Zabalik da Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroetan izena emateko epea

Zabalik da Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroetan izena emateko epea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zabalik-da-udako-euskal-unibertsitatearen-ikastaroetan-izena-emateko-epea/@@download/image/ueu_udakoikasta_1400233818.jpg
2014/05/16
berria
Zabalik da Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroetan izena emateko epea
Iazko arrakasta errepikatzeko asmoz eta jakintza eta pertsonak saretzeko helburuarekin, udako 42 ikastaro antolatu ditu aurten Udako Euskal Unibertsitateak (UEU). Ekainaren 30etik uztailaren 23ra bitarte gauzatuko dira guztiak eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko.


Guztira 42 ikastaro antolatu ditu UEUk aurtengo edizioan. Horietatik 26 egingo dituzte Eibarko Ikastetxe Nagusian, 8 Baionako AEKn eta azken 8ak, aldiz, Iruñeako Jaso Ikastolan. Artea eta musika, giza zientziak, gizarte-zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientziak eta jardunaldiak dira sailkapen orokorrak eta aukera guztiak hiru formatu desberdinetan aurkeztu dituzte antolatzaileek. Batetik, ikastaroa egin ahal izateko aurretik derrigorrezkoa jakintza maila bat duten pertsonei zuzendutako ikastaro espezializatuak; bertzetik, interes orokorreko dibulgazioko ikastaroak, aurretik jakintza maila zehatzik behar ez dutenak; eta azkenik, garapen pertsonaleko ikastaroak.

Maiatzaren 12an ireki zuten matrikula egiteko epea eta ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago itxiko dute. Izen-ematea UEUren webgunearen bitartez egin daiteke eta matrikula-prezioak ezberdinak dira ikastaroaren iraupenaren arabera. Interesa duen guztiak informazio guztia eskuragarri izango du UEUren webgunean eta sare sozialetan.

Beherapenak eta diru-laguntzak

Antolatzaileek, urtero bezala, parte hartzeko gonbita luzatzen dute eta interesa duen guztiak aukera hau ez galtzeko asmoz, laguntza interesgarriak jarri dituzte aurten. Hasteko, ikasle, langabetu eta jubilatuek beherapena edukiko dute. Bizkaitarrek, unibertsitateko ikasle eta ikasle-ohi langabetuak izateagatik, matrikula, egoitza eta joan etorria doan edukiko dute eta gipuzkoarrek ere abantailak izango dituzte zentzu honetan: ikasle, langabetu eta erretiratu donostiarrek diru-laguntzak jasoko baitituzte. Azkenik, Euskal Herriko hainbat udalek ere diru laguntza deialdiak zabalduko dituzte.

Info gehiago:


Irati Iciar (Udako Ikastaroen arduraduna)
Telefono zenbakia: 943 82 14 26
Emaila: i.iciar@ueu.org
www.ueu.org