Zabalik da Hogei’ta egitasmoaren baitako lehiaketetan parte hartzeko epea

Zabalik da Hogei’ta egitasmoaren baitako lehiaketetan parte hartzeko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-hogeita-egitasmoaren-baitako-lehiaketetan-parte-hartzeko-epea/@@download/image/hogeita_2_1361436208.jpg
2013/02/21
berria
Zabalik da Hogei’ta egitasmoaren baitako lehiaketetan parte hartzeko epea
Euskal Kultur Erakundeak eta Biarritzeko Atabalek elkarlanean, Hogei’ta egitasmoaren baitan, irudia eta musika bateratuko dituen proiektu lehiaketa jarri dute abian. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 30era bitarte izango da zabalik, eta irabazleak 13.000 euroko laguntza jasoko du proiektua aurrera eramateko.


Euskal kulturako elementuak, hala nola, hizkuntza, historia eta jendartea, beste ikuspegi batetik lantzen dituzten proiektuak ezagutaraztea da Hogei’ta egitasmoaren baitako lehiaketa berri honen helburua. Izan ere, Euskal Kultur Erakundeak gure kulturaren aniztasuna gazteen artean sustatzeko asmoz sortutako egitasmoa da Hogei’ta.

Oraingo honetan, beraz, Biarritzeko Atabalekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako eta Aquitaniako azpiegiturak bildu dituzte, eta irudia eta musika bilduko dituen proiektuak ezagutzeko lehiaketa antolatu dute. Artistei, artista kolektiboei eta elkarte artistikoei zabaldu diete deialdia, beti ere, musikaren eta irudiaren alorrean aritzen diren horiei.

Lehiaketa
Eskatzen dietena zera da: beren proiektuaren nondik norakoak zehaztea, aurrekontua eta egitasmoko kideen ezaugarriak ere barneratuz, eta dokumentu guztiak apirilaren 30a baino lehen EKEra eta Atabalera posta arrunta bidez bidaltzea, eta baita Internet bidez ere.

Ondoren, hainbat adituz osatutako epaimahaiak proiektuen originaltasuna, definizio teknikoa, egutegiaren zehaztasuna, aurrekontua eta parte hartzaileen mugikortasuna kontuan harturik, proiektu irabazlea nor den ebatziko du. Eta honek 13.000 euroko diru-laguntza eta Aquitania nahiz Euskadiko musika azpiegiturak eskura izango ditu proiektua garatu ahal izateko.

Beraz, euskal kulturaren lanketa irudi eta musika bidez gauzatzeko proiektu bat eskuartean baduzu, hau da zure aukera!