan
UEUk, Aranzadi Zientzia Elkarteak, EHUk eta Udalbiltzak 18 eta 30 urte arteko gazteentzako bi auzolandegi antolatuko dituzte udan. Gazteen prestakuntza sustatu eta gure herriaren oroimen historikoa berreskuratzea dute helburu, eta matrikula ekainaren 27ra bitarte egin ahal izango da.


Gerra Zibila eta Erdi Aroa izango dituzte hizpide uztailean Adunan, Asteasun eta Zizurkilen (Gipuzkoa) batetik, eta Galipentzun (Nafarroa) bestetik egingo dituzten bi asteko auzolandegiek. Gazteen ezagutza-gosea asetzeaz gain, kultur ondarea eta herri nortasuna lantzen laguntzeko balioko dute, eta parte hartzaileek bisitak egingo dituzte, hitzaldietara joango dira eta klaseak jasoko dituzte, besteak beste, ikerlari eta arlo ezberdinetako profesionalen eskutik.

Barnetegiak 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzentzen zaizkie, eta izena emateko epea ekainaren 27ra bitarte izango da zabalik. Auzolandegiak, ordea, uztailean egingo dituzte: hilaren 7tik 20ra lehenena, eta 21etik abuztuaren 3ra bigarrena. Orotara 80 orduko iraupena izango dute, eta 150 euroko kuota ordaindu beharko da.

Bereziki Euskal Herriko historia eta antzeko gaiekiko zaletasuna duten gazteengan pentsatuta antolatutako ekimena da, batetik bestera ibili, tokian tokiko bizilagunekin mintzatu, azterketak egin, eta bereziki, elkarlanean ongi pasatzeko gogoz dauden horientzat aproposak. Noski, bi asteko egonaldirako motxila prestatzea ezinbestekoa izango da! Abentura ziurtatuta dago!

Ikastegiak


Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila
1936ko abuztuan eta irailean matxinada frankistari aurre egiteko lehenengo erresistentziako antolakuntza eta enfrentamenduak Tolosaldean gauzatu ziren, Aduna, Asteasu eta Zizurkil udalerrietan, orain arte ahanzturan egon dira. Auzolandegiko lanik handiena, bertako udal eta kultur elkarteekin batera, mendi aldean gelditzen diren trintxerak eta aztarnak arkeologikoki dokumentatzea eta garbitzea izango da.


Nafarroako mugak Erdi Aroan

Nafarroako hegoaldean dagoen herri txiki honek Erdi Aroko eraikuntza erromaniko eta alde zahar oso berezi eta aipagarriak ditu. Bertan eraikuntzak eta ingurumena uztarturik, oso paisaia berezia garatu da, non natura eta kultura uztartzen diren. Inguru horretako herri txiki hauek azken hamarkadetan despopulazio-prozesu nabaria izan dute, eta programa honen bitartez, beraien kultur ondarea eta herri-nortasuna lantzen lagundu nahi da unibertsitatetik eta erakunde zientifikoetatik.