| Gau batean, egitera nindoanean ez zitzaidan tente jarri; zergatik da hori?? arazoren bat al dut?? |
| andoni |
Kaixo lagun!
Mila esker gurekin kontatzeagatik zure zalantzak argitzeko. Zure kontsultan diozunez, zure zakila tente jartzea espero zenuen egoera batean, zure zakila ez zen tente jarri eta jakin nahi duzu ea arazoren bat duzun.
Beste daturik gabe, zaila da zehatz mehatz erantzutea, baina saiatuko naiz pista batzuk ematen.
Beharbada, sexukide batekin zeuden eta sarketa egin nahi zenuen Eta zakila tente jartzea nahi zenuen. Asmatzen ari naiz? Ez bada hala, zuzen nazakezu. Egoera hori balitz, kontuan hartu beharko genituzke gutxienez, bi gauza:
Batetik, gauez zela diozu eta agian alkohola aski edanda izan zen. Hala izatekotan, baliteke alkoholak zutiketa zapuztu izana. Nahiz eta kitzikatuta edo eszitatuta egon, zure zakilak fisikoki ez zuen horrekin bat erantzun. Hori nahiko ohikoa dela esan daiteke.
Beste aukera bat da zuk zure burua zakilan zentratuegia eduki izana eta ez hainbeste zure kitzikapenean. Batzutan, gerta daiteke, mutilek ondo gelditu nahi izatea edo zuen burua behartuta sentitzea neurria ematera. Horrek presioa dakar zuentzako. Presiopean zakila tente edukitzea ez da erraza.
Zakilaren gogortzea ez da borondatez gertatzen den zerbait, dakizun bezala. Bere kaxa doala esan daiteke. Zuk estimuluak gutxi gora behera kontrola ditzakezu (aldizkari erotiko bat begiratu ala ez, adibidez) baina askoz gehiago ezin da egin. Gure gorputzak bi nerbio sistema nagusi ditu: nerbio sistema zentrala eta autonomoa. Zentralari esker, hitz egin, pentsatu etab. egin dezakegu, hau da, borondatez egiten duguna bere ardura da. Baina sistema autonomoa bere kaxa doa. Adibidez, eskua berogailu gainean jarri eta erre egiten bagara, bat-batean, eskua bertatik kentzeko erreakzioa izango dugu.
Nerbio sistema autonomoa bitan banatzen da: sistema parasinpatikoa eta sistema sinpatikoa.
Hortaz, zakilaren gogortzea ezin dugu kontrolatu, nerbio-sistema parasinpatikoaren menpe dago. Orokorrean, erlaxazioarekin lotuta dagoela esan daiteke; kasu honetan, plazerarekin.
Beldurrek, kezkek
, ordea, nerbio-sistema sinpatikoa jartzen dute martxan.
Bi sistema hauek (parasinpatikoa eta sinpatikoa) ezin dira aldi berean martxan egon. Olerkariek esan ohi duten bezala, eguzkia eta ilargia bezala: bata dagoenean, besteak ezin du egon. Eta beraz, kezkatuta baldin bagaude, zakila ez da gogortuko. Gure burua behatzeari, zakila behar bezain gogor dagoen behatzeari kezkatuta egotea dei diezaiokegu eta.
Baita ere, gerta daiteke, ondokoarekin egon nahi izatea baina gure burua kitzikatuta ez sentitzea, haren presentziak gu bero ez jartzea. Kasu horretan, baloratu beharko dugu sexukide aproposa ote den ala ez. Esan nahi dut, agian buruak esaten digu harekin egotea komeni zaigula baina ez dugu eszitaziorik sentitzen, sentipenak ez datoz bat buruarekin.
Ez dakit honekin guztiarekin gertatutakoa argitu ahalko duzun, espero dut pixka bat gehiago ulertzen laguntzea. Edozein kasutan, ia gizon guztiei gertatu zaie halako zerbait noizbait, eta horrek ez du esan nahi beti gertatuko denik; ezta gutxiago ere!
Beste edozein zalantza sortuz gero, badakizu hemen gaudela.
Ongi izan.
Nerea Sancho
Psikologoa eta Sexologoa
|
|
|