azken zenbakia

..kioskoan salgai..
datorren zenbakia
zenbaki zaharrak
sexua
sarezulo
literatura
zinema
musika
kirolak
protagonistak
fotomaton
fotomaton
iruditan
beste atalak
Buletina jaso
harpidetza
zinema | etxean dvdan ikustekoak
antolatu honi jarraiki:
75. zenbakia | 2007/06
Last Days ****
Zuzendaria: Gus Van Sant. Aktoreak: Michael Pitt, Lukas Haas, Asia Argento, Scott Green. Generoa: drama. Herrialdea: AEB. Urtea: 2005. Iraupena: 97 minutu. 
- Iñaki Lazkano -
Kurt Cobain musikariaren bizitzaren azken egunak samintasun handiz islatzen ditu Gus Van Sant finak drama gordin eta deseroso honetan. Hala, Nirvanaren kantariaren espiritu oinazetuaz zizelatzen du zuzendariak protagonistaren arima urratua. Soinu bandan, ordea, ez dago Nirvana talde entzutetsuaren abestirik. Ezta grunge taupada kraskatuen orrorik ere. Abeslari malapartatuaren heriotza iragartzen duten kanpai hotsak besterik ez. Narrazioa ezohikoa da. Iluna. Geldoa. Zatikatua Elephant uherrean baino apurtuagoa. Bakardadeaz eta krisi existentzialaren zigorraz astintzen du Van Santek ikuslearen sentiberatasuna. Formalismo iraultzaile bezain idorraz. Ez da film erraza. Patroi guztiak txikitzeaz gain, izua bihotzean ereiten digulako.
75. zenbakia | 2007/06
Hana ***
Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda. Aktoreak: Junichi Okada, Rie Miyazawa, Tadanobu Asano. Generoa: komedia. Herrialdea: Japonia. Urtea: 2006. Iraupena: 127 minutu. 
- Iñaki Lazkano -
Zinema japoniar garaikideko egilerik iradokitzaileena da Hirokazu Kore-eda. After Life harrigarriarekin zur eta lur utzi zituen zinemazale guztiak aspalditxo Donostiako Zinemaldian. Nobody Knows drama laudatuak, aldiz, zinema sortzaile handi bihurtu du. Samurai xalo baten pasadizo xelebreak dakarzkigu Kore-edak dramaren mikatzaz zipriztindutako komedia sotil honetan. Aita hil zuen gizonaren aurka mendeku hartzeko asmoz iritsi da Aoki samurai gaztea Edo hirira. Ezpatarekin ez da oso trebea mutila, eta lege zaharreko samuraien mesprezua jasoko du berehala. Nolanahi ere, alargun eder baten maitasunak eta haurren irribarreak kaiolatuko dute haren bihotza. Mendekuaren aurkako alegatu samur bezain sentibera da.
75. zenbakia | 2007/06
Hostel 2 **
Zuzendaria: Eli Roth. Aktoreak: Lauren German, Bijou Phillips, Heather Matarazzo, Jay Hernandez. Generoa: beldurra. Herrialdea: AEB. Urtea: 2007. Iraupena:  93 minutu. 
- Iñaki Lazkano -
Kultuko zinemagile bihurtu zuen Hostel pelikulak Eli Roth. Beldurrezko zinema garaikidearen ikono berria, alegia. Quentin Tarantino ekoizlearen babesik gabe nekez uler daiteke bere arrakasta, ordea. Dena dela, film hura irudimena, suspensea eta odola ezin hobeto uztartzen zituen beldurrezko ekoizpen txukuna zela aitortu behar dugu. Fresko-freskoa. Oso bestelakoa da Hostel 2, egiazki. Istorioa bertsua da. Kasu honetan, baina, Eslovakiako herri galdu bateko ostatu ilunera asteburua pasatzera doazen hiru neska estatubatuar dira protagonista. Oharkabe, odolzale makur batzuen biktima bihurtuko dira. Tamalez, oraingoan Eli Roth gainbaloratua autoplagioan hondoratzen da ezusterik eta distirarik gabeko film gore arrunt honetan.
75. zenbakia | 2007/06
Bajo las estrellas ***
Zuzendaria: Felix Viscarret. Aktoreak: Alberto San Juan, Emma Suarez, Julian Villagran, Violeta Rodriguez. Generoa: komedia / drama. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2007. Iraupena: 100 minutu. 
- Iñaki Lazkano -
New Jerseyn ikasten ari zela, mundu guztia ahoa bete hortz utzi zuen Dreamers film laburrarekin Felix Viscarret nafarrak. Urte batzuk geroago, Fernando Aranbururen El trompetista del Utopia eleberria oinarri hartu du estreinako filma errodatzeko. Lizarran, zinemagilearen herrian bertan, girotutako komedia gazi-geza da Bajo las estrellas; sentimendu samur eta saminez blaitutako zeluloide puska. Madrilgo tabernazulo ilunenetan bizitza xahutuz doan tronpeta jotzaile tristea da Benito. Aita hilzorian dagoela jakin ostean, jaioterrira itzuliko da. Hantxe, anaia xaloarekin, galdutako maitasunarekin eta bihotza lapurtuko dion neskatilarekin egingo du topo. Ez da biribila, baina film inperfektuen lilura du.  
75. zenbakia | 2007/06
La soledad ****
Zuzendaria: Jaime Rosales. Aktoreak: Sonia, Almarcha, Petra Martinez, Jesus Cracio. Generoa: drama. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2007. Iraupena: 130 minutu. 
- Iñaki Lazkano -
Maitasuna agortu zaio Adela gazteari. Sentimenduak zendu zaizkio bat-batean eta ito egiten ari da Leongo herrixka galdu batean. Urtebeteko semetxoa besoetan hartu eta Madrilera egingo du ihes; bizitza berri bati ekiteko itxaropenez. Halabeharrak, ostera, bihotza urratuko dio. Las horas del dia apartaren egileak pelikula gordina dakarkigu. Jaime Rosalesek estetika berezia darabil istorioari darion errealismo mikatza areagotzeko. Film gogorra da oso, baina bertan ez dago ohiko melodramatxo kerratuen teknika negar-eragilerik inondik ere. Istorioa kontatzeko modua lehorra da. Hotza. Biluzia. Bakardadearen saminaz eta heriotzaren zirrara ilunaz tindatzen du-eta zinemagileak drama etsitu hau. Hunkigarria, benetan.
<<1 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | ... >>
facebook twitter youtube
agenda
etxekoak
bideoak EuskalDownhill elkartea


 
lege oharra
diseinua & garapena: eragin.com