| Kaixo. Aspalditik ari naiz sexuaz gozatzen. Baina oraindik mina ematen dit. Hasierako momentuan soilik izaten da, gero kentzen joaten da. Baina ez dut hasieratik gozatzen eta bikoteari ere min ematen diot. Zergatik gertatzen zait hori? Lubrikantea izan daiteke soluzioa? Nola jarri behar da? Eskerrik asko!! |
| haizea |
Kaixo Haizea!
Gaztezulon zure mezua jaso dugu. Eskerrik asko zure kezkak gurekin konpartitzeagatik!
Zure kontsultan diozunez, topaketa erotikoetan mina sentitzen duzu. Ez diguzu esaten neska edo mutil batekin gertatzen zaizun eta zer egiten zaudenean, horregatik, nik aurresuposatuko dut, mutil batekin bagina sarketa egiten duzunean dela. Oker baldin banago, idatzi iezadazu mezu bat egoera erreala azalduz, bai?
Beraz, suposa dezagun egoera horretan, sarketa egitean, min sentitzen duzula bai zuk eta bai berak ere. Horrelakoetan, lehen gauza, kausa fisikoa deskartatzea da eta horretarako, hiru gauza egin ditzakezue:
1. Zu ginekologoarengana joan eta hark zuri esplorazioa egitea. Jakin behar dugu zure himena nola dagoen.
2. Zure bikotearekin hitz egin. Berak, masturbatzerakoan, mina sentitzen du? Prepuzioak tira egiten dio? Frenilloak tira egiten dio?
3. Zure bikotea medikuarengana joatea, urologoa edo andrologoarekin hitz egitea jakiteko ea zakilean dena ongi doan. Osakidetzatik eginez gero, lehenengo famili medikuarengana joan behar du eta hark esango dio nola antolatu mediku espezialista (andrologo edo urologoa) bixitatzeko. Zure kasuan ere, ginekologoa bixitatzeko, prozesua berbera da.
4. Bestetik, lubrikantea ez baduzue erabili oraindik, proba egitea oso ideia ona iruditzen zait. Horrelakoetan, SILIKONAZKO lubrikantea probatzea da aholkagarriena. Denda erotikoetan saltzen dena. Beste lubrikante batzuk ere badaude, urezko basea dutenak. Urezko basea dutenak, zaporezkoak izan daitezke baina lehortu eta likatsu gelditzen dira, horregatik, bagina sarketarako silikonazkoak askoz aholkagarriagoak dira.
5. Postura desberdinak probatzeak ere lagundu dezake soluzio bat bilatzen.
6. Bestetik, sarketa ez den beste hainbat jokabide erotikoz gozatzen jarraitzera gonbidatzen zaituztet. Bagina sarketa ez baita ez jokabide garrantzitsuena ez eta hoberena ere, besteen artean bat baizik.
Espero dut aurrerapausoak emateko aukera berriak eman izana. Beste edozein zalantza sortuz gero edo aipatutako zerbait argi geratu ez balitz, badakizu non nagoen.
Ongi pasa.
Nerea Sancho
Psikologoa eta Sexologoa
|
|
|